Unanuak zuzendu du Virenqueren bideoklipa

Guaixe 2013ko abe. 12a, 14:28

Iruñeko Virenque taldeak bere estreinako diskoan jasotako bost kantuetako batekin, Beside the fontain, bideoklipa egin du. Taldekide baten ezaguna da Xabier Unanua, ikus-entzunezkoetan aditua, eta hala bukatu du irurtzundarra bideoa egiten. Denetarik egin behar izan, baina batez ere zuzendari, gidoia, edizioa eta postprodukzioa izan dira bere egitekoak. Bikote baten banaketa kontatzen du abestiak. Jaunsaras inguruko laku batean eta Landetako hondartza batean grabatu dira. Urarekin eta taldeko abeslariarekin batera, Eneko Zabalza, Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi aktorea da bideoko protagonista. Egiarretako aktorea Irurtzungo antzerki tailerrean aritutakoa da. Asteburu bakar batean grabatu zuten, Alberto Truano errealizadorearen laguntza izan du (Dani Martin edo Jorge Drexlerrekin lan egin du). Guztiak emaitzarekin pozik gelditu ziren.