Nola sortu zen Etxarri Aranatzen joaldun taldea sortzeko ideia?Infernuko Hauspue folklore eskolan sortu zen ideia. Nahi zena zen kultura espresio ezberdinak martxan jartzea. Batzuk dagoeneko martxan daude -trikitixa eskola, pandero eskola, Etorkizuna dantza eskola eta txalaparta eskola, duela 2 hilabete hasi zena, 16 pertsonarekin- eta joaldunena beste bat izango da. Herriko jende askok beti izan du interesa zanpantzarrean, baina ez da sekula serioski martxan jarri. Batzuen artean erabaki zen behingoz taldea sortzea eta bilera batera deituz kartel bat jarri zen herrian. Interesatuekin zuzenean hitz egin eta jendeak gogoa erakutsi zuenez, gutxinaka sortze lanetan hasi gara. Oraindik ez dakigu zein izen hartuko dugun, Etxarriko joaldunak edo Etxarriko zanpantzarra, bi hitzak erabiltzen baitira. Ikusiko dugu.
Zenbat kide zarete?Izena emanda 20 pertsona pasa gaude, taldean jarraitzeko konpromisoarekin. 20 urtetik 35 urte bitarteko gazteak gara, koadrila ezberdinetakoak. Nahasketa ona da, parranda batzuk egiteko talde elegantea, ongi pasatzea baita ekimenaren helburuetako bat. Soilik 3 neska, gainontzekoa mutilak dira, horregatik neska gehiago animatzeko deia egiten dugu.
Lehen entsegua larunbatean egin zenuten. Nor duzue irakasle?Taldea martxan jartzeko beste zanpantzar baten laguntza behar duzu edo bestela diru asko, materiala garestia baita. Txantreako zanpantzarrekoekin hitz egin genuen eta esan ziguten guri erakusteko materialarekin etortzeko prest zeudela, eta gure hasierako emanaldietarako ere materiala utziko zigutela. Aurreko larunbatean etorri ziren eta lehen entsegua egin genuen. Hasieran belauniko jartzeko agindu eta larrua jarri ziguten. Soka finekin asko estutzen zaituzte, eta akaso hori izan zen deserosoena hasieran, faleen pisua ez baita hainbesterainokoa. Ongi pasatu genuen, barre algaraka ibili ginen tarteka, hasieran ez baikenuen erritmorik hartzen.
Faleak dantzan jartzeko sekreturik ba al dago? Zer da erritmo hori hartzeko egin behar dena?Harrituta geratu ginen: zapaltzen duzun hankaren belauna jaitsi behar duzu eta aldiberean aldakarekin edo gerriarekin kolpe bat eman behar duzu aurrera. Erritmo hori hartzea kostatzen da. Hasieran bi iladatan jarri gintuzten, falerik gabe, eta Txantreakoak aurrean zirela mugitzen hasi eta gu haien atzetik mugimendua hartzen saiatu behar ginen. Erridikulua egitearen sentsazioa genuen, ez baikenuen lortzen. Gero faleak jantzita gauza bera egin behar genuen. Pare batek hasieratik hartu zioten martxa, baina gainontzekoei gehiago kostatzen zitzaigun. Ilaran zuzen joaten ginenean heltzen zen momentu bat denak parean gindoazena, faleen hotsa bakarra zena, baina gurutzatzen hasten ginenean erritmoa galtzen genuen. Seinale ona da norberak bere falea ez entzutea, beste guztien faleekin batera doanaren seinale. Dena den oso pozik bukatu genuen eta pentsatzekoa da entseguak aurrera joan ahala erritmoa hartuko dugula. Aurrekoaren pausuari jarraitzea da gakoa, ez hotsari. Ongi joaten ginenean, gorputzak oihu egitea eskatzen zigun, emozioarengatik.
Hortaz, erritmoa ongi ematea indarra baino inportanteagoa da...Bai, eta fisikoki fondoa izatea ere bai, ordu erdi gelditu gabe ibiltzea tokatzen bazaizu kriston esfortzua egin behar baituzu. Belaunak ere nekatu egiten dira. Bestalde, pilotalekuko oihartzunarekin faleen ahotsa asko entzuten zen. Eguraldiak laguntzen duenean kalean entseatuko dugu, eskolen kanpoaldean, eta ziur oihartzunik gabe askoz hobeki ikasiko dugula.
Materiala eskuratzeko zein pausu emanen dituzue?Mahoizko praka, galtzerdiak, zatak, ator txuria, kuadrodun lepokoa eta azpigona norberak erosiko ditu. Txanoak eta isipuak geuk eginen ditugu. Txanoak egiteko basea edo kartoiak badauzkagu. Base hau oihalekin forratu ondoren azpigonari farfaila jarri behar zaio, eta gero oihal tirak, azkenean goian lumak sartuz. Eskuetako isipua egiteko zaldien buztanak behar dira, eta material hori lortuko duen pertsona lotua dugu. Gero larruz forratutako euskarri batekin kirtena egingo dugu. Bestalde aipatzekoa da gure taldeak adar jotzailea izango duela. Adar bat lortu ziguten eta Antzuolara eraman genuen muturtxoa jartzera eta prestatzera.
Larrua eta batez ere faleak dira garestiena. Gerria tapatzen duten larruak erabiliko ditugu, eta zuzenean artzainekin tratua egiten saiatuko gara, larrua merkeago ateratzeko. Kasu honetan arazoa larruak ongi ontzea da, baina saiatuko gara. Bestalde, bota pertsona bakoitzaren faleak, 2 fale, 250-300 euro direla, eta Lekunberrin egiten dituzte. Gure asmoa lehenbailehen taldea martxan jartzea da. Txantreakoek hasierako emanaldietarako materiala utziko digutenez, emanaldi horietan zerbait ordaintzen badigute gure materiala erostera bideratuko dugu diru hori. Gero diru laguntzak eskatuko ditugu, boletoak saltu edo behar dena antolatuko dugu materialerako dirua lortzeko.
Soilik Etxarrin ateratzea edo herritik kanpo irteerak egitea da asmoa?Lehenik eta behin taldea martxan jartzea eta joareak dantzatzen ikastea da asmoa. Gero apuntatu den jendearen artean erabakiko dugu nolako taldea sortu nahi dugun. Helburua taldea mantentzea da, eta ez hasieratik hamaika ekitalditan aritu eta taldea berehala erre eta nekatzea. Taldekideen konpromisoak, nahiak eta borondateak erabakiko du urtean 8, 5 edo hiru aktuazio diren. Ongi pasatzea eta jendearen arteko harremanak bulkatzea da kontua. Ildo honetan, norbaitek taldekide izateko interes eta konpromisoa badu 610 610 575 telefonora hots egin dezake. Deialdi berezia egiten diegu neskatoei. Jendea gogoz hasi da, ilusio askorekin, eta larunbateko entsegua eta gero jendea emozionatuta zegoen. Etorkizunean zanpantzar txikia sortzea polita litzateke, baina helduen taldea sendotzea da lehena.
Noiz izango da zuen estrenoa?Etxarri Aranazko euskal festan ateratzea da asmoa, maiatzaren 26an. Baina bi aste lehenago, maiatzaren 12an, Euskal Jai bat antolatu behar dute Gironako kontzertu gune batean. Autobus bat jarri nahi dute Etxarritik. Ziurrenik Etxarriko txalapartariak, zanpantzarra, Gazte Asanbladako kideak eta beste joatea da asmoa.