Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
SoslaiaIkus-entzunezko komunikazioa ikasi du Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan. Garagarrilean despeditu zituen ikasketak. Titulua oraindik ez du eskuan, unibertsitateko administrazioak urte bat behar duelako guztia prestatzeko. Irailean Beleixe Irratian ordezkapena egin zuen. Han zegoela aukera honen berri ematen zuen fax bat jaso zuen eta eskaintza onartu zuen.
Zein izan da zure egitekoa?Kofan komunitateko 10 pertsonari irrati saio bat nola egiten den erakustea. Astero haietako birekin egoten nintzen. Batzuek bazekiten gaztelania ongi, baina ez denek. Hizkuntzaren aldetik bikote orekatuak izatea saiatzen ginen. Nik ez dakit kofana eta haietako batzuek gaztelaniaz ideiarik ere ez zuten.
Astekako lan antolamendua zenuten, beraz?Bai, hori da. Lehenengo 3 egunetan, gutxi gorabehera, teoria pixka bat ematen genuen Lago Agriko egoitzan. Ordenagailua eta grabagailua genituen. Lehenik gidoiak egin eta gero, grabatu egiten genituen, zuzeneko irratsaio bat izanen balitz bezala. 3. egunean komunitateetara joaten ginen. Batzuetan 5 pertsona behar genituen galderak egiteko eta horietako bat Quiton zegoen eta itzultzekoa zen. Azkenean bizpahiru egun gelditzen ginen komunitatean.
Zuzeneko urduritasunagatik eta abarrengatik galderak irakurri egiten zituzten. Oso gutxitan etortzen zitzaien galderaren bat bat-batean. Elkarrizketa guztiak egin eta gero herrira bueltatzen ginen. Larunbatean irratsaioa editatzen genuen, guztia CDan grabatuz. CD guztiak irrati ofizialean, Radio Sucumbiosen daude eta haiek dira emititzen ari direnak.
Bideoa grabatzeko kamara digitala ere bagenuen, bideoak egin eta han uzteko. Kofanen munduaren inguruan ez dago ezer bilduta eta horregatik, dauzkaten gauza gutxi horiek asko baloratzen dituzte.
Komunitate guztietan entzuten da irratia?Bai. Goizeko bostetan edo botatzen dituzte indigenen saioak. Sucumbiosen badaude kofanez gain quichua, suamak... Bakoitzak bere irrati saioa du. Kofanek haien aurkezlea dute eta bostetan edo seietan CDa sartzen dute. Komunitate bakoitzeko txabola batean irratia dago. Ez da hemen pizten dugun irratia bezalakoa, baizik eta walki-talki modukoa da. Telefonoa izan beharrean irrati hori dute. Walki-talkien erabilera bera dute. Egunero entzuten dute.
Saioa entzuten da edo ordutegi horrekin zerbait marjinala da?Ez. Bertan goizeko bostetan eguna hasten da. Argirik ez dutenez, gaueko bederatziak eta erdietan, asko jota, lotan daude. Orduan, bostetan esnatuta daude.
Nola sartu dira irratigintzan?GKEk proiektuaren bidez kofanen ohiturak ezagutu nahi ditu. Orain arte soziologoak edo antropologoak joan dira. Bi urte inguru dira proiektua hasia zela eta fase ezberdinetarako jende ezberdina behar dute. Orain, adibidez, kazetari bat behar zuten. Bigarren fasean artxibo kultural bat egin dute. Guk prestatzen genituen galdera guztiak, batez ere, informazio kulturala ateratzeko ziren, artxibo kultural hori betetzeko eta, bide batez, entzuten zuen jendeak kofanen ohituren berri jakiteko. Proiektuaren lehenengo fasean 20 ikasle zirela uste dut. Haietatik 10 onenak aukeratu zituzten nirekin egoteko. Irakurtzen ez zekitenek ezin zuten ez gidoirik ez ezer egin.
Zer moduz moldatu dira?Batzuk oso ondo. Ikusten zen gustukoa zutela mikrofonoa hartzea. Baina azkeneko biek, adibidez, gaztelania gutxi zekiten. Gidoia egiteko... Beraiek buruan bazuten, baina gero esateko orduan, oso gaizki. Gainera, nik kofaneran ere ezin nien inolako laguntzarik eman. Orduan beste ikasle bat etorri zen, gaztelania eta kofana zekizkiena eta lauron artean egin genuen.
Haiek gustura gelditu dira?Bai. Gainera, behin eta berriz eskertzen dute. 10 horietatik hoberena Radio Sucumbiosen hartuko dute. Soldata bat izanen du. Ikusiko duen lehenengo dirua izanen da hori.
Beraz, jarraipena izanen du?Bai. Gainera, hemendik ere liburu bat eginen dugu esperientzia guztiekin. Nik uste aurrera doan gauza bat dela. Ez dela bertan behera geldituko.
Gainontzeko 9ak irratirako lanean jarraituko dute?Bat izanen da irratian egonen dena. Beste bat aukeratuko dute komunitateetan elkarrizketak egiteko. Bere kabuz galderak prestatu, egin eta gero irratira bidaltzeko. Hirugarren bat artxibo historikoan lan eginen duena izanen da. 10 ikasleetatik hiruk probetxua aterako dute. Gainontzekoek bere bizitzarekin jarraitu beharko dute. Gainera, guztia bideratu duen GKEk titulu batzuk bidaliko dizkie. Titulu horiekin irratietan haien burua aurkeztu dezakete eta irteera bat izan dezakete.
Irakasle lanean zer moduz moldatu zara?Ondo. Hasiera batean "señoritaa licenciada" edo esaten zidaten eta niretzat hori handiegia zen. Gainera, beraiek ziren nire adinekoak, 15 eta 24 urte artekoak ziren. Azkenean "Nati", eta oso-oso ondo. Gainera, komunitateetara joaten ginenean txabola berean lo egiten genuen. Ikasleen gurasoak ere ezagutu ditut eta gozada bat izan da.
Lana eginda bueltatu zara?Egia esan lehen astean etsitua nengoen. "Erakusten ari naizenak ez du ezertarako balio" nioen. Baina azken astean, agur moduan, txango bat egiteko elkartu ginen guztiok eta denak oso-oso hunkituta zeuden. "Mila esker, ordenagailua ezagutzea eta izan da, bua...". Batez ere, asteleheneko saioa editatzen nuen nik, eta esaten nien: "hala, egin zuek bestea". Bukatzen zutenean eta haien ahotsa entzuten zutenean... gratifikazio pertsonal handia zuten.
Proiektuko arduradunekin hitz egin duzu?Aste honetan (aurrekoan) biltzekoak gara, nik ekarri baititut CD horien kopiak. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Kepa Fernandez de Larrañari eman behar dizkiok, berak aztertu, baieztapena eman eta Ekuadorren emititzen hasiko dira orduan. Nik esan beharko diet zeintzuk diren korrespontsal izateko edo irratian egoteko egokienak. Hori nire esku dago.
Nola egituratu zenuen bi hilabeteko egonaldia?Lehenengo astean, ailegatu berri, hura ezagutzen eman nuen. Ezer egin gabe. Ondoren lau astez jarraian lan egin nuen, bina ikaslerekin. Ondoren beste bat festa izan genuen. Haiek ere euren lana baitute. Mendira atera behar dira ehizan egitera eta. Azken bikotearekin beste aste bat eman nuen. Beste aste bat nuen Ekuadorren barna turismoa egiteko.
Kofan edo A''i herriaEkuadorren 400 edo 500 kofan daude, hainbat komunitatetan banatuta, eta Kolonbian 100 bat kofan bizi dira. Komunitate bakoitzean 20-30 pertsona bizi dira, lauzpabost familia.
Nolakoa da Lago Agrio? Eta komunitateak?Lago Agrion beldurtuta egoten nintzen. Tiroak eta entzuten ziren. Ailegatu nintzen lehen egunean komunikatu bat iritsi zen kontuz ibiltzeko esanez, organoen trafikoan aritzen diren 3 pertsona zeudelako eta 3 neska hil zituztela. Enbaxadan esan zidaten gune gorria zela. Kolonbiako gerrilla ere bertan dago. Lago Agrio hirugarren munduko herri txiki eta pobre bat da.
Komunitateak beste mundu bat dira. Denbora gelditu izan balitz bezala. Etxeek, beno txabolek ez daukate argirik, ez daukate urik. Guztiak enparantza moduko baten inguruan daude. Lauzpabost familia dira, normalean haien artean ere senideak direnak. Naturak ematen dienetik bizi dira. Komunitatetik komunitatera pasatzeko edo Lago Agriora joateko kanoa behar da, ibaia zeharkatzeko. Utziak daude. Komunitate bakoitzean lauzpabost txabola daude.
Haien eguneroko bizitza nolakoa da?Beno, eskolak badaude. Ume guztiak eskola berdinean, irakasle bakarrarekin. Ehiza eta arrantza egiten dute. Komunitate bakoitzean sustatzaile bat dago. Hark duten diru gutxi hori kudeatzen du. Bati esan diezaioke Lago Agriora joateko komunitate guztiarendako erosketak egitera. Gazteenak erosten ditu komunitaterako beharrezko gutxieneko horiek eta haiekin etxera itzultzen da.
Kofan komunitatea nola dago?Oso zaharrak ez dira. Bizi esperantza ez da oso altua. Ume pila daude. Hori da deigarriena. Familia bakoitzak 7 edo 8 seme-alaba ditu. Ez dute dirurik, baina duenak seme-alaba kanpora bidaltzen du. Orain kofanak desagertzear daudenez esan dute haien artean ezkondu behar dutela komunitatea mantentzeko. Norbait kofana ez den pertsona batekin ezkontzen bada, kanporatu egiten dute. Kofan izateari uzten dio.
Osasun arloan zer? Komunitate bakoitzan osasun promotore bana dago. Ez da medikua. Ikasketa batzuk jaso ditu eta horren ardura da norbait gaixotzen bada Lago Agriora eramatea edo bide bat bilatzea. Baina ez dute sendatzen. Han xamanak daude, osagile espirituala. Horrekin ere beldur izugarria pasa nuen, magia zurikoak eta beltzekoak daudelako.
Haien sinismenetan xamanek pisu handia dute. Istoria batzuk kontatu zizkidaten eta xamanak beti daude tartean. Haien ustez ume bat hiltzen bada, xaman baten esku-hartzea ikusten dute heriotza hori ez delako normala. Norbait gaixo badago osasun promotorearengana joan aurretik xamanengana jotzen dute.
Bestela, katolikoak eta ebanjelistak daude. Elkarrizketak egiten genituenean artzainek esaten zuten gero eta gutxiago direla. Ez jende gazteak sinisten ez duelako, baizik eta ez dituztela betetzen debekuak.
Nolakoa da komunitateen antolamendua?Fundazioko presidentea guztien buruzagia da. Gero komunitate bakoitzean batek badu besteek baino ardura gehiago, baina ez da hauteskunde bidez. Komunitate bakoitzean pisu handia daukana xamana da. Baita osasun promotorea ere. Baina elkarrizketetan askotan kexatzen ziren promotoreak ez zuela bere lana ondo egiten, paso egiten zuela. Elkarrizketak kexak sartzeko aprobetxatzen zituzten askotan.
Lago Agrion non bizi zinen?Indigena talde bakoitzak badauka bere fundazioa. Gai ekonomikoak mugitzeko edo eskubideak aldarrikatzeko presidentea dute. Ni Lago Agrion, presidentearen etxean egon naiz. Bertan bulegoak zeuden. Burokratikoa den gauza bakarra. Zeren komunitateetan jendea ez da ezertaz enteratzen. Presidenteak dena mugitzen du, dena lortzeko eta lotzeko.
Fundazioan astean zehar beti beraiekin egoten nintzen. Ikasleak fundazioko egoitzara joaten ziren lan egitera. Komunitatera joaten nintzenean bi ikasleak eta presidentearen seme batekin joaten nintzen. Laurak joaten ginen normalean.
Fundazioak komunitatearen aginduak bete beharko ditu, ezta?Asteburuetan beti bilerak izaten zituzten presidentearekin gairen bat aztertzeko. Haietako batean, haurtzaindegi bat egin nahi zutelako guraso guztiekin elkartu ziren. Dirua, egia esan, ez dakit nondik ateratzen duten. Baina presidentea da mugitu ahal den bakarra. Horregatik presidentea komunitateetara joaten da. Egin beharreko guztia presidenteak egiten du, zeren jendeak ez dauka dirurik. Nahiz eta presidentea komunitate horretakoa ez izan.