Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko 6 txapel ditu Floren Nazabalek eta zazpigarrena lortzeko asmoz lehiatuko da abenduaren 8an Elgoibarren. Berarekin batera ondoko aizkolariak ariko dira final handian: Unai Otaño, Iñaki Azurmendi, Jon Rekondo, Aitzol Atutxa eta Jose Mari Olasagasti.Floren Nazabal sasoi betean dago eta egun gainontzeko aizkolariak baino koska bat gorago dago. Bera da txapela janzteko faborito nagusia, ezbairik gabe. Berriki Nafarroako txapela jantzi zuen, modu ikusgarrian, Jon Rekondori 4 minutu eta 9 segundo aterata. Etxarriarra inoiz baino hobeto dago eta badirudi oraindik mugara ez dela heldu. Dena den, Euskal Herriko finalean arerio gogorragoak ditu etxarriarrak, ustez gehiago estutuko dutenak. Kanporaketan etxarriarra gailendu zen, baina Unai Otañori 34 segundo ateraz. Hain zuzen ere Otaño, Azurmendi eta Rekondo izango dira bere arerio nagusiak finalean. Ea Nafarroako txapelketan eman zuen maila bikaina ematen duen. "Oraintxe bertan sinatuko nuke hori" adierazi zigun etxarriarrak aurreko larunbatean Lakuntzan, Juanjo Lopez Azpilikuetarekin erakustaldia egin ondoren, irribarrez. Zorterik onena opa diogu etxarriarrari eta ea Euskal Herriko zazpigarren txapel hori Etxarrira datorren.