Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nola erabaki zenuen Iruñeko Oreka Zirko Eskolan izena ematea?
Malabareekin nire kaxa jostatzen hasi ondotik Altsasun taldetxo bat sortu genuen diavoloekin eta malabareekin aritzen ginen batzuk. Noizbait ekitaldiren bat egin genuen Velezekin. Mundu hau gustukoa nuen. Iruñean Oreka Zirko Eskola zegoen, eta, orduan ni langabezian nengoenez, izena ematea pentsatu nuen duela 5 urte inguru. Ordutik murgildu nintzen bizimodu honetan. Zirko eskolan egon nintzen 3 urtetan balleta, akrobazia, antzerki edo interpretazioa, clown edo pailazoa, dantza, malabareak, oreka... eta beste ikasi nituen. Dantza eta erritmoa ikastea oso inportantea da, malabareetan, akrobazian, giza dorreetan... erritmoa eta mugimendua baita oinarria. Gurea etengabe berritzen eta ikasten joan behar den ofizioa da, eta zirko eskolaz gain ikastaro asko egin ditut. Argentinan soka lasoaren gainean ibiltzeko ikastaroa egin nuen, Frantzian malabare ikastaroak, Virginia Imazekin clown klaseak jaso nituen, hainbat topaketetan parte hartzen dut...
Zure gorputza asko zaindu behar duzu?Bai. Esaterako, akrobaziarako sendoa egon behar duzu, eta elikadura baino gehiago forman egon behar zara. Ariketa fisiko asko egin behar dituzu, abdominalak, flexioak eta korrika batez ere. Akrobazia martziala ikasten genuenean korrika egitearekin bat aurreraka eta atzeraka bolteretak egin behar genituen. Eromena zen!
Zirkoetan 4 urtetik 7 urtera bitarteko haurrekin malgutasuna eta erritmoa lantzen dituzte, eta hortik aurrera elastikotasunarekin eta indarrarekin jarraitzen dute. Finean, guztiaren arteko batuketa da zirkoaren mundua. Ezin duzu 5 mazorekin malabare edo akrobaziarik egin muskulazio egokia ez baduzu, bestela min handia hartuko baituzu gorputzean.
La Banda antzerki-zirkoa taldearekin aritzen zara...
Lau kidek osatzen dugu taldea, Txetxu Colladok, Juan eta Nano Napal anaiek eta nik. Guk "La Banda" emanaldiaren numeroak eta pertsonaiak prestatuak genituen, baina Ramon Marco zuzendaria izan zen emanaldia borobildu eta zuzendu zuena. Pailazo txuria, Augusto eta Kontraugusto pailazo pertsonaien ohizko zirko eskema jarraitzen du emanaldiak, eta ni Kontraugusto naiz, tontoena. Malabareek, akrobaziek eta zirkoko elementuek pisu handia dute, eta haurrendako eta helduendako moduko umorea dauka. Duela hiru urte hasi ginen. Aurten 30 emanaldi inguru izango ditugu. Bestalde, La Banda taldearekin beste lan bat aterako dugu irail akaberarako. Publiko helduari zuzendutako lana izango da, bonba fabrika bateko makina baten istorioan oinarrituta. Zuzendari berria izango dugu, interpretazioaren munduari lotuagoa , eta horregatik antzezlan gehiago egongo da zirko numeroak baino. Baina, hala ere, zirkoak presentzia izango du.
Iturmendiko festetan La Banda emanaldia eskaini zenuten. Zer moduz zure herrian? Ez al zinen urduriago jarri?
Ongi, gustura aritu ginen. Pertsonaian sartzea jakin behar duzu. Clown eta interpretazio klaseak hartuta publikoaren aurrera ateratzearen lotsa gainditzen duzu. Eskenatokira ateratzean beti duzu halako urduritasun bat, baina hori horrela izan behar da, guztia ongi ateratzeko lan egitera bulkatzen dizulako horrek. Normalean haurrena helduena baino publiko eskertuagoa izaten da.
Soka lasoaren gainean ibiltzea oso zaila da?
Bai. Niri asko kostatu zait ikastea, denbora asko daramat horretan. Gainera, ia ez dago irakaslerik, Argentinako ikastaroa ezustekoan aurkitu nuen! Lehenik eta behin, teknika guztietan bezala - malabareak, monozikloa...- ongi erortzen ikasi behar duzu, bestela jai daukazu! Gero lasaitasun eta pazientzia asko eta burua bere tokian izatea jakin behar duzu, eta jakina, teknika erabili eta menperatu. Zaila da azaltzea. Mazoak, monozikloa eta soka estua oso gogoko ditut.
Circo del Sol famatuan aritzea ametsa litzateke zuretzat?
Cirque du Soleil multinazional handia da, oso komertziala. Eskainiz gero baiezkoa emanen nuke, esperientzia ona litzatekeelako, jakinda honetatik bizitzea nahiko zaila dela. Zirkoaren ildoan, nire ametsa handik hona dabilen zirko familia tipiko batean aritzea litzateke, karabanetan...
Zer zaren galdetzen dizutenean zer erantzuten duzu?
Pailazoa naizela, pailazomalabarista. Z i r k o a r e n m u n d u a hemen ez da gehiegi baloratzen. Pentsa, pailazo hitza burla egiteko erabiltzen da! Baina ni pailazoa naiz. Soka laso gainean ibiltzeko teknika ikasi nahi nuen ere pailazo numerotxoren bat prestatzeko sokaren gainean.
Honetaz bizitzea ezinezkoa da edo fenomeno hutsa izan behar al duzu?
Ez da ezinezkoa baina ongi mugitzen eta zure burua saltzen jakin behar duzu. Adibidez, gure taldearen - La Banda- kontratazioaren esklusiba Belen Alvarezek dauka (619 022 036 telefonoa), eta horregatik ezin gara gure kaxa gure ikuskizuna eskaintzen aritu. Hala ere, ezagunak direla edo zerbait ateratzen zaigunean berarekin hitz egin eta ez da arazorik sortzen. Belen batez ere Iruñerrian mugitzen da eta horretatik Bilbo, Gasteiz eta Gipuzkoa inguruko banatzaileekin sartzea mugatua dugu. Bizi ahal izateko nik urte sasoi batzuetan beste tokietan lana egiten dut.
Hemendik aurrera zein asmo dituzu?
Ahal den moduan aurrera egitea. La Bandarekin ditugun ikuskizunez gain material asko daukat eta materiala antolatu nahi nuke, nire ekitaldi edo numero propioa prestatu eta plazarik plaza eskaintzeko. Bestalde, ikastaroak eta tailerrak emateko prest nago. Olaztiko gaztetxean eta Iturmendiko elkartearen egunean malabare eta akrobazia tailerrak eman nituen. Zailena pailazoa bizirik mantentzea da. Hau da, etengabean zirkoaren eta pailazoaren mundua landu behar duzu, berritu, entseatu, ikastaroak hartu, emanaldiak egin... beste lan batzuetan aritzen naizenean asko galtzen dudala konturatzen naiz.
"Zailena pailazoa bizirik mantentzea da. Hau da, etengabean zirkoaren eta pailazoaren mundua landu behar duzu, berritu, entseatu, ikastaroak hartu, emanaldiak egin... bestela asko galtzen duzu"