Oskar Alegria iruindarrak zuzendutako Emak bakia (utzi bakean) filma doan ikusteko aukera izanen da bi aste barru. Horretarako Iortia kultur gunetik sarrera hartzera pasatu beharra dago. Filmean Alegria bera buru belarri sartzen den bilaketa baten berri emanen du. Man Rayren Emak bakia 1926ko filmean Miarritzetik gertu dagoen izen bereko etxea agertzen da. Hiru irudi besterik ez. Eta haiek oinarri hartuta Alegria etxe horren bila abiatu zen. Bilaketa horren lekuko da filma. Zinema emanaldi horren eskaintza Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak egin dute, Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari izeneko programaren bidez. Bi erakundeek euskara sustatzeko helburua dute, eta sustapen lan horren barruan aparteko garrantzia eman diote euskaraz sortutako kultur produktuen zabalkundea eta haren kontsumoa handitzea, tartean zinema ekoizpenak. Emanaldi horrekin Sakanan helduendako euskarazko filmen ikusle kopurua handitu nahi dute udalak eta Mank-ek. Izan ere, Iortia kultur guneak zinema-programazio egonkorra eskaintzen du urtean zehar, eta euskaraz sortu edo itzulitako familiendako filmak proiektatzen ditu hilero; noizbehinka, helduendako filmak proiektatzen ditu, baina ikusle gutxi joan ohi da.