Sakanako plan estrategikoa ilbeltzean bukatuko da

Guaixe 2013ko abenduaren 12a

Sakanako Garapen Agentziak, Cederna-Garalurrek eta Sakantzen Sareak sustatuta sortu den Sakanako Sozio-Ekonomia Behatokia ari da plana egiten. Sakanan enplegua sortzea da helburuaHerenegun bildu zen industria lantaldea, gaur elkartuko da lehen sektorekoa. Heldu den astean turismo arlokoa eta ilbeltzean energia lan taldea bilduko da. Lau batzorde horietan Sakanan arlo bakoitzean gaur egun zein egoera duen aztertu dute eta hortik abiatuta enplegua sortzea da xedea, jasangarritasun sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan oinarrituta. Lantaldeek irailerako arlokako diagnosia egin zuten eta sakandarren ekarpenekin aberastu zuten. Ekintza zehatzak aurreikusi dira arlo bakoitzean eta guztiak Sakanarako plan estrategikoan jasoko dira. 10 urterako plangintza zehazten ari dira. Horregatik, dauden bitarteko eta baliabideak kontuan hartuta lehentasunak eta epeak jarriko zaizkie ekintza horiei.