Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nola sortu zen hotela zabaltzeko ideia?Patxi. Altsasun hotel baten premia zegoela ohartu ginen. Egoitza ikusi genuen. Duen kokapenagatik eta duen aparkalekuagatik egokia zela iruditu zitzaigun eta buru belarri sartu ginen.
Nolaz jabetu zineten hotel premia zegoela?Jesus. Beste hotelen okupazio ratioengatik. Gainera, bakoitza esparru ezberdinetan bagabiltza ere, horretaz konturatu ginen. Erreserba egiteko batera jo eta, betea, bestera jo eta, betea. Kudeaketa ikerketa egin gabe, gure sentsazioak jarraituz, inguruan hotel baten premia zegoela pentsatu genuen. Hortik aurrera Patxi eta Fermin ideia lantzen hasi ziren.
Aspaldi daramazue ideiari bueltak ematen?Patxi. Ideia sortu zenean gaia mugitzen hasi ginen, baina izugarri luzatu da. Fermin. Badira ia 4 urte gaiarekin aurrera eta atzera gabiltzala. Baina hasieratik aritu gara gaia lantzen. Prisa handirik gabe, bakoitzak gure lana dugulako, baina etengabe.
Nolako hotela egin nahi zenuten?Jesus. Hotelari dagokionez inguruko onena izatea nahi dugu, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa mantenduz. Hala ere, jendeak eman beharko du iritzia. Ingurkoen antzeko prezioa dugu. Kalitateari dagokionez, 4 izarretako hotel batek izan ditzakeen prestazio guztiekin zabaldu dugu: wifi zerbitzutik hasi, gela guztietan dauden hozkailua, 21 hatzbeteko telebista, aire klimatizatua eta bestelakoekin segi... Onena jarri dugu geletan. Esaterako, gaur hotza egiten du. Berogailua jarriz gero 2 minututan gela berotua duzu.
Beste kontu garrantzitsu bat ere bada. Edozein egun edo ordutan sartzea ahalbideratzen duen sistema bat izatea. Asko begiratu eta gero sistema berritzaileena aukeratu dugu. Hotelerako eta geletarako sarrerak kutxazain automatiko baten bidez kudeatzen da. Erabilterraza eta sinplea da.
Patxi. Zu gurera bazatoz, zure kreditu edo debito txartela kutxazainean sartu eta hotelean egon nahi duzun denbora adierazi eta ondoren, kutxazainak aldi horretarako erabilgarria den txartel bat ematen dizu. Txartel horrekin hoteleko eta gelako atea zabal dezakezu. Txartela kontratatutako denborarako izanen da erabilgarria. Baina azken eguneko eguerdian bezeroarendako erabiltezina bihurtuko da.
Txartel horri errekargak egin diezaizkiot?Fermin. Adibidez, bi egun gehiago gelditu behar baduzu kutxazainera joan eta han kargatu dezakezu.
Zer falta duzue 4 izarretako hotela izateko?Patxi. Jatetxea falta zaigu. Hala ere, gosaldu ahal izateko vending gune bat badugu. Kafetegi bat eta opilak saltzeko makina daude han, mahai eta aulkiekin batera. Gainera, hotelaren ondoan, taberna-jatetxea eta merkatalgune handi bat dago. Jesus. 3 izarretako hotela izateko, Nafarroako araudiak dioenez, harrera 24 ordutan zabalik egon behar du. Hor dago interes gatazka. Guk behin eta berriz errepikatu diegu hotelean harrera zerbitzua badagoela, 24 ordutan asteko 7 egunetan. Legeak ez dio pertsona bat egon behar duenik, harrera besterik ez du aipatzen. Haien interpretazioagatik 3 izarretako hotela izan beharrean hostala da gurea. Galtzaileak gu gara. Etorkizunean legea aldatuko dela espero dugu. Administrazioak ez du ostalaritzaren arlo honetan eman diren berrikuntzen berri, erosoak eta onuragarriak dira. Fermin. Europan horrela asko lan egiten da eta hemen martxa hartzen hasi gara. Legean ez da jasotzen eta motz gelditzen da.
Zenbat gela dituzue?Fermin. 25. Guztiak bikoitzak dira. 19k bi ohe dituzte eta gainontzekoek birendako oheak dituzte. Patxi. Badira 2 gela handiagoak direnak eta hobe jantziagoak daudenak (bainera handiagoa, hidromasaje dutxa...). Tarifak ere ezberdinak dituzte. Fermin. Badira beste 2 gela, benetan 4 dira, haurrak dituzten familiei begira prestatu ditugu. Gela horiek elkarrekin komunikatzen dira barruan duten atearen bidez. Familia apartamentu batean balego bezala egon daiteke.
Gela guztiak Altsasuko dermioen izena dute. Zergatik?Jesus. Bazkideon sustraiak adierazteko modu bat da. Patxi. Altsasuri omenaldi bat egin nahi geniolako, hala egitea erabaki genuen. Jesus. Orain izena besterik ez dago. Etorkizunean haren berri ematen duen idatzi bat ere izanen da. Horrela herriaren historia txikia zabalduko dugu.
Hotelak aurrera egiteko zenbat langile daude?Jesus. Zerbitzu guztiak "subkontratatuak" daude. Garbiketa Altsasuko enpresa batek egiten du eta ikuztegia kanpoko batek. Eta gutxi gehiago. Patxi. Bestela, kontaktu telefono bat dago. Bezero batek arazo bat izanez gero hara deitu eta kitto. Gutako bat beti lokalizatua izanen da telefono horretan. Txandaka egiten dugu hori.
Hotel kate baten kide izatea pentsatu duzue?Fermin. Hasieran zer nolako martxa hartzen duen ikusi nahi dugu. Bakarren batek azaldu du interesa. Baina gu aurrera ateratzeko gai garen ikusi nahi dugu. Patxi. Bitartean www.hotelizelai.com web orria aurki zabalduko dugu.
Zabaldu berri bada ere zein martxa du hotelak?Fermin. Primerakoa. Hasi berria izateko erreserbak izatea, bada zerbait. Hasi dira deitzen. Jendearen ahotan ere izan da hotela. Jesus. Ezartzea kostatzen zaion zerbitzu mota bat da, baina dagoeneko erreserbak baditugu.