Itsaso Garmendia eta Oier Galartza

Guaixe 2007ko martxoaren 9a

Larunbatean kontzertua eta ekitaldi politikoa antolatu dituzue Arbizun. Zergatik?Egun, nafar gazteok bizi dugun egoera latza da dudarik gabe. Miseriara kondenatuak gaude. Gure eskubideak urratuak daude egunez egun. Bizi duina aurrera eramateko ez dugu aukerarik nafar gazteok. Heziketa inposatu eta hierarkikoa jasotzen dugu, ezin dugu etxetik alde egin etxebizitza eskubidea ukatua zaigulako, hizkuntza eskubideak ez ditugu bermatuak eta honek euskaraz ikasteko eskubidearen urraketa dakarkigu... Beste gauza batzuen artean, gazteon independentzia pertsonal zein kolektiborako beharrezkoak ditugun espazio autogestionatuak ukatuak zaizkigu, gazte langile eta emakume izanagatik zapalduak gara, eta bukaerarik ez duen zerrenda luze bat. Honen aurrean, gure alternatiba antolatu eta borrokatzea da. Independentziaz bizi eta independentzia bizitzea. Hau aldarrikatzeko antolatu ditugu ekitaldia eta kontzertua, gure alternatiba aldarrikatzeko eta aldi berean musika eta giro on batez gozatu ahal izateko. Nortzuk zarete jaialdiaren antolatzaileak?Guk, nafar gazteok, euskal gazteriak antolatutako ekitaldia da. "Gazte indarraz, independentzia!" leloa aukeratu duzue, eta kontzertuak baino lehen ekitaldi politikoa eginen duzue. Zein da helarazi nahi duzuen mezua? Lehen azaldu dugun bezala, gazteok bizi dugun egoera latza da, baina egoera hau ez da kasualitatearen ondorio. Eta hauxe da gazteriari helarazi nahi dioguna: egoera hau funtsean, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren oinarrietako ondorioa dela. Hala ere, egun, erantzule zuzen batzuk baditu; gure egoerak errudunak ditu. UPN,CDN, PSN dira errudun nagusiak. Gure eskubideak zapaldu egiten dituzte etengabean. Gure espazio autogestionatuak suntsitzen, prekarietatera kondenatzen, gu kriminalizatzen, gazteoi dagozkigun eskubideak zapuzten, finean. Gazteon eta herritarron eskubideekin salerosketa bat besterik ez dute egiten. Agintari ultra eskuindarrak eta espainiarrak ez dira gazteon eskubideak zapaldu egiten dituzten bakarrak ordea. Ohikoa bihurtu da, gainontzeko indar politikoek gure eskubideen zanpaketaren aurrean muzin egiten ikustea. Gaztetxeen eraisketan, etxebizitza lortzeko aferan, isunetan... gazteon borrokei bizkarra eman diete sasi ezkertiar guzti horiek; hala nola, Aralar, EA, Batzarre... Zergatik aukeratu duzue Sakana, eta zehazki Arbizu, ekitaldia egiteko?Nafarroako herri txiki batean egitea pentsatu genuen hasieratik, eta ikusi genuen Arbizuk eskaintzen dituen baliabideak oso egokiak zirela guk antolatu nahi genuenerako. Kiroldegi handi bat dauka eta ez da beharrezkoa karparik jartzea, eta holako ekitaldiak antolatzeak dakarren lana handia dela jakinda, kiroldegiarekin lan zati garrantzitsu bat kendu dugu. Gainera, oso ondo komunikatuta dagoen herria da eta Nafarroako zein Euskal Herriko edozein tokitatik etortzeko ez dago inongo arazorik. Zein ordutegi izanen du ekimenak?Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta kontzertua 21:30ean, gau osoan zehar luzatuko dena. Hesian, Leihotikan, Banda Bassotti, Obrint Pas eta Tximeleta taldeekin gaupasa antolatu duzue. Gazteak erakartzeko derrigorrezkoa al da halako kontzertu erraldoiak antolatzea?Kontzertua ondo pasatzeko eta Nafarroako gazteriaren elkargune bat izango da, eta horregatik lotu ditugu estilo ezberdinetako musika taldeak, batzuk hemengoak eta beste batzuk atzerritarrak. Jendea erakartzeko ere balio dute, baina uste dugu ez dela derrigorrezkoa; Nafarroako gazteok ideiak oso argi ditugu, badakigu egoera alda dezakegula, eta horretarako borrokatu behar dugula. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Sakanan non eros daitezke aurretiko sarrerak?Etxarrin, Altsasun, Lakuntzan eta Arbizun. Kontzertuaren egunean bertan, larunbatean, salgai egongo dira, 15 eurotan. Ekimena prestatzeko antolakuntza lana handia izango da. Guztia prestatu eta muntatzeko laguntza behar al duzue?Lan handia dauka holako ekimena antolatzeak, eta horretarako Nafarroako txoko guztietatik gazteak etorriko dira muntatze eta desmuntatze lanetan laguntzeko. Zenbat pertsona espero dituzue?Gauerako 1.500 pertsona inguru espero ditugu, eta aipatu behar da kiroldegiaz gain txosna bat eta gazte taberna bat ere egonen direla. Autoak aparkatzeko gune berezirik jarriko duzue?Jendeari autobusez edo trenez joatea gomendatzen diogu. Eskualde ezberdinetatik autobusak antolatu dira, eta Sakanan Jaibusa egongo da gau osoan zehar. Guaixeko irakurleak ekitaldian parte hartzera animatzen al dituzue?Euskal gazteria suntsitu nahian dabiltza, egungo egoeraren iraulketa eman ez dezagun. Haiek badakite nola eskuratu zuten boterea, herria zapaldu eta inposaketa ezarriz. Haiek badakite ere egoera gainezka egiteko aukera nabarmenak daudela orain. Haiek badakite, nafar gazteok, euskal gazteriak, egoera alda dezaketela eta ez daude horretarako prest.Gure alternatiba antolatu eta borrokatzea da. Independentziaz bizi eta independentzia bizitzea. Egoera honen aurrean gure eskubideen defentsa egin behar dugu ezinbestean. Borrokarako garaiak direlako. Gure eskubideak ez dizkigutelako oparituko. Gure eskubideen bermea ekarriko duen bakarra independentzia osoa eskuratzea izango da. Horregatik, larunbatean denok Arbizura!