Mank-ek hondakinen kudeaketa integraleko enplegu tailerra antolatu nahi du

Guaixe 2013ko abenduaren 12a

Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri-Aranatzen kokaturiko Kerabi gestión medioambiental SL enpresak Hiri eta industria hondakinen kudeketa integrala izeneko enplegu tailerra sustatu dute. Maiatzean hastea nahi lukete eta, horretarako, beharrezkoa den diru-laguntza eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Mank-etko buru Aitor Karasatorrek azaldu digunez, "hondakin bilketa sistema berria ezarria duten herrietan lortzen ari den birziklatze tasa eta kalitatea kontuan izanda, zaborren kudeaketaren inguruko enpleguak sortzeko aukerak zabaldu nahi ditugu". Helburua, beti ere, Hondakinen kudeaketa egokia egiteko eta hondakinen inguruan gizartearen kontzientziatzea lantzeko gaitasunak hartzea litzateke. Nafarroan etorkizunean egin beharko liratekeen enplegu tailerren inguruko ikerketan Sakanan aurreikusitako tailerren modukoak jasoak daude. Tailerrean, prestakuntza eta praktika tartekatuz, 15 pertsona trebatuko lirateke. 6 hilabeteko iraupena luke  tailerra. Aralarko Mikel Donea institutuan eginen litzateke tailerra. Izan ere, ikastetxeak azpiegitura egokiak izateaz aparte, zentroko Agenda 21 proiektuan hondakinen inguruan egiten den lanketa indartzeko aukera ikusi baitute bai sustatzaileek bai institutuko arduradunek. Tailerra despeditu ondoren 3 pertsona kontratatzeko konpromisoa hartu dute sustatzaileek. Konpostatze plantaMank aztertzen ari da Arbizuko hondakindegian konpostatze planta egitea ibarrean bertan biltzen den materia organikoa Sakanan bertan tratatzeko, beti ere, konposta eginez. Hondakin bilketa sistema berriak emaitza onak ematen ari da, aurreikuspenak betez. Esaterako, auzo-konpost etxoletan materia asko pilatzen ari dela eta haietako zati bat Arbizuko hondakindegira eramaten ari da Mank, han konpost bihurtzeko. Ibarreko erakundeko arduradunen asmoa litzateke konpostatze planta tailerrean parte hartuko duten pertsonekin batera lantzea. Han ere lan aukerak sortzeko aukera ikusten da.  44 lanpostuHoriek dira Sakanan ekonomia berdean, bereziki hondakinen kudeaketan aritzen diren Sakanako lau enpresek sortutako lanpostuak. Ibarreko enpleguaren %0,7. Gainera, hainbat enpresen bigarren edo hirugarren mailako jarduera da hondakinen garraioa. Nafarroako Gobernuaren arora hondakin arriskutsuak eta ez arriskutsuak kudeatzeko 13 kudeatzaile baimendu daude Sakanan. Baita hondakinak garraiatzeko 40 garraiolari baimendu ere. Karasatorrek uste du arlo horretan enplegu gehiago sortzeko ahalmena dagoela Sakanan.