Euskaltzale, plazara!

Guaixe 2013ko aza. 29a, 10:25

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren kontura Euskaltzaleen Topaguneak Euskarak 365 Egun lema duen kanpaina martxan jarri du, Sakanan Irurtzungo Aizpea euskara taldeak eta Bierrik fundazioak garatuko dutena. Euskarak 365 Egun ekimenaren bidez euskaltzaleei plazara ateratzeko deia egin nahi izan dute antolatzaileek. Euskararen normalizazioan euskaltzaleek egindako lanaren aldarrikapena egin nahi du Topaguneak. Gainera, etorkizunean ere hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin die euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik (euskaltzale elkarteetatik, bestelako gizarte mugimendutatik, erakundetatik edo enpresatatik) euskaraz bizitzeko aukerak sortzen segitzeko deia. Sakanarako deiaGaurko Guaixe astekariaren ale bakoitzean Euskarak 365 Egun ekimeneko kartela banatu da. Aizpeatik eta Bierriketik dei bikoitza egin zaie sakandarrei. Batetik, kartela egoki jotzen duten tokian jartzeko: balkoian, lantokian, ikastetxean... Hori egin aurretik kartelarekin argazki bat egin eta www.365egun.eu atarira bidaltzea proposatzen da. Urteko egun guztietan euskaraz bizi nahi duten komunitate euskaltzalearekin bat egiteko gonbitea hain zuzen. Dagoeneko zenbait sakandarren argazkiak ikusgai daude. Aizpea euskara taldea Irurtzungo hainbat talderen argazkiak egiten ari da eta haiekin kanpainaren leloa duen mosaikoa osatzeko asmoa du.