Oskar Guerrero eta Hodei Mazkiaran

Guaixe 2007ko otsailaren 2a

Oskar Guerrero Fuerteventura-Canarias taldeko zuzendaria Taldeak aurrera egin duelako, zorionak!Azkenean bai! Buruko min batzuk kosta zaizkigu baina justiziak arrazoia eman digu. Behar bada azpiegitura guztia ez dugu izanen baina Mallorkan hasiko gara lehiatzen. [UCIk lizentzia eskuratzeko paperak berandu aurkeztu zituen taldeak. Ohikoena isuna ordaintzea izaten da. Baina oraingoan ezezkoa eman zuten eta horregatik jo zuen taldeak epaitegietara].   Kontrakoaren beldur zinen?Beldur pixka bat bagenuen. Baina justiziak ez ditu beste kontu batzuk begiratzen. Paperak ikusita epaileak arrazoia eman behar zigula uste genuen. Baina denbora pasa zen eta... Azkenean guri arrazoia eman digu. Kaikuren ordezkorik lortu ezin eta proiektu berria bertan behera gelditzea latza litzateke, ezta?Bai. Kaikuren bi urtetan gauzak oso ongi atera ziren. Ekainean ez genuen arazorik ikusten babesle berri bat opatzeko. Dena okertu zen eta egoera horretan pentsatzen duzu: zergatik niri? Talde berrian zein motibazioa duzu zuk? Eta txirrindulariek?Nire motibazioa Kaikun nuen bera da. Txirrindulari gazte asko ditut, eta beterano batzuk. Aurrekontua berdina da. Horrek guztiak oso konpetitiboa izatera behartzen gaitu. Egunero egurra ematera. Ni ilusioz nago. Txirrindulariek kalitatea, ilusioa eta etorkizuna dute. Taldeak ere. Zein egutegi eginen duzue?Espainiako guztia. Zalantzan dago Euskal Herriko itzuliko eta Donostiako klasikoko parte hartzea UCI Protour mailakoak direlako eta gonbidapena behar delako. Portugalen ere bizpahiru lasterketetan parte hartuko dugu. Espainiako itzulian parte hartzeko gonbidapena behar da, horregatik denboraldiko azken zatia ez dugu lotu, gonbidatuak izan gaitezkeelako. Bestela, Europako probetan parte hartuko genuke garai horietan. Zure txirrindulariak ez dira sekula tropelean estali. Horrela segitzeko prest?Nik uste gure lana kamixeta saltzea dela. Batzutan irabaziz, besteetan ihesaldietan sartuz. Itzulietara sailkapenerako bi gizonekin goaz eta gainontzekoak egurra ematera, gogor lan egitera. Gainera, publikori hori gustatzen zaio. Horretarako indarra behar da. Baina gogoak badituzu beti duzu zerbait aurreratuta. Duzun taldearekin pozik?Normalki, talde guztia aukeratzea gustatzen zait. Zuzendari izateko baiezkoa eman nuenerako batzuk fitxatuak zeuden. Beste taldeetan aritutakoak badira ere ezagutzen ditut. Ni sartu naizenetik eskatu ditudanak etorri dira. Lauzpabost ongi ezagutzen ditut.17 dira. Ez dugu aukera izan denak elkarrekin egoteko. Aldi berean bi itzulietan parte hartzeko moduan izanen zarete?Ez dugu askotan eginen. Egitekotan Euskal Herriko itzulian eta aldi berean jokatzen diren Portugal eta Burgosko itzulietan. Txirrindulariekin baino, horrelakoetan arazo gehiago izaten da bestelako azpiegiturekin. Erronketako bat itzuli handi batean parte hartzea izanen da, ezta?Bai. Itzuli handi batek prentsan oihartzun handia du. Babeslearen erakusleiho handia da. Hor egoteko gogor lan egin behar da. Eta lortuz gero babeslea pozik egonen da eta jarraituko du (2 urterako egitasmoa da Fuerteventura-Canarias taldearena). Zaila da eta errepidean gogor jo beharko dugu. Zer moduzko egitura dut aldeak?Aurrekontu txikiarekin denetarik ezin da egin. Baina Libertyk utzitako bi autobus ditugu. Eta hori garrantzitsua da. Autoak, txirrindulak, arropa, egin behar diren paper guztiak... dena 15 egunetan egin behar da. Hori errekorra litzateke. Normalean bi hilabete lehenago egina egon behar du. Ea Mallorkarako edo Andaluziarako dauden. Eskatu duzun guztia duzu?Ez dut asko eskatu. Ni ongi nago dudanarekin. Urte bat daukagu garena erakusteko. Inportantea zarenean bai, eskatzen duzu. Baina, orain, gutxi eskatu eta hori hartu. Belda atzean egoteak batzuen begien aurrean susmopean jarri zaituztete?Mundu honetan hipokresia handia dago. Vicente aholkularia da. Politikariak beregana joan ziren, besterik ez. Berak, langabezian zeuden bere taldeko txirrindulari gazteak eta laguntzaile batzuk talde berrian sartu zituen. Nik nireak sartu ditut. Vicente etxean egonen da lasaitasuna nahi duelako eta taldea niri eman dit zuzentzeko. Batzuk lur azpian nahi dute. Baina zer egin du? Manzano eta Puerto auzian bere izena agertu da. Baina ez da ezer ez frogatu. Badakigu nolako den hau. Nik errespetua diot. Zuzendari ona da eta bere txirrindulariak beti aurrean izan dira. Nik esan diot gustatuko litzaidakeela taldea Kaikuren jarraipena bezala ikustea jendeak. Nolaz sartu ziren uharteak txirrindularitza babestera?Illes Balears taldearen eredua ongi funtzionatu dutela ikusi dute. Haiek martxa zikloturista handiak antolatzen dituzte. Txirrindularitza beti hor dute. Taldea sortzeko eta irla Europan saltzeko aukera ikusi dute. Egun asko eman beharko dituzue han?Ez. Aurkezpena han egitekoak ginen. Baina guztiaren ondoren ez dago denborarik. Tarte bat dugunean hiruzpalau egun emanen ditugu, jendeak taldea ikus dezan. Zerekin konformatuko zinateke urte bukaeran?Beti pentsatu dut ezer ezekin ez zarela konformatu behar. Lehenengoa irabaztearekin pentsatzen hasi behar dugu. Hura lortzean, bigarrenarekin. Hirugarrenarekin. Laugarrenarekin... Balantzea bukaeran eginen dugu. Etorriko dira. 6 irabaziz gero oso-oso denboraldi ona litzateke (Kaikuren 1. denboraldian 5 eta  2.ean 7). Podiumak lortzea edo bestelako sailkapenak eskuratzeka nolako taldea zaren erakusten du. Mundu honetan gaudenak balio asko ematen diogu. Iker FloresBetiko lagun bat, Iker Flores, zure esanetara duzu. Zer moduz?Asko ezagutzen dut. 7 urtetatik. Profesionaletan ez da nirekin egon, baina egunero telefonoz aritu izan gara. Ongi ezagutzen dut. Azken bi urteak ez ditu ongi pasa. Taldean arazoak zeuden eta horrek buruari eragin zion. Orain buruz ongi dago. Proiektuarekin ilusioz eta, gainera, ni ondoan nauela. Behar bada bateren bati ahoa itxiaraziko dio. 30 urte ditu baina, oraindik ere, baditu hanketan hiruzpalau urte on. Zein paper jokatuko du Ikerrek taldean?Bere puntu onena apirila, maiatza eta ekainean izaten du. Sasoi hasiera lasaia eginen du. Erritmoa eta kilometroak pilatzera joanen da. Garai horretan bera taldeko liderra, gizon indartsua izatea nahi nuke. Denbora asko dugu burua lantzeko eta poliki-poliki joateko, estutu gabe. Lasai. Poliki joanen gara. Ez dezala pentsa lehen egunetik irabazi beharra duela. Etorriko dira. Bere buruari esan behar dio txirrindulari ona dela. Zein egutegi izanen du Ikerrek?Andaluzia, Murtzia, Portugalgo probaren bat agian. Sasoi betean Euskal Herria, Aragoi, Errioxa, Katalunia eta Euskal bizikletarako egonen da. Horiek oso proba onak dira.     Hodei Mazkiaran UriaPistako txirrindularia Mallorkatik etorri berri zela, asteazken gauean, erantzun zituen pistard altsasuarrak Guaixeren galderak. Estatuko selekzioarekin batera Palma de Mallorkako Son Ferrán belodromoa mustu eta bestelako probak egiten egon da Mediterraneoko irlan. Etorkizun oparoa aurreikusten dioten txirrindularia buru belarri dago pista sasoian murgilduta. Pistako denboraldian bete-betean zaudete, zer moduz?Ondo. Orain gutxi Los Angelesen egon gara eta Munduko Kopan 4. postua lortu nuen. Orain, otsailaren erdi aldera Manchesterrera goaz. Martxoaren 5ean Espainiako txapelketa izanen da eta martxoaren 29an, Mallorkan, mundiala hasiko da. Lehiaketa horietan guztietan presente egonen naizela uste dut. Nolaz sartu zinen belodromoan lehiatzera?Kasualitatez. Haur mailan nengoela Espainiako txapelketetara joan nintzen. Pista lehiaketa ere bazegoen. Probatzeagatik sartu nintzen eta irabazi egin nuen. Jarraitu egin dut eta ongi moldatu naiz. Selekziorako hartu arte. Kadeteetan sartu nintzen, baina ez zen oso serioa. Orain bai. Gogor lan egin behar da. Pista ez da ohikoena izan Sakanan.Orain arte ez. Baina Rural Kutxa taldeko gazte mailako txirrindulariak pista egitera doaz eta nahiko ondo dabiltza. Pixkanaka, gero eta zaletasun gehiago dago. Zein alde daude errepidea eta pistaren aldean?Bat belodromoan egiten da bestea kalean. Pistako txirrindulak ez du ez frenorik ezta kanbiorik ere. Errepideko txirrindulariek ordu gehiago entrenatu behar dituzte. Pistan, ordea, indar gehiago behar da. Bizikletaz gain gimnasioan lan egin behar da. Pistan ere aerodinamika kontutan hartzen da. Kasko eta buzo bereziak jantzi behar ditugu horregatik. Pistako probetan errepidekoetan baino abiadura handiagoan gabiltza, denbora tarte txikiagoan bada ere. Pistard asko sprinter sartzen dira gero. Zure burua hor ikusten duzu?Pistako txirrindularitza mota pare bat daude: abiadura eta iraupena. Iraupen probetan aritzen direnak dira sprinter aritzen direnak. Ni abiadura probetan aritzen naiz. Abiaduran, abiada handian ibiltzen gara, indar handiarekin, baina denbora gutxiz. Nire etorkizuna pistari lotua ikusten dut. Zein lehiaketetan ari zara parte hartzen gaur egun?Munduko eta Espainiako kopan eta Euskadin egiten diren probetan. Astebururo ez bada, bi astebururo probaren bat dut. Zer nabarmenduko zenuke lehiaketa bakoitzetik?Munduko kopan Espainiakoan baino maila handiagoa dago eta onenekin zabiltza. Espainian nahikoa maila ona dago. Baita Euskadin ere. Baina iraupenean. Pistako txirrindularitza Euskadin eta Espainian ere indartzen ari da. Lehen testimoniala zen. Badira errepideko txirrindulari batzuk pistan ere ari direnak. Errepidean jende pila dago, baina ondo kobratu gutxi batzuk besterik ez dute egiten. Batzuendako soldata osatzeko modu bat pistan aritzea da. Gazteendako ere txirrindularitzak eskaintzen duen beste aukera bat da. Tafallako belodromoa bigarren etxea izanen da zuretzat, ezta?Bai. Astean bizpahirutan noa. Ordu pila pasatzen ditut han. Normalean eguneko 2 ordu sartzen ditut intentsitate handian lan egiten. Batzuetan abiatzeak lantzen ditut. Hau da, geldi egotetik ziztuan jartzera. Bestetan pedal kolpeen kadentzia lantzen dut. Pistan lan jakin batzuk egiten ditut. Gimnasioko lan asko egiten dut ere. Etxean pisuk jarri ditut indarra lantzeko. Zeinek prestatzen zaitu?Espainiako hautatzaile Salvador Cabeza de Vacak. Asteko plana bidaltzen dit eta nik hura betetzen dut. Pistako talde bat ere sortu da, ezta?Euskadin Eustrak eta Nafarroan Conor-Limutaxi. Azken horretan nago eta Espainiako egutegia eginen dugu. Martxo aldera mustuko gara lehiaketan. Taldearekin pozik nago. Nafarroan pista txirrindularitza sustatzeko balioko du. Ongi badoa Nafarroako Gobernuak diru gehiago sartuko du pistan. Bestetik, heldu den urtean Eusktrak taldearekin aritzeko eskaintza jaso dut. Pentsatzen ari naiz. Rural Kutxak ere gazte mailako taldean jarraitzeko eskaintza egin zidan, baina pista taldearekin jarraituko dut. Pena ematen dit taldea uztea, herrikoa delako eta bizi osoa hor eman dudalako. Baina noizbait joan beharko nuen. Pista taldeak zein helburu ditu?Oraindik guztia hitz egiteko eta egiteko dago. Fitxatu egin naute, bakarrik. Nonbait irakurria dut Pekingo olinpiadetara (2008 urtean) joan zaitezkeela.Ongi joaten banaiz eta egin beharrekoa egiten badut, bai. Baina oso gazte hartzen nau. Joateak ilusio handia eginen lidake. Bitartean, zer moduzkoa da Munduko Kopako esperientzia?Oso ona. Munduko onenak daude. Hor aurrean ikustea... oso pozik. Ta nola moldatzen zara ikasketak aurrera eramateko?Pazientziarekin. Lanbide Heziketan mantenu ikasketak egiten ari naiz. Aurten ez ditut ikasgai guztiak gaindituko. Bi urtetan egitea espero dut. Pazientziarekin.