Gamesako itxiera eta 150 kaleratzeak baliogabeak dira

Guaixe 2013ko abe. 11a, 21:02

Epaiak aitortzen du negoziazioa Nafarroan egin behar zela eta ez Madrilen. Eta gaineratzen du Lan Ministerioak esku hartu beharrean Nafarroako Gobernuak hartu behar zuela esku auzianEspainiako Lan Zuzendaritzak Gamesako zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) ontzat jo zuen 2010eko maiatzeko aurreneko astean. Erabaki horrek Altsasuko lantegia itxi eta 150 langileren kaleratzea ekarri zuen (71 beste lantegietan birkokatu zituzten). Enpresa batzordean gehiengoa zuen ELAk erabakiaren kontra salaketa jarri zuen eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak sindikatuari arrazoia eman dio eta akordioa baliogabe utzi du. Gamesak negoziazioa Madrila eraman zuen, Altsasukoaz aparte A Coruña, Burgos, Zaragoza eta Valladolideko lantegiak sartzen zirelako espedientean. Azken horietan kontratuak aldi baterako eteteko EEE ziren. Altsasukoa, berriz, kontratuak haustekoa. Arrazoi horregatik Altsasuko enpresa batzordeak negoziazioak Nafarroan eskatu zion Gamesari. Hala onartu zien Nafarroako lan ikuskaritzak ere. Baina EEE negoziazioa Madrilen egin zen eta Altsasuko langileen ordezkariak (ELA eta LAB) ez joatea erabaki zuten. EEEz Altsasun ordezkaritzarik ez zuten eta haien lantegietan kaleratzerik ez zeuden sindikatuek negoziatu zuten. OndorioakEnpresa batzordeko buru zen Ubaldo Solak "pozik" hartu du "epai argia. Baina ez da finkoa. Enpresak Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezake. 10 egun ditu hori eginen duen jakinarazteko". Halakorik eginen ez balu, langileen ordezkariek epaia indarrean jartzeko eskaera eginen lukete administrazioarekiko auzien epaitegian eta langileek enpresak berriro haiek hartzea eskatuko lukete. Beti ere, banakako eskaerak izanen lirateke. Enpresak helegiterik aurkezten ez badu itxiera eta kaleratzearen aurreko egoerara bueltatzera behartuta dago. Jakina, 2010etik langileek diru sarrera bat izateari utzi diote eta hura eskatzeko aukera lukete. Enpresak, bestalde, aztertu egin beharko du langileei beste nonbaiten lana eman, banakako kaleratzeak negoziatzen dituen edo EEE berri bat aurkezten duen.