Laura Marin Santano

Guaixe 2006ko uztailaren 28a

Logopedia ikasketak egin zenituen Salamancan. Zergatik logopedia? Logopedia -pertsonen berezko nahiz bereganatutako hizkuntz akatsak zuzentzea helburua duen teknika- aukeratu nuen esparru zabala eta urritasun asko hartzen dituelako. Gaiaren inguruan interes asko dut eta gai hauen lanketaren inguruan kuriositatea nuen. Beti da posible laguntzea. Orain Hezkuntza Berezia ikasten ari zara. Zertan datza? Salamancan ikasten jarraitu nuen, kasu honetan Hezkuntza Berezia, nire formazioa osatu eta oposizioetara aurkeztu ahal izateko. Izan ere, Hezkuntza Bereziak urritasunak dituzten pertsonak hezi edo hauei irakasteko formazioa ematea du helburu. Urritasunetan erabiltzeko teknika eta errekurtsoez gain, magisteritzako berezko ikasgaiak ikasten ditugu. Karrera hau bi urtetan egiten ari naiz, logopedia ikasi eta gero zenbait asignatura baliozkotu zizkidatelako. Boliviako kooperazio lana dela eta, geratzen zaizkidan hiru ikasgaiak hurrengo urtean bukatuko ditut. Kooperante moduan joatea erabaki duzu. Nola bururatu zitzaizun ideia? Ideia aspaldidanik nuen buruan. Ikasketa hauek egiterakoan interes gehiago jartzen duzu boluntariotza kontuetan eta esparru horretan dauden elkarte ezberdinetan. Zenbait elkarterekin kolaboratzeko aukera izan dut Salamancan: Aspace (Garun perlesia dutenekin lan egiten duena) eta Asprodes (urritasun psikikoekin lan egiten duena) elkarteekin, esaterako. Horretaz gain, kooperante izandako pertsonak ezagutu nituen, esperientzien berri izan eta animatu nintzen. Bolibiaraino joan zara. Zein elkarterekin eta noiz arte? Bolibiako Sucre hirira etorri naiz, Ciudad Joven izeneko Institutu Psikopedagogikora. Fundacion Juan Ciudad izeneko fundazioaren bidez heldu naiz ona. Hain juxtu uztailaren 7an iritsi nintzen. 8 hilabete emango ditut gutxi gora behera, martxora arte. Zer moduzkoa izan zen Sucrera heltzea? Lanean ari zara dagoeneko? Eta zein izanen da egin beharreko lana? Sucrera heldu eta guri ongi etorria ematera etorri ziren. Pentsa, telebista kate batek elkarrizketa egin zigun heldu bezain pronto! Ni momentuz ez naiz logopeda lana egiten ari, haurrak neguko oporretan daudelako. Hainbat unitate daude Institutu Psikopedagogikoan: Komunitate Terapeutikoa, kaleko haurrekin; Pediatria, haur txikiekin (batzuk abandonatutakoak dira eta beste batzuk tratu txarrak jasotakoak); Psikiatria, gutxitasunen bat duten haur eta helduekin; eta Hezkuntza Bereziko Eskola. Gainera, badaude gure erresidentzian bizi diren haurrak. Nik Hezkuntza Bereziko Eskolan lan eginen dut, hasiera batez lehengo kurtsoetan. Ebaluazioak egin eta egin beharreko interbentzioak planteatuko ditut, eta horretaz gain irakasleei pautak eta hitzaldiak emanen dizkiet. Orain haurrak oporretan daudenez goizean erresidentzian haurrekin antolatutako aktibitateetan laguntza ematen ari naiz, eta arratsaldetan Psikiatrian. Zer nolako sentsazioak dituzu? Topatu duzuna espero zenuena da? Sentsazio asko ditut, kontrajarriak direnak. Sucreren hasierako inpresioa oso ona izan zen, oso ongi hartu gintuztelako. Institutu Psikopedagogikoaren barruan dagoen boluntarioen etxetxoan bizi naiz, eta beti jendea dagoenez, hirira bueltatxo bat emateko aukera dugu. Lanari dagokionez oraindik goiz da ezer aurreratzeko baina lan handia dugu egiteko. Hala ere, neguko oporrak direnez guztia prestatzeko aukera daukat: materiala prestatu, dauden unitateetan laguntza eman, haurrak ezagutzen joan... Zein diferentzia dago teoria eta errealitatearen artean? Beste edozein tokian bezalakoa, handia da. Azken finean praktikak ematen dizu esperientzia eta erakusten dizu uneoro nola jokatu behar duzun. Batez ere kontuan izan behar duguna da haur eta pertsona hauek gehien behar dutena maitasuna eta babesa dela. Klaseko gainontzeko kideak hondartzan egonen dira. Inbidia ematen dizu? Tira, pentsatzen baduzu... baina egia esan ez zait gehiegi axola. Oso gustura nago, klima bikaina da, soilik goizetan eta gauetan egiten du hotza. Hamaiketatik arratsaldeko zazpietara batazbeste 22 graduko tenperatura egiten du. Gainera, Iruñeko beste neska batzuekin nago eta noizean behin, asteburuko atsedenetan, inguruneak ezagutzeko aprobetxatuko dugu. Akaso hondartza baino hobe, ez? Nahiz eta oraindik aurretik hilabete luzeak izan... esperientziak merezi du? Gomendatzekoa da? Goiz da esateko, soilik aste pare bat daramatzat baina momentuz esan dezaket gomendatzeko moduko esperientzia dela. Garapenaren bidean dagoen herrialde batean nola bizi den gertutik ikusteak merezi du, duen kultura ezagutu, ulertzea! Bestalde, Institutu Psikopedagogikora datozen haurren historiak eta egoerak entzutea oso gogorra da, eta kalean pobretasun asko ikusten da. Baina zintzoki, esperientziak merezi du. Sucrera zuek izandako esperientzia gizarteratzea eskatzen dizuen programa edo bekarekinjoan zara. Itzultzerakoan esperientziaren berri emateko prest? Jakina. Ni nire lana ahalik eta hobekien egiteko eta ahalik eta laguntza gehiena emateko etorri naiz hona. Oso inportantea da jendeak beste herri eta egoera batzuk ezagutu eta gai hauen inguruan sentsibilizatzea. Hortaz, proiektuaren azken zatia, etxera itzultzerakoan guk bizitakoa gizarteratzearena, oso garrantzitsua da. Olaztiko festak dira. Gogoratuko al zara? Zerbait berezia eginen al duzu? Iruñeko neskekin San Ferminak izan genituen buruan eta jakina, Olaztiko festetaz gogoratzen naiz, baina akaso gehiago nire lagunetaz, Salamancan ikasten dudanez nire lagunak gehienbat udako oporretan ikusten bainituen. Hemendik guztiei besarkada eta muxu handi bat bidaltzen dizkiet, eta bide batez familiari. Festak gogoratzeko zerbait berezia egitearen inguruan... ez dakit, zerbait ospatzeko aitzakia ona da.