Idoia Goikoetxea Gomez

Guaixe 2007ko apirilaren 18a

Zergatik egin da ikerketa?Batez ere, udalak berdintasun plana egin behar duelako. Epe ertaineko berdintasun plana izanen da. Orain arte udalaren Emakumearen Batzordeak urteroko plangintzekin lan egiten zuen. Baina pentsatu genuen hobe zela epe ertaineko plan bat egitea. Batez ere, legegintzaldi batean zer egin behar dugun jakiteko. Plan hori urteroko plangintzekin zehaztuko genuke. 4 urterako, gutxi gorabehera, izan behar duen plan bat egiteko emakumeen egoera zein den ikusi behar dugu.  Beste arrazoi bat ere bada. Berdintasunerako plan bat egiteko protokoloa zehaztuta dago, leku guztietarako berdina dena. Lehenik, diagnosia da, ondoren, lan plangintza eta, azkenik, ebaluaketa. Diagnosiagatik hasi beharra genuen. Zer da berdintasuna?Lehenik eta behin, berdintasunaz hitz egiten dugunean, aukera berdintasunari buruz ari garela argitu behar da. Hau da, lehen borrokatu eta eskatu zen lege berdintasuna. Legez, emakumeak eta gizonak berdinak izatea. Hori lortuta dago. Baina berdintasuna lortzeko irteera puntu berean ez gaude emakumeak eta gizonak. Abiapuntuko maila bera lortu behar dugu, handik aurrera egiteko. Hori da aukera berdintasuna: maila berean, benetan, arlo guztietan izatea. Adibidez, lege batek dio enplegu arloan berdinak garela. Ezin dela diskriminaziorik egin. Hori idatzia dago. Baina lortzeko hainbat gauza mugitu behar dira. Legez ezin da diskriminatu, baina emakume batek ez badu bere familia zaintzeko zerbitzurik, edo emakumea izateagatik ez bada kontratatua, edo kulturagatik prestakuntza ez badu... Badaude arlo zehatzagoak lantzeko. Hainbat esparrutan egoerari buruzko ondorioak atera dira, ezta?Arloz arlo errepasatzen hasi aurretik, nik uste dut bagenekizkien gauzak azaldu dituela diagnosiak. Ez aspektu guztietan, baina bai orokorrean. Heziketan agertu da, esaterako, neska-mutilek ikasketa aukeraketa ezberdina egiten dutela. Ikasketa horiek enplegua lortzeko ematen dizkieten erraztasun eta zailtasunak ere azaldu dira. Baina, hausnarketa talde batean azaldu zen ere, haurrek etxean jasotzen dituzten baloreengatik, zein zaila duten irakasleek desberdintasunaren kontra zerbait egitea. Adibidez, erakundeen hausnarketa taldean guraso elkarteak deitu genituen eta bakarra besterik ez zen agertu. Hori ere azaldu da diagnosian. Sozializazioa ere aztertu da.Aurrekoarekin lotuta. Erantzunetan argi eta garbi agertzen da kultura arazoa dela ezberdintasuna. Heziketatik hasi behar garela lan egiten desberdintasunarekin hausteko. Baina, gero, gizartean ikusten dugu lege aldetik aldaketak egin eta aurreratzen ari garela. Eskoletan lantzen ari dira. Esaten denez familietan ere bai. Baina, nik uste dut, gero bakoitzak ez duela hartzen hori aldatzeko bere konpromisoa. Erantzunetan agertzen da, errua beti besteak daukala. Familietan desberdintasuna nola ikusten den irakurtzen badugu, gurasoek diote: eskoletan landu behar da hori. Irakasleek, bestalde, diote haiek bakarrik ezin dutela ezer egin eta gurasoen laguntza behar dutela. Niretzat norberak konpromisoa hartzea falta da. Gizarteratzeko beste modu bat kirola da. Lehen emakumeek ez zuten jardueretan parte hartzen. Orain bai. Gehienak emakumeak dira. Baina oso banatuta daude jarduera horiek. Badaude "emakumeen" jarduerak eta "gizonen" jarduerak eta inoiz ez dira nahasten. Hori pila bat nabaritzen da. Talde kiroletan gizonek parte hartzen dute. Baita lehiaketetan ere. Emakume gehienak soinketan daude. Hori bera beste arlo batzuetan ikus daiteke. Berdintasun areatik antolatzen diren jardueretan bakarrik emakumeek parte hartzen dute. Bizpahiru gizon besterik ez daude. Liburutegiko erabiltzaile gehienak emakumeak dira. Gauza bera ikastetxeetako guraso elkarteetan. Erabat banatuta daude. Horren atzetik, familia, lana eta bestelakoen kontziliazioa dago?Azken finean, kontziliazioa guztiaren atzetik dago. Gure gizartean banaketa handi bat dago: publikoan eta pribatuan egiten dena. Publikoan politika, enplegua, gizarte parte hartzea egiten da. Pribatuan, aldiz, zainketa, seme-alaben heziketa, etxeko lanak eta beste. Desberdintasunarekin hausteko behar da emakumeak espazio pribatutik ateratzea eta espazio publikoan sartzea. Baita gizonak espazio pribatuan sartzea ere. Esan nahi dut, etxeko lanak eta zaintzeko lanak banatu behar ditugula zerbait gehiago lortzeko. Emakumeek ezin dute, adibidez, enplegua lortu gizartea ez bada arduratzen etxekoen zainketaz. Enpleguaren inguruko ondorioak jakinak dira. Enpleguaz bi gauza besterik ez: bat, Nafarroarekin alderatuz Altsasun bada nahiko emakume lana dutenak, argi dago ez dela kalitatezko enplegua, baina badago tradizioa. Eta, bestetik, etxeko lanei buruz, badago datu harrigarri bat. Etxeko lanak baloratuak dauden galdetu zitzaien emakumeei. Familietan bertan etxeko lanak baloratzen direla erantzun dute. Baina gizartean, ezetz. Nire ustez hemen tranpa bat dago. Ez du logikarik. Nik ikusten badut nire familiakoek eta nire ondokoek baloratzen dituztela lan horiek, pentsatu behar dut gizartean baloratzen direla. Nire ustez erantzun horretan badago nahi bat. Nahi dugu lan hori baloratuta izatea, baina ikusten dugu ez dagoela baloratuta. Argi dago ez dagoela. Eta ezin dugula. Emakumeak, oraindik, etxeko lanetaz arduratzen dira. Ez bagara handik ateratzen  ezin dugu beste esparru bat lortu. Izugarrizko lana delako. Hori ere beste galdera batean argi asko islatzen da. Aisialdiari buruzko galdera batean Altsasuko emakumeek erantzuten dute nahiko denbora libre dutela. Denbora hori zertan ematen duten galdetuta erantzun dute, gehienak, familia zaintzen, seme-alabak laguntzen edo haiekin egoten eta abar. Beraz, emakume gehienak nahasten dugu gure denbora librea familiarekin egotearekin. Familian emakumeak duen papera baliabideekin aldatuko litzateke?Baietz uste dut. Nire iritziz, alde batetik baliabideak daude. Hori argi eta garbi. Diagnosian besteak beste haurtzaindegi baten premia agertzen da. Haurtzaindegia, guztiz jantzita, haurrak han 7 orduz egoteko, jantokia duena eta beste. Baina ez bakarrik Altsasun. Sakana guztian ez dago. Baina beste urrats bat eman behar dugu, adinekoen zainketa eta ongizatea. Ordutegien moldaketa da bestea (enpresek eta ikastetxeek ordutegi bera izan beharko lukete)... Zerbitzu asko falta zaizkigu. Hori dirua da. Eta, bestetik, gizonen konpromisoa. Dena ezin da zerbitzuen bidez egin. Egin beharreko lana elkar banatu behar da. Diagnosiaren arabera, zein iritzi dute emakumeek haien osasunaz?Bi galdera zeuden. Bat osasunari buruzkoa zen eta bestea erreprodukzio-osasunari buruzkoa. Emakumeek egin duten balorazio okerrena da hau. Osasun baliabideen inguruan esan dute oso gaizki daudela Altsasun ez dagoelako Emakumearendako Arreta Zentrorik. Etxarrikoa gaizki dagoela (itxaron zerrenda, masifikazioa...). Baina bigarren galdera, erreprodukzio-osasunari buruzkoa zen. Orduan, ez zekiten zer erantzun. Azalpenak ematean haiek ikusi zuten bata zela osasuna orokorrean eta bestea erreprodukzio-osasuna. Orduan erantzuten zuten, Etxarriko zentroa masifikatuta dagoela eta hemengo osasun etxea oso gaizki dagoela, pediatra bakarra dagoelako eta gehiago behar direlako. Osasunari buruzko erantzun guztietan ikusten dugu emakumeek osasunaz aritzean haien erreprodukzio-osasunean edo familiaren osasunean  pentsatzen dutela. Inoiz ez dute bere buruan pentsatzen. Indarkeriaren inguruan zer iritzi dute? Arlo horretan aurreratu ote den galdetu zitzaien. Batzutan pentsatzen dute baietz. Gehienek pentsatzen dute egoerak berdin jarraitzen duela. Azpimarratzekoa da, eta hori arlo guztietan, ez dutela ezagutzen udalak egiten duen lana. Ez dakite. Batzuk Emakumeen Bilgunea ezagutzen dute. Besteek, aholkularitza juridikoa dagoela badakite. Indarkeria jasaten duten emakumeendako zerbitzua badela ere badakite. Baina batzuek. Gehienek diote ez dugula ezer aurreratu. Alde horretatik diagnosiak erakutsi digu gure lana gehiago atera behar dugula, emakumeek eta gizonek ezagutzeko. Altsasuko jendeak ez du ezagutzen egiten ari garen lana. Udalarengandik zer espero dute?Lan handia dugu egiteko. Udaleko teknikarien hausnarketa taldean agertu zen argi eta garbi gaur egun berdintasuna Emakumeen Batzordeak besterik ez duela lantzen. Beste sailetan ez da lantzen. Gure helburua da berdintasuna transbertsala izatea sail guztietan. Hori lortu behar da. Bestela lana galdu eginen da. Ezin dugu balore edo eskubide bat landu soilik sail batetatik. Berdintasuna ez da emakume talde baten arazoa. Berdintasuna hirigintzan, lan batzordean, heziketan, kirolean, kulturan eta abarretan landu behar da. Hori egiteko prozedurak, prestakuntza eta beste hainbat gauza lortu behar dira teknikari eta politikoen aldetik. Hasierara bueltatzen gara, berdintasunerako planera.Argi eta garbi. Nik uste dut plan horretan helburu eta jarduera batzuk agertu behar direla herritarrei bideratuta, eta beste batzuk, udalean bertan egiteko. Diagnosia eskutan, zein pausu emanen dituzue orain?Nire proposamena diagnosi honekin hausnarketa egitea izanen da, ondorio nabarmenenak ateratzeko. Ondoren planaren lehen zirriborroa aurkeztu. Berriro hausnarketa taldeak osatu eta ondoren plana atera. Asmoa da plana aurten egitea, legegintzaldi guztia hartzeko. Besterik?Azaldu diren gauza batzuk teknikoki interpretatu behar ditugu. Baita agertu ez direnak ere. Lehen emakumeen parte hartzea eskatu nuen diagnosia egiteko. Orain emakumeen laguntza eskatzen dut plana egiteko.