Idoia Artieda Larraza

Guaixe 2007ko martxoaren 2a

Aurtengo Korrikaren leloa Heldu euskarari! da. Zer adierazi nahi da?Euskarari heltzeko, eutsi eta iritsi esanahiekin. Lelo osoa Heldu lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari da. Oso lelo egokia da, eta ikasteko erraza. Bestalde, Niko Etxartek jarri dio musika aurtengo Korrikari. Kanta bizia da, Korrikarendako aproposa. Aurten nobedade moduan bi kanta izango dira: aipatutakoa eta Pirritxek eta Porrotxek aurki aurkeztuko dutena. Bestalde, Korrikak emakumeak omenduko ditu, amak eta emakumeak izan direlako mendeetan euskararen transmisioa egin dutenak. Kilometroak erosten ari direnei proposatzen ari gara ahal bada lekukoaren eramaileak emakumeak izan daitezela, omenaldi horren isla izateko. Noizbait Korrika antolatzea behar izango ez den garaia iritsiko dela uste duzu?Beno, beharrik ez balego, euskararentzat gauzak ongi doazen seinale. Hala ere, Korrika oso gauza polita da, baina zergatik egiten da orain? Euskarak bizi duen egoeragatik, hau da, hemen bizi garelako denok izan behar genukeen zerbitzu publiko bat -dohainik euskara ikasi ahal izateko eskubidea- ez dagoelako. Gaur egun euskara ikasteko dirua behar da. Korrikaren bidez AEKko euskaltegiak lagunduz herriak laguntza ematen du. Korrikarik gabe larri ibiliko litzateke AEK, bereziki Nafarroan eta Iparraldean. Aurten Sakanako Korrika arduraduna zaitugu. Nola sartu zara saltsa honetan?Euskara irakaslea naiz Sakanako AEKn, bi taldeei ematen diet klase. Sakanarako arduradun bat behar zen eta lankideen artean galdeketa egin zen, eta azkenean ni naiz arduraduna. Tokiko arduradunak ilbeltzean hasi ginen lanean, baina nazioan Korrika bat despeditu bezain pronto hasten da bestea prestatzen, lan handia baitago. Korrika noiz helduko da Sakanara?Martxoaren 27an, asteartearekin, iluntzean. Lautadatik Ziordira sartuko da, zazpiak aldera. Burunda, Aranatz eta Arakildik barna Etxeberri parean Zuarrarrate eta Madotz igo eta Lekunberrira helduko da, bertatik Irurtzungo bidea hartuz. Goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera helduko da Irurtzunera, eta Izurdiaga eta Errotz pasata Oskiatik barna despedituko da. Aurten gauez tokatuko zaigu. Zein da Sakanako Korrika arduradunaren lana?Izenak esaten duen bezala, gure eskualdean Korrika koordinatu. Alde batetik, herriz herri Korrika Batzordeak sortzen direnez, talde horiek koordinatu egiten ditut, talde horiek sortzeko eurekin hitz egin, bidea eman, Korrikako materiala pasatu, ekitaldiak antolatzeko ideiak eman, eta abar. Bestetik, Korrikako kilometro salmenta koordinatu, kilometroak markatu eta beste lan batzuk ere egin behar dira. Zenbat kilometro izango ditu Korrikak Sakanan?Sakanan 57 kilometro dauzkagu saltzeko. Guztiak saltzen badira eta Sakanako talde edo pertsonek oraindik ere kilometroak erosteko interesa badute, beste tokietan salduko dizkiegu. Kilometroen salmenta ongi doa, betiko martxan. Sakanan nola doa Korrika Batzordeen martxa? Herri gehienetan sortu dira?Bai, ondoko herrietan sortu dira: Ziordian, Olaztin, Altsasun, Urdiainen, Bakaiku eta Iturmendin bien artean bat egiten dute, Etxarri Aranatzen, Arbizun, Lakuntzan, Uharte Arakilen eta Irurtzunen. Arruazun, Irañetan eta Arakilen ezagunen bidez bideratzen dugu prozesua. Ildo honetan esan beharra dago herrietako Korrika Batzordeek egiten duten lana handia dela, eta gogoz eskertzen dugula Korrikaren alde duten inplikazioa. Zein da Korrika Batzordeen lana?Korrika herri bakoitzera eramatea. Batzordeak dira herrietan Korrika Lagun eta Korrika Laguntzaile kanpainak egiten dituztenak, Korrikako materiala saltzen dutenak eta Korrikaren alde hamaika ekitaldi antolatzen dituztenak, ikastetxeekin batera haurrendako Korrika txikiak prestatzeaz gain. Ni hasierako bilerara joaten naiz ideiak emateko, materiala pasatzeko eta beraiek antolatutakoaren berri izan eta jarraipena egiteko. Zer dira Korrika Lagun eta Korrika Laguntzaile kanpainak?Korrika Lagun kanpainaren barruan denda, enpresa eta komertzioetan Korrikaren aldeko borondatea eskatzen da eta saltoki horiek, trukean, "Korrika Lagun" dioen txartela jasotzen dute. Bestalde, Korrika Laguntzailea kanpainarekin norbanakoari eskatzen zaio ekarpena. 12 euroko aportazioaren truke Korrika Laguntzailea txartela jasoko du pertsona horrek, eta Euskal Herriko zenbait saltoki eta dendatan beherapenak izango ditu. Gainera, Heldu! lelodun pin ederra emango zaio. Korrika Laguntzaile egiteko Korrika Batzordeetako kideekin harremanetan jarri behar da edo Sakanako Itsasi euskaltegira deitu (948 468 258). Korrika Kulturalak ekitaldi asko ekarriko ditu Sakanara?Sakanako Korrika Kulturala aste honetan hasi da, atzo Altsasuko Iortia Kultur Gunean mustu zen artelan erakusketarekin. Kiki, Beatriz de la Vega, Imanol Arrieta eta Elena Veraren lanak daude ikusgai. Bestalde, Korrika Kulturalaren barruan batzordeak herriz herri ekitaldiak antolatzen ari dira eta jakin bezain pronto emanen dugu horien berri. Kirol ekitaldiak, hitzaldiak, afariak, diapositiba emanaldiak, filmak, jolasak, kontzertuak... denetatik izango da. Aurreratzeko moduan gaude Etxarri Aranazko abesbatzak Etxarrin kontzertua eskainiko duela martxoaren 23an. Gainera, Euskal Herri mailan antolatzen den Korrika Kulturalaren barruan martxoaren 15ean Patxi Usobiaga eskalatzaileak diapositibak emango ditu Altsasuko Iortian. Aurten Korrikako materiala erakusteko desfilea antolatu zen Iruñerrian. Zer motatako materiala dago?Denetik. Jertseak, prakak, kamisetak, poltsak, berokiak, kuleroak ... Sakanan Altsasuko Iker Kirolak dendan eros daitezke, eta Korrika Batzordeek ere herrietan materiala jarriko dute salgai. Arropa polita da. Tartean Korrika guztietarako balio duten kamiseta ofizialak daude, beltzak eta mauka motzekoak. Antolatutakoetan parte hartzera gonbidatuko ditugu sakandarrak? Bai, jakina. Sakanako kasuan Korrika pasatzen denean ia ez da esan beharrik ere, jendeak egiten dion harrera oso ona, ikusgarria delako. Oso polita izaten da. Aurreko prestaketetan laguntza gehiago bagenu, hobeki. Korrika batzordeek egiten duten lana bihotzez eskertzen dugu, eta eurek antolatutakoetan parte hartzeko gonbitea egiten diegu sakandarrei. Ekitaldi horiei esker herrietan mugimendua egoten da eta uste dut aurreko urteetan bezala poliki aterako direla. Korrika zer da zuretzat?Orain? Hasteko lan bat, baina gustuko lana. Aurreko egunean Korrikako bideo promozionala ikusten aritu nintzen eta emozionatu egin nintzen. Pentsatu nuen: ni ere hau sortzen ari naiz!!!