Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eta nondik heldu zaizu mendizaletasuna?Berandu zaletu nintzen. Berandu hasi nintzen mendian. Beno, goizter hasi nintzen, 18 urterekin. Zenbait urtez ibili nintzen. Baina garai hartan ez nuen natura egun begiratzen dudan moduan begiratzen. Ezkondu eta utzi egin nuen. 40 urte betetzean bueltatu nintzen. Orduan konturatu nintzen mendira joatea, kirola egiteaz aparte, zoragarria dela. Edozein mendi tontorrera igo eta handik paisaia begiratzea, eta argazkiak atera ahal izatea, hori gozamen ikaragarria da! Hori, zoragarria da! Kirolaz aparte, naturagatik, beraz?Nik uste ez dagoela naturarekin alderatu daitekeen ezer. Mendi gainera igo eta ingurua begiratzea. Baita zoragarriak diren Euskadiko mendietan ere. Ez dago zergatik Pirinioetara joan beharrik. Euskadiko edozein mendi, egun argia bada, da... Bai, Pirinioetan ere. Baina, etxetik gertu ezagutzen ez ditugun parajeak ditugu, eta Pirinioetara goaz.
Ni Euskadiko tokietan izan naiz eta, jo... Edo jendeak ez ditu ezagutzen edo ez dator. Pirinioek fama dute. Niri Pirinioetako toki batzuk gustatzen zaizkit. Pirinioetako beste toki batzuk oso zakarrak dira.
Mendizaletasunak asko emanen dizu, ezta?Ateratzen ez naizen igandeetan gaizkitu egiten naiz. Igandero ateratzera ohitu naiz, urrun edo herriko dermioan barna. Askapen bat da. Eta udan, gozamena.
Sakanako MendizaleakMendira bakarrik edo taldean?Beti taldean. Bakarrik joatea gustatzen zait, baina taldean joatea nahiago izaten dut. 40 urte betetzean Sakanako Mendizaleak taldearen irteerekin hasi nintzen, gaur arte. Garai haietan asko joaten ginen. Orain, ez. Orain jendea indibidualistagoa da. Nahiago izaten du bakarrik joatea edo hiruzpalauko taldean eta Pirinioetara. Gu Euskadi barruan edo udan zenbaitetan Pirinioetara ateratzen gara. Baina ibilaldi handiak egin gabe ere.
Mendira taldean joateak zer eskaintzen du?Mendira lagunduta joatea bakarrik joatea baino politagoa da. Iritziak trukatzen dira: ni hemen izan naiz edo goazen hara edo... Nik nahiago dut lagunduta joatea. Hori bai, argazkiak egin behar ditudanean edo argazkiak egiteko ideia buruan dudanean bakarrik joan behar dut. Taldean zoazela ezin zara han-hemenka 5 minutu edo ordu bateko geldialdiak egiten ari. Taldean bazoaz, besteen martxara egokitu behar duzu, baina abantaila ere baduzu. Taldeko batek prestatu du ibilaldia. Gainontzekoendako oso erraza da hari segitzea. Normalean ibiliko garen inguruko planoa ematen dugu gainera. Beraz, ez dago inolako zailtasunik.
Taldeak toki ezezagunak erakuts diezazkizuke.Bai. Egutegia egitean, bakoitzak egin daitezkeen irteeren inguruko proposamenak egiten ditu. Horietatik egokienak aukeratzen dira eta ibilbide hori proposatu duena irteeraz arduratzen da. Hura prestatu eta eguraldi iragarpena eta guztia begiratzen du dena behar bezala atera dadin.
Lehen asko joaten omen zineten. Zenbat?Autobusa betetzen genuen. Orain erdia betetzen dugu.
Zergatik?Orain 20 urte 60 joaten ginen. Jende hori ezkondu edo jubilatu egin da eta taldea txikitu egin da. Ez dago jarraipenik. Ez dago jende berririk. Jende berri horrek bere albiziora ibili nahi du. Pirinioetarako joera gehiago dute -badirudi zenbat eta hildako gehiago egon gero eta gehiago erakartzen duela- inguruetako mendietara joatea baino. Ez gertu, baizik eta arrisku gutxiagokoak. Edo zeharkaldiak egitera. Gazteek arriskua nahi dute. Eta gurea lauzpabost orduz ibiltzea da, sokarik ez bestelakorik erabili gabe.
Gizarte aldaketaren ondorio ere bada, ezta? Orain hainbeste baliabide ditugu... Jendeak nahiago izaten du furgonetetan asteburua pasatzera joan, Pirinioetara badoa. Edo autoetan. Baina ez dira ohartzen, erosoena, autobusean joatea dela. Eraman eta ekar zaitzatela. Zu ibiltzera mugatzen zara. Jipoi handi baten ondoren autoa hartu behar baduzu itzultzeko, pentsa! Jendeak hori ez du baloratzen. Gainera, ekonomikoagoa da autobusez joatea autoz joatea baino.
Urtero dozena bat irteera prestatzen duzue, ezta?Bai, garilean eta agorrilean izan ezik, urteko hilabete guztietan dago irteeraren bat. Uda garaian, jendea bere kabuz ibiltzen da. Udan oso zaila da autobusa osatzea, jendeak beste lehentasun batzuk dituelako.
Irteerak igandeetan izaten dira. Autobusa goizeko seietan edo zazpietan abiatzen da. Beranduago ez gara ateratzen. Kontuan izan behar da herri batean hasi eta guztietan gelditu behar dugula, Ziorditik Iruñeraino, eta denbora behar da. Irteerara goizeko bederatzietarako iristeko, urrun bagoaz, seietan, eta gertu bada zazpietan atera beharra dago.
Izena emateko?Kartelak jartzen ditugu. Ez nahi bezain beste. Jendeak kartelak ez dituela irakurtzen ondorioztatu dugu. Nik uste eraginkorrena prentsan publikatzea dela. Autobusa aterako den zehazteko, izena ostegunera arte eman daiteke. Ostegunerako jakin behar dugu zenbat garen. Azken aldian argi ibili behar dugu, jendeak ez badu izenik ematen eta jenderik ez badago, autobusez edo autoetan joanen garen galdetzen diogu geure buruari. Joateko asmoa duen jendeak ostegunerako eman behar du izena.
Sakanako Mendizaleak elkartearen irteera egutegiak non opatu daitezke?Egutegiak ateratzear daude. Han zenbait telefono daude, herri bakoitzak ordezkari bat du, eta deitu daiteke. Egutegiak elkarte eta mendi taldeetan banatzen dira. Baina jende guztiarengana ez dira iristen. Interesatua dagoenak ez du joateko arazorik. Bestela, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan dute guztiaren berri. Mankomunitatearekin erlazio ona dugu, finantziazioaren zati bat hark ematen baitigu. Horregatik gehiago aprobetxatu beharko litzatekeela uste dut.
Argazkilaritzaz Nola iritsi zinen argazkilaritzara?Aspaldi iritsi nintzen. Hogeita piko urterekin. Nire andregaiak, egun emaztea denak, taberna batean lan egiten zuen eta alemaniar batzuek argazki kamara ahaztuta utzi zuten. Denbora luzean egon zen han eta inor hartaz arduratzen ez zenez etxera ekarri zuen. Argazkiak ateratzen hasi ginen. 1975 urtearen inguruko argazki kamara alemaniar oso ona zen. Orduz geroztik nabil argazkilaritzan. Andorran bat erosi nuen, oso pisua eta txarra zen errusiar bat. Gero izan ditut Practika bat, Pentax bat eta orain Canona. 30 urte baino gehiago dira. Lehengo argazkia, filmarekin, zailagoa da egiten.
Zuk errebelatzen zenuen?Txuri eta beltzekoa bai. Baina kolorea ez. Baita diapositibak ere. Baina, guztia bezala. Txuri-beltzean errebelatzea erraza eta merkea zen. Diapositiba ere merkea zen errebelatzea. Baina pelikula asko errebelatu behar dira errentagarria izateko. Erosotasunak harrapatzen zaitu eta pelikularekin batera errebelatua erosten zenuen eta kitto. Paperean egindako argazkia, nire gustukoa dena, oso garestia zen. Egungo baliabideekin gozamena da lan egitea.
Urrats erraldoia eman dugu. Lehen, argazkilariek profesional onak izan behar zuten. Pelikulaz, sentsibilitateaz, argiaren neurketaz... jakin behar zuten. Kamara digitalekin hori guztia izugarri aldatu da. Zuk sentsibilitate altuena jarri eta kitto. Argazkiak ateratzen dira. Eta gero photoshop programa. Photoshopa garai bateko errebelatuaren ikutuak bezalakoa da. Lehen errebelatzearekin batera argazkia ikutzen zen. Txuri- beltzean argazkia moldatzea erraza zen. Koloretan zailagoa zen. Orain digitalean edozeinek egin ditzake argazkiak. Argazki onak. Zaletasun pixka bat izatea nahikoa da.
Zuk baduzu!Nik zeri atera badut eta esperientzia urte batzuk ditut. Horietan enkoadratzen, argazkia non dagoen eta abar ikasi dut. Nik ez ditut detaile guztiak ikusten. Bada jendea ikusten dituena. Baina, nik uste, esperientziarekin, argazkia ikustera ohitze zarela. Gaur egun, ateratzean, argazkien bila joaten dira nire begiak.
Gainera, argazki asko ikusia naiz. Erakusketa askotara joan naiz. Nahitaez, ikusi ahala, zerbaitekin gelditzen zara. Ikusten duzun erakusketa bakoitzetik zerbait ikasten zoaz. Niri, hori bai, gehien gustatzen zaidana paisaia da. Artea ikaragarri gustatzen zait. Baina arteari argazkiak ateratzeko... Artea ikusteko da. Nik argazkiak ateratzen dizkiot, baina natura da dagoen gauzarik ederrena. Batez ere udazkenean. A ze koloreak eta postalak ematen dituen! Gero ikusi eta esaten duzu: hau posible da!
Askotan toki horietatik pasatzen gara eta ez diogu garrantzirik ematen, argazkian ikusi arte. Niri hori gertatzen zitzaidan lehen. Orain ez. Orain argazkilariaren begiekin noa.
Ni herritxoetara noanean, nahiago izaten dut bigarren mailako errepideetatik joatea. Mantso zoaz eta begira joan zaitezke. Eta nahi izanez gero gelditu eta argazki pare bat egin eta berriro martxan jar zaitezke.
Pentsa liteke beti kamara gainean daramazula.Ez. Nik kamara daramat toki batetara noanean eta egin nahi dudanaren ideia zehatza dudanean. Aldizkari eta telebistarekin toki bakoitza nolakoa den ideia egiten duzu. Hartu eta joatea da. Badira beste egun batzuk makinarekin ateratzen zarena, ea zerbait suertatzen den. Nik, adibidez, udazkenean Etxarriko dermioan paseo bat egitera joaten naizenean kamara daramat, argazki eder bat sor litekeelako. Etxarriko udazkeneko argazki batzuk baditut... Kamara ez badut, hurrengo egunean bueltatzen naiz argazki hori egiteko.
Argazki kamara digitala erabiltzen duzu?Bai. Beti erresoluzio altuenarekin ateratzen dut. Bestela, argazkia handitu nahi izanez gero, ez duelako kalitaterik.
Horrek memoria handiko kamara eskatzen du?Bai. Kamara on bat dut. Canon etxeko eos 20a dut. Profesionalaren eta amateurraren artean dago. Bietarako balio dezake. Milioi bat pezeta balio duten argazki kamara handietara pasa gabe, honek arrazoizko prezioa du.
MuntaiezNola egiten dituzu proiekzioak?Efektuak, letra eta musikarekin. Efektuekin gertatzen dena da gero trantsizioa egiteko, oso nabarmena egiten baduzu ez dela ongi egokitzen. Gerturatze, hurbiltze edo irudi bikoitzeko efektuak bilatu behar dira. Nik batez ere hurbiltze efektua erabiltzen dut.
Zein da muntaia egiteko prozedura?Lehenik argazkiak egin. Argazkien aukeraketa egin eta egokienak photoshop programarekin lantzen ditut. Argazkiak gero ikusiko diren moduan ez direlako ateratzen. Photoshopen, behin ongi enkoadratuta eta egoki iruditzen zaidan kolorea eman eta gero karpeta batean uzten ditut, gero muntaira pasatzeko.
Nola aukeratzen duzu argazkien ordena?Adibidez, udazkena gaia duen muntaian, lehenik Etxarriko batzuk daude. Gero Urbasakoak, inguruko batzuk. Ondoren Zaraitzu ibarrekoak daude, Iratikoak... Eta bata eta bestearen artean, bereizteko, naturako detaileren bat tartekatzen dut: ezkurra dela, lorea dela... Loreen argazkiek eta liluratu egiten naute.
Zein muntai egin dituzu?Orain arte bost muntai egin ditut; udazkenari buruzko bat; Euskal Herriari buruzko bat, zeinetan dena nahasten dudan, mendia, itsasoa, trikuharriak, ermitak eta arte erromaniko pixka bat tartekatuta. (Hori egin nuen lehendabizikoa izan zen eta gehien gustatzen zaidana da); lau urtaroei eskainitakoa da. (Inguruko argazkiak edo Euskadikoak); Sakanako Mendizaleak taldearen mendi irteerei buruzko muntai berezi bat ere badut egina. (Horko argazkiak ez daude oso landuak. Horren helburua Sakanako Mendizaleak taldearen ibileren testigantza ematea da) eta azkenik Nafarroako erromanikoa eta gotikoa jorratzen dituen bat.
Orain Altsasuko inauteriei buruzko bat prestatzen ari naiz. Erdia prest dut, 1984ko inauteriko argazkiekin. Iaz ezin izan nuen kamara digitalarekin argazkirik egin eta aurten egin asmo ditut, muntai hori osatzeko.
Muntaiak zure mendizaletasunaren ondorio dira?Arteari eskainitakoaz aparte - artea asko gustatzen zait- gainontzekoak, paisaiak, mendiak, natura (loreak, trikuharriak...) dira eta hori guztia mendizaletasunagatik dator.
Zein programarekin egiten dituzu muntaiak?Photomagic CD eta DVDan izena du programak. Aldizkari espezializatu batean mota honetako programen artean osatuena dela esaten da.
Ordenagailuarekin moldatzen zara?Programari haria hartu eta gero erraza da. Muntaia egiteko, ordea, ordu asko eman behar dira. Argazkiak, denbora, trantsizioak, efektuak, musika eta testua uztartu behar dituzu. Askotan, nahikoa denbora eman diozula uste duzunean, musika sartu eta pasatu egiten zaizu, edo ez zaizu iristen. Orduan, denbora guztia egokitzen hasi behar duzu. Edo gustatzen ez zaizkizun efektuak sartu eta, atzera, berriro egin behar.
Ditudan muntaiak egiteko, 30 minutuko iraupenekoak, argazkiak egiteko eta ikutzeko behar dudan denbora kontuan hartu gabe, 25 eta 30 ordu bitartean behar izaten dut muntaketa egiteko. Ikustea ederra da, baina lan handia eskatzen du.
Ordenagailuan autodidakta zara edo ikasia?Autodidakta samarra naiz. Word, internet eta photoshop ikastaroak egin ditut. Baina autodidakta naiz. Ni ez naiz inolako eskolatara joan. Argazkilaritzan bezala. Orduak sartu, liburuak irakurri eta ikastaroak egitearen poderioz ikasi dut. Argazkilaritzako zenbait ikastaro egina nago. Garai haietan, jakina.
Muntaietan ahotsa sartzen duzu?Ditudan muntaiak musikaz, testuez eta efektuez osatutakoak dira. Programak ez dit ahotsa sartzen uzten. Baina nik ez dut ahotsa sartzea beharrezkoa ikusten. Hauetako muntai bat ikusi nahi duen edozeinek aldez aurreko azalpen batekin eta gero ikustearekin nahikoa du. Ez du inolako gidoirik. Argazkiak ikusteko beste modu bat da. Hemen banan-banan ikusten ditugu, baina musikarekin eta efektuekin. Horrek atseginago egiten du emanaldia. Gainera, pantaila handian ikus liteke, ez baitu kalitaterik galtzen.
Emanaldiak egin dituzu?Bai. Altsasun. Kontua da klub guztiek ez dutela proiektorerik. Nik bat eros nezakeen eta batera eta bestera eraman. Baina muntai hauek nire gozamenerako egiten ditut. Jendeak ikustea gustatzen zait, eta jende gehiagok ikustea gustatuko litzaidake, baina ezagutza faltagatik eta jendearen gauza hauekiko sentsibilizazio faltagatik... Ez da halakoak ez zaizkigula gustatzen. Telebista bidez hainbeste irudi ematen dizkigute eta hainbeste gauza ikusten ditu jendeak, eta pixka bat paso egiten du. Jendea irudiz okatua dago.
Niri asko gustatzen zait. Nik mota honetako lehen muntaia ikusi nuenean esan nuen: nik halako bat egin behar dut. Baina hori da niri argazkilaritza gustatzen zaidalako. Eta mundu guztiari ez zaio argazkilaritza gustatzen. Edo argazkiak zaletasunik ez duenaren edo sekula argazkirik egin ez duenaren ikuspegitik begiratzen dituzte.
EskaintzaMendi talde edo elkarte guztiek edo edozein motatako erakundeek, muntaiak ikusteko jakin-mina dutenek, nirekin harremanetan jartzea besterik ez dute. 948 460 542 telefonora hots egin dezakete. Emanaldirako bitartekoak jar ditzatela. Nik dohainik emanen dut. Pena da, egina dagoenean, bazter batean gelditzea gutxi batzuendako.
Zeren horrek jendea motibatu dezake argazkiak egiteko edo mendira joateko. Iazko mendi irteera guztiekin egindako muntaia oso ederra da. Ikusi dutenetako batzuek luzeagoa egitea ere eskatu izan didate. Baina, ordu erdi baino gehiagokoak aspertu dezake. Ordu erdian mendi irteerak zer diren ikusten da.
Norbaitek eman nahi baditu nirekin harremanetan jar dadila. Edo Sakanako Mendizaleak taldeko telefonoetako batera hots egin dezala.