Jose Carlos Jimenez Elvira, Kali

Guaixe 2006ko uztailaren 14a

Tiroa kirola da? Nik kiroltzat dut. Jendeak uste baino gehiago eskatzen du prestaketa eta entrenamendu aldetik. Kirol honek psikologia aldetik asko eskatzen du, baita ongi prestatuta egotea ere. Bestalde, diru asko gastatu beharra duzu tiraldietan, kartutxoetan eta joan etorrietan. Hainbat modalitate omen daude, ezta? Plater tiroko modalitateak hauek dira: ehiza ibilbideak, usoak edo bestelakoen modura ateratzen diren platerekin eta foso barruan skeet, mini-fosoa, foso unibertsala eta foso olinpikoa daude. Foso olinpikoa gogorrena da. Bakoitzean, gainera, mailak daude. Ni, batez ere, foso unibertsalean eta olinpikoan aritzen naiz. Nolakoa da jaurtiketa mota hori? 6 tiratzaile hartzen dituen kantxa batean egiten da. Kantxak 5 postu ditu. Tiratzaile bakoitza postu batean jartzen da eta postuan zaudela ibilbide ezberdineko platerak ateratzen dira. Ez duzu jakiten platera nondik jaurtiko duten. Haiei tiro egin eta haustean datza dena. Postu batetik bestera pasatzen joaten gara. 3 epailek hautsi edo hautsi ez dituzun platerak baloratzen eta apuntatzen dituzte. Olinpiko eta unibertsalaren arteko aldea makinetan dago. Foso unibertsalean 5 makina plater jaurtitzaile daude eta olinpikoan 15 makina dira. Plateren ibilbideak ere ezberdinak dira bietan. Platerak ehun eta luze km orduko abiaduran ateratzen dira olinpikoan. Normalean, tiraldiak 25 platerekoak dira. Baina txapelketak 100, 125 edo 150 plateretara jokatzen dira. Horregatik diot prestatuta egon behar duzula, 25 plateri ongi botatzen diozulako, baina 100 plater, psikologikoki nekagarria da eta burua hotz mantendu behar da. Gainera, lehiaketak ordu asko irauten du. Herriko festetan egiten diren tiraldiekin ez du zerikusirik. Zein arau orokor ditu tiroak? Dauden geldialdiak errespetatu, zure postutik ez mugitu, eskopetarekin buelta ez eman... halakoak dira. Platera ongi hautsia utzi behar da. Zer behar da honetan aritzeko? Goi mailan aritzeko fisiko eta mentalki prestatuta egotea beharrezkoa da. Burua fisikoa baino gehiago prestatuago behar da. Ezer berezirik ez. Eta entrenamendu asko. Eta nola entrenatzen da? Nik Olaberrian entrenatzen dut. Foso unibertsaleko zelai on bat dago, zorionez. Asteazken, larunbat eta igande goizetan zabaltzen dute eta hara joaten naiz. Ez da foso bikain bat. Baina Orba ibarrekoa, bestela, urrun gelditzen da. Zein lehiaketa daude? Nafarroan tiro olinpikoko federazioak osatutako egutegia dugu. Nahikoa daude. Normalean Beran, Elizondon, Orba ibarrean... izaten dira. Modalitate ezberdinetan Nafarroako txapelketa, orain San Ferminetako... nahikoa. Gero, estatukoa eta munduko txapelketa. Ni aurten ahal izan dudan guztietan lehiatu naiz. Nafarroako foso unibertsal eta olinpikoko txapelketetan parte hartu dut eta Gipuzkoan izen handia duten tiraldi asko egiten dira eta gertu daudenez askotan parte hartzen dut. Honetarako eskopeta berezia beharko da, ezta? Hasten zarenean ez zara eskopeta garesti batekin hasiko. Normalean superpuestak izan behar dute. Onenak direlako. Ibili ahala hobea eskuratzen duzu. Nik orain lehiaketarako nahikoa ona den bat dut. Baina beti hobea nahi duzu. Eskopeta eta kartutxoak zuk, federazioak platerak? Platerak antolakuntzak jartzen ditu. Baina tiraldi bakoitzagatik izen ematea ordaindu beharra dago. 30 eta 50 euro artean ordaindu behar da izen emate bakoitza. Beste kontu bat da ongi ibili eta sariekin diru pixka bat berreskuratzeko aukera izatea. Baina oso-oso ona izan behar duzu dirua berreskuratzeko. Kartutxotan asko gastatzen da. Tiro kontuetan adituak diren etxeekin gabiltza, kartutxoetan beherapena egiteko. Beste batzuk publizitatea daramate eta diru pixka bat jasotzen dute. Babesle bat bilatu nahiko nuke inoiz. Laguntza pixka bat izateko. Jendeak jakin dezala Altsasun edo inguruan ezagunak ez diren kirolak ere badirela. Sakanan bada zaletasunik? Bada asko eta ongi bota duen adineko jendea. Baina uzten doaz eta Sakanan ez dago erreleborik. Ehiza ibilbideetan Etxarrin badago baten bat. Baina, foso kontutan, nik dakidala ez dago inor.