Durangorako bidean

Guaixe 2013ko aza. 29a, 10:06

Halaxe jarriko dira sakandar asko abenduaren 5etik 8ra. Guztiak ere Durangoko Azokaren 48. edizioa izanen dute helmuga. Landako erakustazokan 122 parte-hartzailek jarritako 238 standetan 353 nobedade izanen dira ikusgai. Haien artean, esaterako, Castillo Suarezen Erikaren ttilikak (2013, Aizkorri), Dora Salazarren Bizkaia, emakumeen begiradan (2013, BFA) eta Jon Arretxeren 612 (2013, Erein) liburuak edo Hesian taldearen zuzeneko diskoa opatzeko aukera izanen da.  Durangora joaten den bisitariak Azoka Hiriarekin topo eginen du. Izan ere, Landakotik Durango guztira zabaldu da azoka eta hiriko hainbat espazio kultura eskaintzez beteko dituzte. Horrek programazioa aberastea ekarri du. 700 metroko tartean, 5 minutuko paseoan euskal kulturaren arlo eta diziplinak ezagutzeko ibilbidea proposatzen du aurten azokak. Landakon, ohi bezala, liburu eta diskoak opatzeko aukera izanen da. Erakustazokan sartu eta eskuinean Kabi@n egonen da, kultura digitalaren plaza. Erdi partean, berriz, Areto Nagusia (euskal kulturaren zabalkunderako gunea). Aldamenean Saguganbara izanen da (familia osoari eskainita), Plateruena ondoan (kontzertuak). Trenbidea zena zeharkatuta Ahotsenearekin topo eginen du bisitariak (sortzaileek aurkezpenak egiten dituzten espazioa). Zugaza zinemak Irudienea hartuko du, euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa. Eta han bertan dago artisau azoka ere. Aurrera eginez eta ibaia zeharkatu ondoren, San Agustin kultur gunean Szenatokia izanen da, euskarazko antzerkigintzaren eremua.