Sexu indarkeria, lehen mailako arazoa

Guaixe 2013ko aza. 28a, 18:44

Eta mundu guztian. "Indarkeria matxista gizarte, politika eta kultura arazoa da, gizonek emakumeengan ezartzen duten botere erlazioan eta zapalketan gauzatzen da".  Hori baieztatu zuten astelehenean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Ezabapenerako nazioarteko egunaren kontura Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak antolatutako kontzentrazioetan. Bi erakundeetako ordezkariek gaineratu zuten sexu-erasoak ez direla kasu isolatuak, ezta bikote erlazio soilak ere. "Emakumeenganako indarkeriak ez du mugarik, egiturazkoa da eta modu askotan azaltzen da; arlo guztietan eta gizarte, politika, kultura, justizia eta ideologia engranaje guztian presente dago". Horren guztiaren ondorioz emakumeen hiritartasuna gauzatzea trabatu, gelditasuna bultzatu eta emakumeen gorputzen gaineko kontrola sustatzen dela adierazi zuten. Sexu-indarkeriari emandako erantzuna gizarte guztiak eman behar diola nabarmendu zuten. Aldi berean, egiturazko aldaketa sakonak eskatu zituzten, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko botere erlazioak ezabatuko dituztenak. Emakumezkoen independentzia eta autonomia bermatuko duten baliabideak ere aldarrikatu zituzten. Etxarri Aranatzen 30 bat bildu ziren Erasoen aurrean, autodefentsa leloa zuen pankartaren atzean. Altsasun, berriz, 45 bat izan ziren elkartu zirenak indarkeria sexistarik ez leloaren atzean. Parte-hartzaileaEtxarrin egindako kontzentrazioa "dinamikoa" izan zen. Bildutakoen artean hitzak zituzten paperak banatu zituzten. Haiekin jendeak bi panel osatu behar izan zituen. Batean ikusten diren eta ez diren tratu txarren piramidea irudikatu zuten (erailketa goian, beheko mailetan irainak, mehatxuak, baliogabetzea, publizitate, hizkuntza edo umore sexista). Bestean, auto eta defentsa galderei erantzuna eman behar zieten. Esaterako, emakumezkoak euren buruaren jabe izan nahi dutelako, salbatzailerik nahi ez dutelako edo defentsa fisikoaz aparte eguneroko erasoen aurrean izan beharreko jarrera (norberaren buruarekiko errespetuan eta autoestiman oinarrituta). Bukarean denen arteko elkarrizketa sortu zen.