Batuta: 15 ekintzaile, 4 proiektu

Guaixe 2013ko abenduaren 11

Haien berri eman eta finantzabideak lortzeko Ardo Azoka antolatu dute astebururako Altsasuko Gure Etxean. Ibarreko ekintzaileen, enpresarien eta sakandarren topaleku izatea nahi dute

Batuta Altsasuko bulegotik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin aurrera aterako ekimena da; SNEINN (Sakana Nafarroa Ekintzaile eta Berrikuntza) programaren proiektu pilotua da. Eginez ikasi metodologia erabiliz lan aukera berriak garatzen lan egiten dute autoenplegua  errazteko eta jarrera eta mentalitate ekintzailea sustatzen duena. Enpresa proiektuak garatzeko prestatu nahi dituzte parte hartzailea, Sakanako ekonomia dinamizatu eta ibarrean ekintzailetasunaren bitartez lanpostuak sor ditzaten.

Betiko ikasteko metodologiarik ez dute erabiltzen ikasteko. Ez dago bertan goxo egoterik. Asko hitz egiten dute eguneroko saioetan. Denek. Eta pixkanaka elkarrengandik ikasi egiten dute. Baina hitz egiteaz aparte, gauzak ere egiten dituztela azaldu du Irantzuk Beleixe Irratian (FM 107,3): "gure artean lan-taldeak egiten ditugu, tailerrak ere... Denbora gutxi izaten dugu libre". Amaiak gaineratu duenez, "aste barruan dugun gauza bakarra bi bilera dira, astelehen eta asteazkenetan. Bi egun horietan Mondragon Unibertsitatetik coach-ak etortzen dira. Bilera horiek guk antolatzen ditugu, binaka, garrantzitsuak iruditzen zaizkien gaiez hitz egiten dute (lidergoa, motibazioa...), laguntzaileek ez dute zuzentzen, gidatzen baizik.

Arbizuko Garapen Zentroan biltzen dira, nahiz eta batzuetan Altsasuko Enplegu Bulegoan biltzen dira, gehienak altsuarrak direlako. Teoriarik ez dagoenez, liburu batzuen zerrenda dute, gai jakinen gainean janzteko. Tailerrak ere badituzte, puntu teoriko eredua dutenak: negozio ereduak, marketin digitala, forma juridikoak, diseinua...

Elkarrekin
Proiektuak eta enpresak ari dira aurrera ateratzen, horregatik, batzuetan baita larunbatetan bildu izan dira Batutakoak. "Behar adina ordu sartzen ditugu, batzuetan goizez biltzearekin nahikoa da. Besteetan goiz eta arratsaldez" argitu du Asierrek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez. Izan ere, batzuetan 15ak biltzen dira, besteetan lau lan taldeetako kideak soilik. Ilbeltzaren akaberarekin batera ikasketa prozesua despeditzen da. Batutak sare bat sortu nahi du, ekintzaileak elkar ezagutzeko. Proiektuak garatzen ari direnak edo ideia garatzeko beldur direnei babesa emateko. "Jarrera ekintzailearen bidez, lana sortzea da helburua. Talde lana sustatzea, proiektu berriak sortzen jarraitzea, guztia Sakanako ekonomia pixka bat dinamizatzeko".

Lau proiektu
Haietatik hiru etxetik eraman dituzte haietan lanean ari ziren pertsonak. Laugarrena programan sartzeko aukeraketa prozesuan sortu zen. "Jendeari zer behar dauden galdetzera kalera bidali gintuzten eta hor sortu zen". Lau proiektu horiekin abiatu dira. Baina gehiago sortu daitezke.

Sakana Web.
Ibarreko aktibitate guztia biltzen duen plataforma bat osatzea lortu nahi da. Ibarreko erakusleiho moduko bat sortzea. Sakandarrek ibarrean bertan dutena ezagutzeko modu bat. Kanpotarrek ere Sakanak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko modua izanen litzateke ere. Ibarrean dauden komertzioak, produktuak, zerbitzuak, aktibitateak, agenda... dena web gune batean biltzea. Zerbitzuak eta produktuak erosteko aukera emanen du, edozein momentutan, edozein tokitik. Weba progresiboki garatuko da. Martxorako martxan egotea aurreikusi dute.

Urrekin egindako olioa.
Ibarrean ustiatu gabeko baliabide asko daude, horietako bat urrak dira. Lehengai ugari horri balioa emateko modua haiekin olioa ekoiztea da, kalitatezko produktu bat egiteko. Lehen presiotik ateratako olioa litzateke, ezer gehiago gehitu gabe. Ur-olioa kosmetikan maila altuko osagai gisa erabili daiteke. Onura asko ditu, hidratatzailea eta arina da. Elikagai gisa, gordinean erabilita, gourmet produktua da, urrek berezko usain eta zaporea baitute. Lehen probak egiten ari dira dagoeneko.

Energia eraginkortasunari buruzko aholkularitza.
Etxebizitzen zaharberritze proiektuetan energia aurrezteko laguntza ematea da. Aurrezpenaz aparte, Europako energia eraginkortasun zuzentarauak gehitzen zaizkio, arlo horretan zenbait baldintza bete behar direlako. Energetikoki eraginkorra den zaharberritze bat egiteko eraikinaren itxitura termikoa hobetu behar da. Gainera, energia eraginkortasunarekin erlazionatutako zerbitzu anitzak eskaini ditzakete: aholkularitza eta ikuskaritza energetikoa, lizentzien kudeaketa, zaharberritzeetarako laguntzak eta energia-txosten eta ziurtagiriak.

Birziklapen tailerra.
Gizarteko kontsumo ohiturak aldatu behar direla pentsamendutik abiatutako ideia da . Birziklatzea, berrerabilera eta materia berrien kontsumoa murriztea ditu oinarri. Pertsonak lan munduan txertatzeko bidea ere izan nahi du.  Baita talde lanaren sustapena. Hiru alorretan lan eginen du. Aurrena, lehengaien (egurra, burdina, plastikoak...) birziklapena, haiekin produktu berriak diseinatu eta sortzeko, esaterako, altzariak. Sormena, diseinua eta berrikuntza sustatzeko bidea emanen du horrek. Bigarrenik, etxeko tresna edo altzarien konponketa izanen da (ez dute aukera nagusia izatea nahi). Azkenik, nork bere altzariak konpontzeko eta teknika berriak ikasteko ikastaroak edo kafe-tailerrak eskainiko dira. Bezeroari lokala eta lan tresnak uztea berak berea konpon dezan eta laguntza behar izanez gero laguntza eskaintzeko aukera ere aurreikusi dute.

 

Ardo azoka
Batutaren bosgarren proiektua izan daitekeena astebururako antolatu duten Ardo Azoka izanen da. Ostiralean 19:00etan zabalduko ditu ateak Gure Etxea eraikinean. 20:00etan Batuta eta proiektuak aurkeztuko dituzte. "Gu nor garen eta gure proiektuak jakiteko aitzaki bat da Ardo Azoka. Elkarlana sortzeko bitarteko bat" azaldu du Davidek Beleixe Irratian (FM 107,3).

Batutako kideek euren prestakuntzako gastuak ordaintzeko finantzazioa behar dutenez, Ardo Azokan antolatutako pintxo-potea horretara bideratuko dute. Lau ardandegiko ardoak edateko aukera izanen da. Azoka bera, gainera, birziklapen tailerreko produktuek duten harrera aztertzeko balioko dute, altzari guztiak han sortutakoak izanen baitira.

Asteburuan zehar haien proiektuen berri emanen du Ardo Azokak. Baita Sakanako beste batzuenak ere. Hori larunbatean, 20:00etan izanen da. Lau egitasmo berriren inguruko azalpenak entzuteko aukera izanen da. Elkartrukerako espazioa izan nahi du Ardo Azoka. Esperientzia trukerako gunea eta elkarlanaren sustapenerako bidea. Ekintzaileak, enpresariak, lana martxan dutenek ere joan daitezke (aholkuak emateko, ekintzaileak ezagutzeko) eta aholkuak eman ditzaketen guztiak joatera gonbidatu dituzte. Jakina, gonbitea sakandar guztiei luzatu diete.

Egitaraua
Abenduak 13, ostirala
19:00etan Jaiaren mustutzea.
20:00etan Harrera, dastatzea* eta Batutaren sustapena, trikitilariek girotuta.
21:00etan Batuta jaiaren aurkezpen ofiziala, proiektuen azalpen sarrera.
21:15ean Dastatzea eta Batuta nahiz proiektuen sustapena.

Abenduak 14, larunbata
12:00etan Jaiaren hasiera, dastatzea* eta Batutaren sustapena, txistulariek girotuta.
14:30ean Eguerdiko ekitaldiaren akabera.
19:00etan Arratsaldeko ekitaldiaren hasiera. Dastatzea* eta Batutaren sustapena.
19:30ean Ardo dastatzea. Izena emateko: ardoenea@yahoo.es (15 plaza, 10 euro).
20:00etan Ekintzaileen azalpenak.
23:00etan Akabera.

Abenduak 15, igandea
12:00etan Jaiaren hasiera, dastatzea* eta Batutaren sustapena.
14:30ean Batuta jaiaren akabera.

*Katealde pateak; Mari Nati fruta-denda; Amaia eta Portuko ogia; Lizarraga arrautzak; Larrezabal eta Sarabe gaztak; Laket artesanos, Aldasoro eta Galartza harategietako produktuak. 

 

Batuta Elkartuta.
Zuzentzeko tresna. Bi zentzu horiek ditu batutak. Baina esanahiagatik aukeratu dute taldearendako izena. 28 eta 55 urte bitarteko eta profil ezberdinetako 15 sakandarrez osatutako lan taldea. Amaia Bengoetxea,  Javier Bergara, Asier Berastegi, Maite Perez de Eulate, Javier Arrizabalaga, Luis Diaz, Iker Diez de Ulzurrun, Izaskun Beunza, Eneko Apaolaza, David Crespo, Irantzu Garcia, Paula Garziaindia, Mikel Sasgasti, Felicia Marcela eta Aroa Gonzalo.

Harremanetarako
www.batuta.eu
@BATUTASAKANA
facebook.com/batutasakana
batuta.sakana@gmail.com