Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Noiz sortu zitzaizuen produktu ekologikoak kontsumitzeko kezka?Kontxi: Niri aspalditik. Barazkijalea izan nintzen denbora luze batez, 15 urte inguru. Orduan Errenterian bizi nintzen eta han errazagoa zen produktu ekologikoak eskuratzea. Baina Nafarroara bizitzera etorri nintzenean barazkijale izateari utzi nion, zailagoa egiten baitzitzaidan tentazioari eustea, eta gainera, ni, izatez, malgua naiz. Baina produktu ekologikoak kontsumitzen duela 20 urte edo hasi nintzen. Bea: Elikagaietan zikinkeria asko —kontserbanteak eta beste— zeudela jabetzen hasi nintzenetik, eta bereziki osasun arazoak izaten hasi nintzenetik sortu zitzaidan elikagai ekologikoak kontsumitzeko kezka. Azalean nituen arazoak sendatze bidean mediku naturistetara joaten hasi nintzen eta elikadura gehiago zaintzen hasi nintzen. 5 urte inguru daramatzat produktu ekologikoak kontsumitzen.
Elikagai guztiak izan daitezke ekologiko. Hau da, barazkiak eta frutaz gain haragia, pasta, arrotza, ogia... dena izan daiteke ekologikoa?Bai. Zaila dena lortzea da, baina egon badaude. Enbutidoak edo hestekiak ere ekologikoak izan daitezke.
Non erosten dituzue elikagai ekologikoak?Guk Etxarriko belar dendan. Arrotza, txitxirioak, lentejak, arrotz esnea, soja esnea... Badaude bertan ez dauzkaten produktuak baina guk eskatu eta propio ekartzen dizkigutenak. Bestalde, ogia nahiko erraza da lortzen. Orain hasi da Antton izeneko gizon bat Urdiainen ogi ekologikoa egiten eta berari erosten hasi gara. Baina zailena berdura, fruta eta haragi ekologikoa lortzea da, hemen ezinezkoa da.
Azoka batzuetan produktu fresko ekologikoak saltzen dituzte...Bai, baina baserritar guztiek ez dituzte produktu ekologikoak, askok plagak kentzeko produktuak erabiltzen dituzte. Hortaz, jakin behar da nora joan erostera. Kontxi: ni denboraldi batean Lasartera joaten nintzen astean behin eta bidaia aprobetxatzen nuen han erosteko.
Gipuzkoan errazagoa al da produktu ekologikoak eskuratzea?Bai, herri handiagoak dira, eta ondorioz kontsumitzen duen jende gehiago eta erosteko aukera gehiago dago. Sakanan jende gutxi bizi gara holako produktuak kontsumitzen ditugunak. Gainera, Lasarten Manttangorri izeneko kooperatiba bat dago, eta produktu ekologikoak erostea errazagoa da. Altsasuko azokan Manolo Grado hasi zen halako produktuak saltzen, baina jende gutxik erosten zuelako utzi behar izan zuen. Horregatik hasi gara kontsumitzaileak biltzeko deia egiten, ea produktu fresko ekologikoak eskuratzea lortzen dugun.
Produktu ekologikoa zaporean nabaritzen da? Zapore ezberdina al dute?Bai, asko! Tomateak, sagarrak, gereziak, kiwiak... izugarri nabaritzen da. Oso onak dira, oso zapore bizia eta ezberdina dute. Aurten baratza landuko dugu, modu ekologikoan.
Eta zuk, Bea, osasunean aldaketarik nabaritzen duzu?Bai, elikadura zaintzen hasi nintzenetik askoz hobe nago.
Zerbait %100ean ekologikoa izan daiteke? Produktu ekologikoak diren zertifikazioa duten produktuak %100ean ekologikoak dira, hori guztia oso kontrolatuta dagoelako. Bestalde, Europatik elikagai ekologikoak landatzen diren eremuak besteetatik mugatzeko araudi sendoa ezarri dute, batez ere elikagai hauek transgenikoak direnetatik babesteko.
Semeari ere produktu ekologikoak ematen dizkiozu?Bea: Bai, koxkortuta dago eta guk jaten duguna jaten du. Papilla eta prestatutako tarro horiek ez ditu sekulan probatu. Fruta, berdura, haragia... denetatik jaten du.
Zeintzuk dira elikagai ekologikoen abantailak?Osasunarendako askoz hobeak direla eta zaporea ere hobea dela. Baina bizitzeko modu bati lotua dago hau. Elikagai ekologikoek ematen dizuten energia ezberdina da, bizitzaren energia. Beste elikagaiei zomorroak hiltzeko produktuak botatzen zaizkie, eta haiek hil egiten dira, baina guk ere hori jaten dugu eta neurri batean "hiltzen" gara, edo gutxienez kutsatu, gure zelulek produktu hori hartzen dutelako. Eta oso inportantea da produktu ekologikoak kontsumitzea lurraren jasangarritasunari eta lurra zaintzeari begira.
Desabantailarik al daukate? Akaso produktu ekologikoak garestiagoak direla?Guretako kalitatezko bizitzak ez dauka preziorik. Kontua da produktu hauek lortzea kosta egiten dela, agian kilometroak egin behar dituzula erosteko, eta hori da txarrena. Bestela, ez du desabantailarik. Kontsumitzaile gehiago dauden momentutik aurrera ziurrenik prezioa janari normalaren ia antzekoa izango da. Gaur egun ekologikoak garestiagoak dira, baina guretako merezi du erostea, honek guztiak gure bizitzeko filosofiarekin daukalako lotura. Gure bizimoduaren parte denez ez diogu bueltarik ematen. Beste pertsona batzuk dirutza utziko dute guk uzten ez dugun tokian.
Guaixen iragarkia jarri zenuten produktu ekologikoak kontsumitzen dituzten beste familiekin harremanetan jartzeko. Zer lortu nahi duzue?Ahalik eta kontsumitzaile gehienak biltzea produktu freskoak erosi ahal izateko. Sartagudan banatzaile bat dago eta han erosi daitezke. Eskaera bat egiten baduzu etxera ekartzen dizute, baina eskaera majoa izan behar du. Hainbat familia elkartu, bakoitzak bere erosketa zerrenda ekarri eta guztion artean akaso 13 kiloko platano kaxa erosi dezakegu, produktu freskoak kantitate handitan baitoaz. Ideia hau sortu zitzaigun Ilunberrin bizi den lagun bat halako kontsumitzaile ekologiko elkarte batean dagoelako, eta eurek horrela egiten dutelako erosketa. Gazta, axuri eta txahal ekologikoa ere erosten dute. Kontsumitzaile talde bat elkartzen bagara gauza gehiago egin daitezke, eta prezio askoz merkeagoa lor daiteke. Gurekin harremanetan jarri nahi dutenek hots egin dezatela 659 042 372 telefonora.
Badirudi jendeak produktu osasungarrien alde egiten duela baina praktikan hala da?Jende askok zabor-jana eta prestatutako produktuak kontsumitzen ditu. Alde batetik esaten dugu hoberena nahi dugula baina gero ez dugu praktikan jartzen.
Etorkizunean produktu ekologikoen kontsumoak gora egingo du?Bai, derrigorrez egin behar du. Ez bada igotzen akabo!!! Aldaketa bat egon behar da, ziur gaude. Elikagaien osagaiak begiratu eta ikaratzeko modukoa da. Horrek guztiak osasunean eragina izan behar du, prezio bat dauka. Azkarregi bizi gara, ezeren gainean kontzientziarik hartu gabe, eta ongi bizitzeko guztia zaindu behar dugu.