Belen Valencia Azpiroz

Guaixe 2007ko martxoaren 15a

Zenbat urte daramazkizu musika irakasle eta non ematen dituzu klaseak?Musika eta piano ikasketak dauzkat eta hamabost urte inguru daramatzat lanean. Lakuntzako, Altsasuko eta Olaztiko musika eskoletan nabil. Lakuntzan eta Olaztin musika-hizkuntza-lehengo solfeoa-, pianoa eta koroa ematen dut, eta Altsasun pianoa eta musika-hizkuntza. Nola izan zenuen orduko Haur Kantari Txapelketaren berri eta nola hasi zinen bertan aritzeko taldeak prestatzen?Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxeko gurasoek Haur Kantari Txapelketarako taldeak prestatzeko eskaria egin zuten Lakuntzako San Saastin musika eskolan. Baiezkoa eman genuen eta aurten bosgarren aldiz hartuko dute parte Lakuntzako musika eskolako taldeek. Iaz, lehenengoz, Altsasuko musika eskolatik talde bat aurkeztu genuen eta Olaztiko musika eskolako taldea aurten estreinatuko da. Hortaz, aurten aipatu musika eskoletatik sortutako zenbat talde ariko dira Haur Kantari Jaialdian?Guztira bost talde ariko dira. Lakuntzako San Saastin musika eskolatik hiru talde: Garazi Otxagabiak "Baratze bat" kantua eskainiko du, bakarlari moduan, San Saastin handiek "Amets" abestuko dute eta San Saastin txikiek Pirritx eta Porrotxen "Txorroskileroak". Altsasuko musika eskolako taldeak Pirritx eta Porrotxen "Arre eta so" kantatuko du eta Olaztiko musika eskolako taldeak "Festazale.net". Abesten duten haurren eta haiek laguntzen instrumentua jotzen dutenen artean 78 neska-mutil prestatu ditugu aurten. Musika eskolako zein klasetan prestatzen dituzue Haur Kantari Jaialdiko kantuak?Lakuntzako musika eskolan ikasturtearen barruan integratuta dago Jaialdian parte hartzea. Txikien taldeak koro ikasgaian prestatzen du bere kantua, eta handienen kasuan musika-lengoaia ikasgaitik hartzen dugu tartea. Kontuan izan behar da kantatzerako unean instrumentuak jotzen dituzten euren lagunen laguntza dutela, eta, hortaz, irakasleen artean antolatu egiten gara guztiak bildu eta entseguak egiteko. Olaztiko kasuan koro ikasgaian landu dugu kantua, eta Altsasun musika-lengoia ikasgaiko bi talderekin osatu dugu Haur Kantarira aurkeztuko den taldea. Garazi Otxagabia kitarrako irakaslearekin prestatzen ari da bere kantua. Lehen Haur Kantari Txapelketa antolatzen zen, eta haurren arteko lehiakortasuna ekidin eta lehiaketa kutsua kentzeko Haur Kantari Jaialdia antolatzen da iaztik ona. Helburua lortu da? Haurrek parte hartzeko ilusioa izaten segitzen dute?Nahiz eta aldaketa izan, oraindik kanporaketaren kutsua du Jaialdiak, hiru saio jokatzen baitira eta epaileen iritziz erosoen aritu direnak Iruñeko Gaiarren prestatutako azkeneko jaialdi handian parte hartzen baitute. Baina haurrek ilusio berberarekin parte hartzen dute. Nik beti esaten diet lehen saiora joaten garela eta bertan ongi pasatzea eta ahalik eta hobekien kantatzea dela asmoa. Baina beti dute Gaiarrera joateko gogo hori. Batzuetan hala izan da eta beste batzuetan ez. Nolanahi ere, lehen soilik talde onenek jasotzen zuten saria Gaiarreko ekitaldian, eta orain, bertara joaten diren talde guztiek jasotzen dute oparia, eta abesti bakoitzari aipamen berezia egiten dio epai mahaiak: "abesti samurrena", "erritmo gehiena duen abestia"...  Talde guztiak oholtzara igo egiten dira berriz, eta haurrak izugarri pozten dira. Horrekin irabazi eta galtzearen dikotomia gainditzea lortu da, talde guztiak sentitzen baitira protagonista eta irabazle. Haurrek nola bizi dute Haur Kantari Jaialdia? Gustukoa dute?Asko gustatzen zaie, eta garrantzia duen zerbait bezala bizi dute. Herritik atera, oholtzara igo, beste taldeen aurrean dakitena erakutsi... ilusio handia egiten die. Urtero galdetzen didate: "Belen, aurten zer kantatuko dugu, noiz hasiko gara entseatzen?" Gabonen ondoren hasten gara Jaialdia prestatzen. Normalean kanta ezagunak izaten dira eta askotan nik aukeratzen ditut, batez ere ahots bat baino gehiago eta instrumentuak sartzeko jokoa ematen duten kantuak izan behar direlako.  Emanaldiaren egunean ongi portatzen al dira?Emanaldia baino hiru ordu lehenago egon behar gara bertan, soinu probak egin eta guztia ongi prestatzeko. Gurasoek eramaten dituzte autoetan eta beti esaten diet puntual etortzeko eta ongi portatzeko, eta egia esan, ongi erantzuten dute. Bestalde, gurasoak emanaldietara etortzen dira eta emozionatu egiten dira. Eta irakasleak ere alaitu egiten al zarete haiek kantuan ikustean?Eurak pozik ikustean gu ere emozionatu egiten gara. Hasieran urduri egoten dira, baina irakasleek prestaketa lanari garrantzia ematen diogula ikusita, garrantzitsua den zerbait egiten ari direla sentitzen dute eta poztu egiten dira. Jaialdian parte hartzeaz gain, musikari begira haurrek zer edo zer ikasten dute?Jakina! Proba gogorra pasa behar dute, eskenatorira igo, kantatu eta instrumentuak jo eta dagokien mailan egoten jakin behar baitute. Asko ikasten dute, esperientzia handia baita. Eskenatokian egoteko eskarmentua hartzen dute, eta hori oso inportantea da musikan. Gaiarreko azken jaialdi handian egotea beraiendako gauza handia al da?Bai, Gaiarrera joatea gauza handia da eurendako. Toki handia da, serioa, dotorea, bedelek ordena eta protokoloa asko zaintzen dute... oso garrantzitsu ikusten dute. Aurten apirilaren 1ean izanen da azken jaialdia. Beste taldeek egindako lana jarraitzen dute?Bai, eta ideiak hartzen dituzte. "Hara hauek zein koreografia egin duten, besteek zein kamiseta jantzi duten, haiek nola mozorrotu diren...". Iaz Lakuntzako taldekoak mozorrotu egin ziren, paperean sartzeko. Ea biharko Jaialdiko hirugarren saioan talde guztiek sorpresaren bat ematen dugun... Oharra: Musika eskoletako aipatu bost taldeez gain, Sakanatik ondorengo taldeek parte hartuko dute larunbateko Haur Kantari Jaialdian, Lekunberrin: Lakuntzako eskolako Nekane Mendieta eta Leire Meazak "Trikitixa" kanta eskainiko dute; Lakuntzako eskolako Iratxe Floresek, Garbiñe Goikoetxeak, Irati Tadeok, Munia El Marhoumek eta Ariane Anduezak "Agur Xiberua"; Altsasuko Zelandiko Ortzadarra taldeak Betizuren "7.005 kolore"; Zelandi taldeak Ken 7ren "Zenbat Min"; Zelandiko Anne Claverrek eta Jaione Diazek Betizuren "Lokaleko leihotik"; eta Zelandiko Aintzane Diazek Ken 7ren "Ezer ez da betiko". Talde askok musikarien laguntza izango dute.