Kultura-arteko bitartekari boluntarioak trebatzen

Guaixe 2013ko aza. 28a, 10:25
Mank-ek 13 sakandar berri prestatu ditu Magrebeko eta ibarreko kulturen arteko zubiak lanak egiteko.

Hainbat arlotako profesionalen aldetik eskatu izan zaio Immigrazio Zerbitzuari bitartekoak jartzeko, bereziki Afrika ipar-mendebaldeko, Magrebeko, pertsonekin hartu-emanak errazteko, bai hizkuntza bai kultura arloan. Horrela, duela ia 4 urte Immigrazio Zerbitzuak Bitartekaritza Zerbitzua jarri zuen martxan eta han Magrebeko pertsonak aritzen ziren. Hizkuntza eta kultur bitartekaritza egiten zuten ikastetxe, osasun etxe eta beste hainbat arlotan. "Hasieratik oso baikorki baloratua izan zen zerbitzua, baina zailtasun ekonomikoko egoeragatik ezin izan zaio jarraipena eman", azaldu digu immigrazio teknikari Bego Zestau Baraibarrek.

Zerbitzurik ez baina elkar ulertzeko premiak, bi kulturen arteko bitartekaritza premia segitzen du Sakanan. "Magrebeko eta bertako kulturen arteko bitartekaritza, elkar uler dezagun, elkar ezagut gaitezen, eta hobe bizi gaitezen elkarren ondoan". Bitartekaritza Zerbitzua jarraipena emateko, boluntarioen aukera aztertu zen eta, horregatik, estreinakoz ikastaroa antolatu du Mank-ek, Magrebdar jatorriko saskandarrak trebatzeko, bi kulturak ezagututa bitartekari izan daitezen.

 

Ikastaroa

Kultura-arteko bitartekaritza ikastaroan 13 sakandar berrik parte hartu dute azaroan. Irurtzunen sei emakumek parte hartu dute ikastaroan. Atzo bukatu zuten ikastaroa. Altsasun bi emakumezko eta bost gizonezko trebatu dira kultura-arteko bitartekari izateko. Zazpikoteak bihar despedituko du ikastaroa. Saio praktikoak izan dira eta gehienak Immigrazio Zerbitzuak eman ditu, baina Sakanako beste arloetako profesionalak ere aritu dira.

Batean eta bestean parte hartze handiarekin eta primeran joan dira ikastaroak. Abiapuntua egunerokotasuna izan da eta horrek makina bat gai lantzeko aukera eman die: aurre-iritziak, estereotipoak, bazterkeria, bitartekotza (definizioa, motak eta esparruak), kultura (definizioa, artekotasuna, aniztasuna, asimilazioa, integrazioa...), bitartekari (ezaugarriak, funtzioak, etika...), datu babesa, konfidentzialtasuna, euskara edo esparru anitzetako informazioa eta bitartekotza premiak (udalak, osasuna, gizarte zerbitzuak, ikastetxeak...).

Zestauk azaldu digunez, ikastaroak giro alaian garatu dira. "Parte-hartzaileak asko ikasi izanaren sentipena dute eta euskara ikasteko ikastaroak eskatu dituzte bi taldeek". Gaineratu duenez, "elkarrekiko ditugun aurre-iritzi eta estereotipoei aurre nola egiteari ere arreta jarri diote". Immigrazio Zerbitzuaren berri bazutela ere nabarmendu du Zestauk. Ikastaroak luzeagoak izatea estimatuko luketela gaineratu dute. Esperientzia baikorra eta premiazkoa izan dela ziurtatu digu immigrazio teknikariak. Hamahiruak prest daude boluntarioki bitartekari lanak egiteko.