Noiz hasi zinen zura lantzen eta bizikletan ibiltzen?Izatez Leongo Burvia herrikoa naiz, Ancares izeneko parajeetan dagoen herri txiki polit eta menditsu batekoa. Etxean abereak genituen eta ganadua zaintzera joaten nintzenean labanarekin gauzak tailatzen entretenitzen nintzen. Aitak saskiak egiten zituen, baina nik ez nuen gustuko. Niri zura lantzea gustatzen zitzaidan, eta nire kabuz ikasi nuen, ez dit inork erakutsi. Gero, gaztetan, Leongo meatzeetan hasi nintzen lanean. Irabazitako lehen diruarekin lehenengo bizikleta erosi nuen, txikitatik bainuen gustuko txirrindula. Etxetik 20 kilometrora zeuden meatzeak, ia egunero bizikletan joaten nintzen, asfaltatu gabeko bideetatik. Garai haietan eta lanbide harekin nahitaez gogortu/zaildu egiten zinen. Lau bizikleta puskatu eta erabili nituen Leonen. Soldaduska ere, 3 urtekoa, meatzeetan egin nuen. 26 urterekin heldu nintzen Altsasura.
Zein izan da zure lanbidea?Altsasura etorri nintzenetik RENFEn lan egin izan dut. Hasieran RENFEko basozainen edo "forestal" delakoen alorrean lan egin nuen, baina hura desagertu zenean trenbide alorrean lan egiten hasi nintzen. 1988an, ezkondua eta bi seme-alaba nituela, Bartzelonara joan nintzen tren gidari titulua izateko ikastaroa egitera. Titulua atera eta gero trenbideen mantenuan lan egin izan nuen, tren gidari bezala, 58 urterekin jubilatu arte. Gauez egiten genuen lan beti, trenbideak itxi ahal zirenean. Irun eta Miranda ondoan zegoen Manzanos artean lan egiten genuen, baina gure egoitza Altsasun zegoen. Egunero nora joan behar genuen esaten ziguten: "Joan Zumarragara eta eremu honetako errailak soldatu!". Nik "trenillo" delako tren txikia hartu eta langileak bertara eramaten nituen. Printzipioz nire lana trena gidatzea zen, baina geldirik egoten ez dakidanez, mantenu langileei laguntzen nien. Nire lana izugarri gustatzen zitzaidan, lanera kontentu joaten nintzen egunero. Gainera, lankideekin primeran moldatzen ginen. 11 urte daramatzat jubilatuta, baina oraindik harremana dugu eta eurak bisitatzera joaten naiz. Orduan, asteburuetan ibiltzen nintzen bizikletan eta zura lantzen, astegunetan ezin nuelako.
Jubilatu zinenean zure zaletasunetan murgildu zinen buru belarri?Bai. Hasieran nolabaiteko krisia izan nuen: "zer egingo dut orain?" eta buru belarri murgildu nintzen bizikletan ibiltzen eta zura lantzen. Oso ongi etorri zitzaidan, horrela burua ere zerbaitetan okupatuta duzulako eta aktibo zaudelako. Nire zaletasun nagusia, berezko hobbya, bizikletan ibiltzea da. Leihotik begiratu eta eguraldi ona badago biziklea hartu eta banoa. Normalean goizean andreari etxeko lanetan laguntzen diot, eta bazkaldu bezain pronto bizikleta hartzen dut. Hiru txirrindula dauzkat, errepidekoa eta bi mountain bike, eta normalean mendi bizikletekin ibiltzen naiz; hori bai, errepideetan eta pistetan, ez naiz basora sartzen.
Egunero ibiltzen al zara bizikletan?Eguraldiak laguntzen badu bai. Iaz 15.630 kilometro egin nituen bizikletan. Urteak dituen 365 egunetatik soilik 22 egunetan ez nintzen bizikletan aritu, oso eguraldi txarra egiten zuen egunetan, hain zuzen. Aurten, 2007an, 940 kilometro daramatzat dagoeneko. Ia beti Urbasara igotzen naiz, izugarri gustuko baitut. Maitemindua nago Urbasarekin: familiakoei beti esaten diet hiltzen naizenean nire errautsak bertan haizeratu ditzatela. Bestalde, neguan ere Otzaurte eta Urdalur aldera jotzen dut, eta sarritan Gasteizko urtegiraino ere joaten naiz. Udako egun batean Urbasara igo, Zudairera jaitsi, bertatik Opakuara jo, Agurainera jaitsi, Gasteizko pantanora heldu eta handik etxera joan nintzen. Semeak egun batean ibilbide bera egin zuen eta erotuta nengoela esan zidan, berak 26 urterekin lehertuta bukatu zuela. Baina ni zoriontsua naiz bizikleta gainean. Urtero Altsasuko San Silvestre txirrindularitza lasterketan parte hartzen dut, Urbasaraino doan horretan. Lasterketa horretako hainbat trofeo ditut, ilusio izugarria egiten didatenak. Bestalde, ez nago inolako taldetan sartua ez federatua. Nire kabuz ibiltzen naiz bizikletan, nire erritmoan.
Sakanan bizikletan ibiltzeko zaletasuna dago?Bai, Altsasun jende asko ateratzen da bizikletan ibiltzera, baina batez ere jende gaztea da. Nik 70 urte beteko ditut aurten eta nire adinekorik ez da ibiltzen. Ni naiz guztien artean "carroza" edo edadetuena. Horregatik ere trofeo bereziak eman izan dizkidate.
Zur lanketari dagokionez, zer nolako lanak egiten dituzu?Gauza txikiak egiten ditut, mota guztietako bastoi edo makilak, zurezko goilarak eta tresnak eta figuratxoak, hontzenak bereziki. Nire kabuz ikasi izan dut zura lantzen, orduak sartu ahala hobetuz. Gero eta gehiago engantxatzen du horrek eta hortan jarraitzen dut, baina entretenitzeagatik eta ongi pasatzeagatik. Ez ditut modeloak edo marrazkiak jarraitzen, momentuan bururatzen zaizkidan irudiak egiten ditut. Bereziki lizarra eta pagoa erabiltzen dut, baina duela gutxi Aitor Mendozak ezpela ekarri zidan eta hori erabiltzen hasi naiz. Denbora librea dudanean tailatzen dut, lasai-lasai, etxean. Urte luze hauetan bastoi eta figuratxo asko egin ditut, ez dakit ziur zenbat. Batzuk oparitu izan ditut eta beste batuk saldu. Duela bi hilabete Aitzgorri jatetxeko jabeak esan zidan ea zergatik ez nituen bastoi batzuk bertara ematen, salgai jartzeko. Ongi ari dira saltzen. Bereziki toki ezberdinetatik etorritako kamioilariek erosten dituzte, oparitzeko. Altsasuko Maiatzeko Gurutzean urtero antolatzen den artisautza ferian postutxoa jartzen dut eta zura lantzen aritzen naiz. Olazti, Bakaiku eta Barañaingo ferietan ere egon izana naiz.
Osasunez primeran zaudela ematen du. Orain arteko martxa jarraitzeko asmotan?Osasun ona daukat, eta gorputzak laguntzen didan bitartean nire zaletasunekin jarraituko dut. Jendea, eta oro har jubilatuak, kirola egitera animatzen ditut: ibili, korrika egin, bizikletan aritu... edozer. Jubilatu eta etxeko sofan geratzea da nire iritziz egin behar ez dena, eta jende edadetuak oso kirol gutxi egiten du. Kirol pixkat egiteakongi mantentzen zaitu. Bestalde, aktibo egotea eta burua okupatuta egotea oso inportantea da. Denok dauzkagu zaletasunak -eskulanak, bildumak egitea... - inportanteena zaletasunak gauzatzea da. Eguneroko martxarekin oso zoriontsua naiz, gustuko dudana egiten dudalako. Hori handia da gero!