Toki administrazioen aldeko aldarria egin du EHBilduk

Guaixe 2013ko abenduaren 12a

Toki-administrazioaren antolaketa erreformatzeko dauden proiektu eta lege proposamenen atzean toki entitateak eskumenik gabe uzteko arriskua dagoela salatu nahi duToki administrazioak - Udalak, mankomunitateak, kontzejuak... - arautzeko makina bat ekimen daude egun. Batetik, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Lege Proiektua aurkeztu eta tramitatzea onartu zuen. PSNk Toki Administrazioa berrantolatzeko, sinplifikatzeko, modernizatzeko eta demokratizatzeko Foru Legerako Proposamena aurkeztu zuen ere, eta Nafarroako Parlamentuak hori ere tramitatzea onartu zuen. EHBilduk baztertua izan zen osoko emendakina aurkeztu zuen. Nafarroako toki erakundeen antolaketarekin lotutako bi lege tramitatzen ari zirenez, Parlamentuan ponentzia bat eratzea erabaki zen. Bestetik, Partido Popularrak estatu mailan toki-administrazioa arautzeko edo arrazionalizatzeko izeneko proiektua onartu eta tramitatu du. EHBilduren iritziz "proiektu horrek udal autonomia erasotzen du zuzen-zuzenean, aurrekaririk ez duen birzentralizatzea ezarri nahi du eta gizarte eskubideetan sekulako murrizketa aurreikusten du". Egoera kezkagarria eta larria dela uste du EHBilduk. "UPNren, PSNren eta PPren legegintza ekimen horiek, oro har, udal autonomiaren aurkako eta udalen nahiz kontzejuen erabakitzeko gaitasunaren aurkako beste kolpe bat ekarriko lukete. Toki entitateak eskumenik gabe utziko lituzkete eta, horiek direnez herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, toki entitateek herritarrei ematen dizkieten zerbitzu asko murriztu edo desagertuko lirateke". EHBilduk argi du Nafarroako toki administrazioak gaur egungo errealitate ekonomikora eta sozialera egokitu behar dutela, baina beti ere egitura horiek indartuz, ez desagertuz. Gai kezkagarri horren aurrean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) "utzikeria" eta "jarrera ulertezina" salatu du EHBilduk. "Hiru lege tramitatzen ari dira eta Nafarroako Parlamentuan ponentzia bat, eta horren aurrean parte-hartzeko eta eztabaidatzeko bideak ireki beharrean kezkaturik ikusten dugu NUKFren zuzendaritza UPNk ezartzen dituen irizpideak jarraitzen ari dela". Horren isla, abenduaren 13an NUKFek deitutako batzar orokorrean gaia ez dela eztabaidagaien artean sartu adierazi du EHBilduk. EHBilduk erakunde guztiei eta Nafarroako gizarte guztiari deia egin die eztabaida hori bulkatzeko urratsak eman ditzatela, udalen eskumenak eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak jokoan daudelako. Atzoko prentsaurrekoan Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu egon zen.