Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maria DorronsoroAnestesiako MIRra (lehenengo urteko mediku erresidentea)
Mediku izateko zein ikasketa egin behar dira? Eta honekin lotuta, zer da MIRra?Mediku izateko lehenik eta behin Medikuntza ikasketak egin behar dira, unibertsitatean 6 urteko karrera gaindituz. Espainiar Estatuan mediku bezala lan egiteko mediku espezialista izan behar zara; hortaz, espezialitatea ez baduzu egiten karrerako 6 urte horiek ez zaizkizu ezertarako balio. Espezialitatea egiteko MIRra egin behar duzu, eta hemen bi fase daudela esan daiteke. Lehenik eta behin Estatu Espainiar mailan egiten den oposaketa edo azterketa bat pasa behar da, eta oposaketa hori gainditzen baduzu, atera duzun postu edo zenbakiaren arabera aukeratzen duzu zure espezialitatea zein izango den eta non egingo duzun. Bigarren fasean, zuk aukeratutako ospitalean eginen duzu zuk hautatutako espezialitatea, MIR (Medico Interno Residente) mediku erresidente bezala.
MIRrak: MEDIKU ERRESIDENTEAKUlertzeko nahiko konplikatua den prozesua da. Zure kasua azaldu dezakezu?Nafarroako Unibertsitatean 6 urteko Medikuntza karrera ikasi nuen, eta espezialitatea egiteko bidean urte oso bat egon nintzen MIR azterketa prestatzen. Egun batean egiten den oposaketa da, bost orduko azterketa, Espainiar Estatu guztian batera egiten dena, nahiz eta ikasle bakoitzak bere herrialdean egin. Azterketa hau oso gogorra da, 6 urtetako karreran ikasitako guztia eta medikuntzan dauden espezialitate guztietako galderak sartu ahal baitira. Proba hau prestatzeko akademia bereziak daude eta urte guztia ematen duzu bertara joan eta azterketa prestatzen. Niri oposaketa uste baino hobeto atera zitzaidan, gainditu eta postu nahiko ona atera bainuen. Postu horren arabera nire aukeraketa txanda heldu zenean, une horretan Estatu mailako ospitaleetan zeuden espezialitate eskaintzen artean Iruñean, Nafarroako Ospitalean, "anestesia, reanimacion y terapia del dolor" espezialitatea egitea aukeratu nuen. Gertatu ahal zaizu zuk nahi duzun espezialitatea etxetik urrun egotea eta bertara joan behar izatea, baina nik zortea izan nuen. Orain Nafarroako Ospitalean nago anestesia espezialitatea egiten. MIR medikua naiz, mediku erresidentea. MIRrak ez gara bekadunak ez praktiketan gauden ikasleak: medikuak gara, Medikuen Elkargoan kolegiatuta gaude, espezialitatea egiten ari garen bitartean lan egiten dugu, eta ospitalean lan asko kentzen dugu, gainera. Egoera inkongruentea da: gure kontratua formazio-kontratua da, baina lana egiten dugu. Eskulan merkea gara administrazioarendako. Jendeari kosta egiten zaio MIR zen den ulertzea. Jendea ospitalera doanean guk artatzen diegu. Batan gure izena eta "Medico Interno Residente" jartzen du. Espezialistak diren eta kontratua duten medikuak "Medico Adjunto" dira.
Zenbat denbora eman behar duzu MIR mediku erresidentea izaten ?Espezialitatearen arabera, lau edo bost urte. Nire kasuan anestesia lau urteko espezialitatea da. Orain lehen urteko mediku erresidentea naiz.
Zein da MIR baten lan ordutegia?Ordutegi ofiziala da goizeko 8:00etatik 15:00etara, guardiak aparte. Guardiak edozein egunetan izan daitezke, astegun, asteburu edo jaiegunak barne. Hilean bostetik zazpi guardiara bitartean izaten ditugu, eta asteburuei dagokienez, hilero bi asteburutan tokatzen zaigu guardia. Guardiak 24 ordukoak dira, goizeko 8:00etatik hurrengo eguneko goizeko 8:00ak arte. Legez guardiaren hurrengo egunean ez ginateke lanera joan behar —"libranza de guardia" deitzen zaio honi—, baina espezialitate batzutan ez da hori errespetatzen eta gerta ahal da hurrengo egunean lanera joan behar izana eta jarraian 31 ordu lanean ematea. Zerbitzuan esaten badizute lana egin behar duzula, askotan ez zara ausartzen ezezkoa ematera, nahiz eta legez eskubide hori izan... Bestalde, oporretarako 30 egun har ditzakegu urtean.
MIRren ETA MEDIKU ADJUNTUEN ARTEKO EZBERDINTASUNAMediku adjuntuak zuen alboan egon behar dute uneoro, MIRrek egiten duzuena jarraitzen eta zuen lanari onespena ematen?Baietz suposatzen da, baina hau espezialitatearen araberakoa da. Anestesian, esaterako, asko ikuskatzen gaituzte. Guk mediku adjuntuek egiten duten lan berbera egiten dugu baina lehen urtean beti adjuntuak gure ondoan daude eta uneoro gainbegiratuta gaude, ikasten gaudelako; bigarren urtean ez uneoro, baina beti egon behar da mediku adjuntu bat ondoan, edozein zalantza argitzeko; eta hirugarren eta laugarren urteetan gutxiago. Beste espezialitate batzuetan lehenago hasten dira bere kontura gauza gehiago egiten. Hala ere, uste dut askotan dagoen baino kontrol gehiago egon behar litzatekeela, batez ere larrialdietan, askotan han dagoen mugimenduarekin zaila izaten da uneoro mediku adjuntua zure ondoan egotea. Eta sarritan gure burua behartuta ikusten dugu erabakiren bat hartzera eta ardura handia da. Hain zuzen ere gure eskaeretako bat hartzen dugun errespontsabilitate hori baloratzea da. Hau anestesia arloan ez da gertatzen, baina beste espezialitate batzuetan hirugarren urteko erresidente askok mediku adjuntuen lan berbera egiten dute, euren lana ikuskatu gabe. Lan berbera egiten dute MIRrek, baina ez zaie berdin baloratzen.
Zuek egiten duzuen lana baloratzen dela uste duzue?Ikusten duguna da egiten dugun lana eta hartzen ditugun errespontsabilitateak ez direla baloratzen, ez ekonomikoki ezta ikuspuntu sozialetik ere. Jendeak ez gaitu ezagutzen, ez daki zer garen, pentsatzen du praktiketan gaudela, baina lanean gaude eta lana egiten dugu. Planta pasatzen ari zarenean batzutan esaten dizute "haur aurpegi horrekin izango zara zu mediku!" eta halakoak. Eta matxismoa asko nabaritzen da. Emakume mediku MIRra, praktiketan dagoen Medikuntzako laugarren mailako ikasle gizonezko batekin badoa, normalean ikasle horrengana zuzenduko dira, medikua bera dela uste dutelako. Jende nagusiak ez du garbi neskak eta gazteak medikuak izan ahal garenik; gehienek erizainak edo praktiketan gauden ikasleak garela uste dute.
MIRren ESKARI NAGUSIAKMIR mediku erresidenteak mobilizatzen hasi zarete. Zeintzuk dira zuen eskakizun nagusiak?"Mediku erresidenteendako lan duintasuna" da gure lelo nagusia. Medikuak gara, lizentziatuak, guztia ongi badoa 30 urte izan arte ez gara mediku espezialistak eta ezin gara lanean hasi, eta MIR mediku bezala gure oinarrizko soldata hilero 1.000 eurotik beherakoa da. Guardiak egiteagatik berdin ordaintzen digute asteburuan edo astean zehar: 7,14 euro gordin orduko —mediku adjuntuei 20 euro inguru ordaintzen zaie guardia ordua—. Gaur egun inori ez zaio lanordua 7 eurotan inon pagatzen. Zehazki, hau da gure eskaria, beste komunitate autonomo batzuetan onartu izan dena: lehen urteko erresidenteei orduko 11 euro ordaintzea eta gero urtetik urtera euro bat igotzea. Honi lotuta, "libranza de guardia" delakoak errespetatzea eskatzen dugu, hau da, 24 orduko guardia egin eta gero hurrengo egunean lan ez egitea.
Mediku adjuntuak zuen eskakizunekin bat egiten dute?Bai, asko babesten gaituzte. "Yo tambien fui MIR" dioten pegatinak egin ditugu eta adjuntuen artean arrakasta handia izan dute, eta asko gure mobilizazioetara agertzen dira. Zerbitzuko arduradunak ere bukaeraraino joateko gomendio egin digu. Beraiek ere gure egoera berbera bizi izan zuten eta asko babesten gaituzte.
MIRren egoera Estatu mailan berbera da?Ez. Duela hilabete batzuk atera zen dekretu bat MIRei Estatu mailan soldata %18an igo behar zigutela esanez. Sekulako fartsa izan zen, alde batetik soldata igo zigutelako baina bestetik osagarri guztiak kendu zizkigutelako, berdin geratuz. Orduan Estatuko komunitate batzuetan mobilizazioak hasi ziren eta hobekuntzak lortu zituzten. Adibidez Katalunian ni bezala dagoen erresidente batek guardiako lanorduetan nik baino ia 3 aldiz gehiago irabazten du. Komunitate artean ezberdintasunak hasi dira eta hori izan da amorrarazi gaituena. zure lan berbera eginez ondokoak gehiago kobratzen dutela ikustea...
Nafarroa ez al da osasungintzaren arloan buruan dagoen komunitatea?Garai batean fama hartu zuen eta pentsatzen da osasungintza Nafarroa punta puntan dagoela. Akaso garai batean, baina orain ez. Zerbitzu mailetan ongi dago, baina itxarote zerrendak handiak dira. Administrazioak jarritako baliabideengatik baino profesionalen inplikazioagatik mantendu da osasungintzaren egoera. Izan ere, mediku batek ez du gaixo bat sekula botata utzi behar.
Arazoak ditugunean medikuekin haserretzen gara administraziora jo beharrean...Arazoa goian dago, Administrazioan: geroz eta mediku gutxiago, gaixo gehiago, aurrekontu berbera edo gutxiago... Kexak badaude pazientearen arreta zerbitzura jo behar da eta bertan horren berri eman. Medikuei edo erizainei kristonak esaten badizkiozu hor geratzen dira eta kitto, baina egoeraz goian dagoena enteratu behar da, administrazioko arduraduna, eta jendea kexatzen bada akaso zehozer aldatuko dute.
MOBILIZAZIOAKZeintzuk dira egiten dituzuen mobilizazioak?Elkarte bat sortu dugu, AMIRNA (Agrupacion de MIRes de Navarra) izenekoa. Egunero 12:00etan ordu laurdeneko geldialdia egiten dugu Principe de Viana Kontsultategiaren aurrean, Eta asteazkenetik hasita, asteazkenero bilkurak eginen ditugu Iruñeko Carlos III.a etorbidean, Nafarroako Jauregiaren aurrean, 18:30ean. Bestalde, komunikabideetara komunikatuak bidaltzen ditugu eta Nafarroako Ospitalean eta Bideko Ama Ospitalean gure egoeraren berri ematen duten mota guztietako eskuorriak, kartelak eta beste topa daitezke. Protesten barruan, artatzen ditugun gaixoei "MIR mediku batek artatu zaitu" izeneko orri informatiboa ematen diegu. Hau da gure bidea Administrazioarekin hizketan asteko. Ostegunean Osasunbideako Giza Baliabideen zuzendari Alberto Margallorekin bildu ginen baina ez dugu eskakizunen inguruko erantzun formalik jaso.
AZKEN PAUSUA: GREBAAdministrazioaren partetik erantzunik jasotzen ez baduzue grebara joko al duzue?Duela gutxi lan hitzarmen bat eman ziguten sinatzeko, eta MIRrek erabaki dugu ez sinatzea, gure egoeran ez baita aldaketarik jasotzen eta ez gaudelako ados. Lan hitzarmen hori erredaktatu zenean ez zegoen mediku erresidenterik. Ez gaude sindikatuta, baina Mediku-Sindikatuak (Sindicato Medico) laguntza ematen ari digu. MIR guztiak oso batuta gaude eta eskakizunekin bat egin dugu. Administrazioarekin hitz egitea eta gure egoerari soluziobidea emateko negoziazioetan hastea da eskatzen duguna. Erantzunik ez badugu grebara joko dugu. Argi dugu behin hasita bukaeraraino joko dugula.
Grebara bazoazte zein eragin izango du horrek Nafarroako osasungintzan?Egoera desastre hutsa bilakatuko da, batez ere ateetako larrialdietan. Kaosa gerta daiteke. Gainera, ez dakigu gutxieneko zenbat zerbitzu estali beharko ditugun, administraziotik esaten dutenez formazioan gaudela, igual ez daukagu zerbitzu minimorik egin beharrik. Nahiz eta grebara joanez gero euren egoera okertu, mediku adjuntuek babesten gaituzte eta hori oso garrantzitsua da guretako. Artatzen ditugun pazienteak ere harrituta geratzen dira gure lan baldintzak zeintzuk diren ikustean.
Hauteskundeak atean. Uste duzue Nafarroako Gobernuari MIR medikuak greban jartzea komeni zaiola?Guk argi duna da gure lan baldintzak ez direla duinak. Akaso hauteskundeei begira Gobernuari ez zaio medikuntzako greba bat komeni, baina hori ez da gure arazoa. Hau gure alde dugun faktoreetako bat izan daiteke, guk argi baitugu bukaerara arte iritsi behar dugula.
Jende askok usteko du zuena mutur asko izatea dela, akaso kristona kobratuko duzuela eta oraindik ere gehiago eskatzen zabiltzatela...Okerrena da jende askok irudi hori duela. Ospitalean lanean asterakoan askok esaten dizute: "ze suerte, asko irabazten ariko zara!". 7 euro lan egindako ordu extra bakoitzarengatik ez diote inori ordaintzen. Mito faltsu asko daude.
Mitoetaz ari garela. Zer iritzi duzu "Urgencias", "MIR", "Hospital Central" eta halako telesailen inguruan? Errealitatea islatzen dute? Ez ditut ikusten, baina noizbait ikusi eta kontatu didatenean ez dute batere zerikusirik errealitatearekin, tresneri medikoetatik hasita. Telesailetako kirofano bat ikustean pentsatzen dut: baina zer da hori? Ordu asko lan egiten ditugula bai, baina ez dute islatzen nolakoa den hospital bat eta nola lan egiten den. Eta gertatzen diren abenturak! Jendeak pentsatzen badu horrela ibiltzen garela okertuta dago oso!!!
ESPEZIALITATEA LORTU ETA GERO, ZER?MIRra bukatzerakoan eta espezialitate titulua eskuan, nola dago lana aurkitzeko panorama?Orain espezialitate guztirako lan kontratua dugu. Nire kasuan lau urte dira, eta bukatzerakoan anestesian mediku espezialista izango naiz. Eta 30 urterekin... bizimodua ateratzen hasi behar! Momentu horretan ospitalean norbait behar badute kontratua sinatzeko aukera izan dezakezu, baina kontratu txarrak izaten dira, igual 3 hilabetetik 3 hilabeterakoak, hasieran. 30 urterekin oraindik lan finkorik gabe... Oposaketak prestatzea da izan dezakezun aukeretako bat. Bestea, atzerrira joatea.
Ingalaterra eta Portugalen medikuen eskaria handia omen da.Bai, jende asko doa hara, eta han medikua oso preziatua da. Ez dute MIRra eskatzen, eta MIRra gainditu ez duten askok jotzen dute bertara. Elkarrizketa baten bidez doaz hara eta han espezialitatea egiten dute. Beste kontratu bat da, diru gehiago irabazten duzu, formatzen dizute eta titulua lortzen duzu. Baina gero hona bueltatzerakoan dituzun aukerak zeintzuk diren ez dakit. Argi baduzu betirako atzerrira joatea ongi dago bide hori hartzea, baina gero etxera etorri nahi baduzu ez dakit hemen MIRra egin dutenek bezalako aukerak izango dituzten.
Zer esango zenion medikuntza ikastea pentsatzen duen gazteari?Nik ikastera animatuko nuke. Ez nago ados dauzkagun baldintzekin eta iruditzen zait osasun arloa oso gaizki dagoela eta lotsagarria dela, baina ni berriz hasiko banintz medikuntza ikasiko nuke. Gustatzen bazaizu aurrera! Azkenean bizitza osorako egiten duzun aukera da, eta nire iritziz lana oso polita da eta gratifikantea. Alde on hori badauka, eta nahiz eta alde txarrak izan uste dut konpentsatzen duela. Medikuntza guztiz bokazionala da.
Geroz eta klinika pribatu gehiago daude, kirujia estetikoa gora doa etengabe... Medikuen beharra handia dela dirudi. Bai. Hemengo profesionalak hobe tratatu beharrean eta jendea medikuntza ikastera animatu beharrean kanpotik ekarriko dituzte profesionalak. Hau guztia gaizki muntatuta dago: hemen medikuntza ikasten duten asko atzerrira doaz hemengo baldintza kaxkarrak direla eta, eta Europako Ekialdetik ekartzen dituzten medikuendako hemengo baldintzak eurenak baino hobeak dira. Egoera absurdua da, hemengoak kanpora eta kanpokoak hona datorrelako. Hala ere, uste dut hemendik urte batzuetara mediku beharra egon behar dela.