Eguraldia lagun izan ez zuten arren, honi aurre egin eta autoen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten bai parte hartzaileek bai bertara hurbildu ziren guztiek.Basati Sakana txapelketa antolatzen den 5. edizioa da aurtengoa eta urtez urte arrakasta handiagoa daukala ikusita, aurrera jarraituko dutela diote antolatzaileek. Martxoaren 31a eta apirilaren 1a Arbizuko zelaiak 4x4 ikuskizunaren erakus-lehio bihurtu ziren eta bertara hurbildu zen jendetzak autoen maniobra eta gidarien abilezia ikusi ahal izan zuen gertu gertutik. 60 gidari izan genituen eta hainbat lekutatik etorritako 3.000 ikusletik gora bildu zituen topaketa honek.
Basati taldearen sorreraBasati taldea Etxarri Aranatz eta Arbizuko lagun batzuk sortu zuten orain dela 7 urte. Ordura arte bakoitza bere kabuz ibili izan zen, baina beti ere, 4x4 autoz eta lokatzez inguratuta. Behin proba batean Sakanako jendearekin topo egin zuten eta horrelako proba bat Sakanan ere egitea begi onez ikusi zuten. Antolaketari ekin ziotenean, federatuta egotea ezinbesteko baldintza zela ikusiz legalki Kirol-Kluba egitea erabaki zuten. Honela, txapelketak eta erakustaldiak antolatzerako orduan asegurua izango zutelako eta erraztasun gehiago izango zituztelako. Basati taldeak urteroko topaketa hau antolatzeaz gain beste jarduera batzuk ere egiten ditu. Beste lasterketetan ere parte hartzen dute eta Marokon ere izan genituen 2004ean Saharako basamortuko hareetan barna. Batzen dituen zaletasun honekin ondo pasatzea eta inguruaz gozatzea da eta haien helburua.
Etxarriko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak diruz laguntzen du taldea eta Arbizuko udalak urtero lekua uzten die. Beraz, antolatzaileek adierazi dutenez, Sakanan administrazioaren aldetik ez dizkiete inongo oztoporik jarri.
Txapelketaren antolaketa."Lan handia da holako tamainako txapelketa bat antolatzea, baina gustura egiten dugu eta pozgarria da hainbeste jende gurean ikustea" dio Goizederrek.Lehenik eta behin baimen guztiak eskatzen dituzte inongo arazorik ez egoteko. Kirol guztietan bezalaxe, diruz lagunduko duten babesleak bilatzen dituzte, hauek ere ezinbestekoak baitira. Parte hartzaileek hilabete lehenago izena emateko aukera dute Basati 4x4k duen web orrialdean edo antolatzaileei zuzenean deituz. Txapelketa gerturatu ahala lana pilatuz joaten da, baina ostegunero biltzen dira lanaren nondik norakoak zehazteko eta lan banaketa egiteko. Lan ezberdinak izaten dituzte, epailea nor izango den, sarreretako txandak etab. Baina lanik zailena dudarik gabe palarekin egin behar dena da. "Ondo jakin behar da lurra noiz eta nola markatu. Palistak egiten duen lanak meritu handia dauka. Zulo handiegiak egiten baditugu jendeak ez du gozatzen eta suabeak egiten baditugu ere berdin gertatzen da. Beraz, neurria hartu behar zaio honi"
Egun handiaLarunbat arratsaldeko eta igande goizeko probak trialak dira eta hauek izaten dira puntuatzen dutenak. Aurten, igande goizeko proba lasterketarengatik aldatu behar izan zuten eguraldia dela eta. Antolatzaileek proposatutakoa parte hartzaileek onartu eta esandako aldaketa egin zuten.Larunbat gauean, berriz, "gaueko proba" egin zuten eta hura ez zen txapelketaren puntuazioan sartu. Honen helburua giro erlaxatu batean parte hartzaileek ongi pasatzea da, tentsio gutxiagorekin egoten baitira.
Parte hartzaileak.60. dortsala izan zen banatu zuten azkena eta parte hartzaileen arteko jatorri aniztasuna ere nabarmendu digu Goizederrek. Hego Euskal Herritik, Errioxatik, Burgosetik, Santanderretik eta Asturiasetik etorri ziren. Hauetatik gehienak "betikoak" dira, urtero etortzen dira. Sakanatik, berriz, parte hartzaile bakarra izan zen, gainontzeko guztiak lanean egon ziren eta.
Sailkapenari dagokionean, aurten sekula gertatu ez zaien gauza bitxi bat gertatu zaie. Lehenengo hiruek puntuetan berdinketa egin zuten eta desberdinketa egiteko igandeko lasterketaren denbora hartu zuten kontutan. Honela, aurtengo txapelduna Andoni Arenaza aretxabaletarra izan da, urtero etorri eta iaz irabazi zuen laguna, hain zuzen ere.
Sari bereziak.Lehenengo postutik seigarrenera sailkatu ziren lagun guztiek sari berezia eskuratu zuten. Ohiko trofeoaz gain haien autoa hornitzeko olioa, gurpilendako estalkiak eta lan tresnen kutxa ere jaso zuten. Gaueko proban sailkatutakoek ere saria jaso zuten eta 3 aipamen berezi ere egin zituzten."Eroenari" saria Bakaikuko Asierrek jaso zuen, talde jendetsuena Zumarragako Eroak-entzat izan zen eta azkenik auto zaharrenak ere bere lekutxoa izan zuen txapelketan. Legazpiko Aitor Agirrek 1945eko Wilys autoa berritu eta Arbizura ekarri zuen denon harridurarako. Zaharrena izan arren besteak bezain ongi ibili zen aldapan gora eta behera inongo zailtasunik gabe.
Topaketa amaitu da eta lagun hauek hurrengo txapelketetan dute orain burua. Arbizun, Beran, Etxarrin eta Bidaurretan ospatuko dira eta haien autoak prestatzen eta berotzen hasi dira dagoeneko. Lan nahikoa egin dute eta hemendik aurrera gozatzea dagokie; beraz, zorte on!
Sailkapen orokorra1-Andoni Arenaza (Aretxabaleta)2-Txaño (Aretxabaleta)3-Luis (Zumarraga)4-Narru (Gipuzkoarra)5-Julen (Legazpiarra)6-Dabid (Iruñerria)
Gaueko proban1-Txaño2-Dabid3-Manolo
Bereziak.Al mas zumbao: Asier BakaikuarraTaldeko saria:Zumarragako Eroak taldeaAuto zaharrenari: Aitor Agirre Legazpiarra
Argazkiak: Alfredo Alvaro Igoa