Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tren gidari izateko zein ikasketa behar dira?13 eta 17 urte bitartean Salestarretan ikasi nuen, Iruñean, barneko ikasle. Ondoren Iruña tailerretan lan egin nuen. Handik, Legazpiako Patrizio Etxeberria lantegira joan nintzen. Han apostajean lan egin nuen. Handik Altsasuko Salegi garajera etorri nintzen lanera. Orain San Migel tailerra dagoen tokian zegoen. Han kamioiak egiten ziren.
Kamioiak?Bai, bai. Guzti-guztia. Barreirosek motorrak egiten zituen eta guk gainontzekoa egokitzen genion. Baina garai hartan txasiak txatartegitik ekartzen ziren edo zeuden tokitik. Ez zegoen materialik. Dena eskuz egiten zen. Tornoan errodamentuen ajustajeak, transmisioak... Den-dena tornoan egin behar genuen, eskuz. Artisautza hutsa. Beharko eta. Ez zegoen beste aukerarik. Aste batean kamioi bat egiten genuen! Atarrabian karrozatzen zuten. Kamioi oso politak ziren, Saer markakoak.
Eskola handia izanen zen?Hala zen, bai. Gutxienekoa ere ez zegoen. Ez zegoen materialik, ez tornorako kutxilarik eta ia ez zegoen brokarik ere! Oso garai latzak ziren. Ez zegoen ezer.
Ingenioa behar!Bai. Baina Barreiros etxea kamioiak egiten hasi eta hura bukatu zen arte. Eskaera txikitu zen. Hura bukatu zela eta lana bilatzeko esan ziguten. Ongi portatu ziren, beste lan bat opatu arte haiekin aritzeko aukera eman ziguten.
Nik soldadutza egin beharra neukan. Orduan tren-soldadutza zegoen. Nere baitan esan nuen: "egoera honetan, lanik ez eta langabezia! Tiro bakarrarekin bi txori bota! Soldadutza egiten dut eta bide batez RENFEn sartzeko aukera balia dezaket". Eta hala egin nintzen tren-gidaria. Tren-soldadutza egin eta gero gidari baimendu bezala gelditzen zinen, gidari lana egiteko aukerarekin. Urte batzuk pasa behar ziren tren-gidari izendatu arte.
Non egin zenuen soldadutza?Hainbat tokitan. Bandera-zin egitea zalditeria erregimentuan egin genuen, Valladoliden. Gauza berezia zen trenarena soldadutzaren barruan. Oso gutxi ginen. Handik Madrilera bidali gintuzten, RENFEren motor eskolara. Praktika oso ona egin genuen han. RENFEko motor eskolako onenak zeuden han. Italiarrak zeuden garai hartan, FIAT etxeko automotoreak ekarri berri zituzten. Han lanean Juanito Landazuri altsasuarra zegoen. Tren automotoreen martxa-kutxen arduradun zen hura.
Handik Sevillako Santa Justa gordailura bidali ninduten. Handik Valentziara. Valentziatik Ourensera. Ourensetik Madrilera atzera ere, berriro Sevillara jotzeko. Han luze egon nintzen. Andaluzia aldean asko ibili nintzen. Ondoren Miranda de Ebron. Batetik bestera ibiltzea tokatu zitzaigun, maindirea saskian genuela. Jatekoa gure kontu. Latzak pasa ditugu! Diru gutxi ematen ziguten.
Soldadutzan trenak gidatzea tokatu zitzaizun?Bai. Bidaiari eta merkantzia zerbitzu konbinatuak ziren. Sevillan geundela, Kordoban hartzen genuen zerbitzua eta Cadiz, Huelva edo Malaga genuen helmuga. Gero Zafratik Huelvara. Inguru hori guztia. Bidaiariekin genbiltzanean, ongi. Merkantzia tokatzen zenean geltoki guztietan erremolatxa hartzera gelditzen. Sevilla ondoko azukre-olara eramaten genuen. Geltoki bakoitzean hiruzpalau bagoi utzi, bete eta trena osatu arte.
Jatekoa eramaten zuten trenetatik lapurtzea ohikoa zen, ezta?Bai. Garai hartan laranjak letra eta guzti jaten genituen. Orduan ez zen ezta azala ere botatzen. Gose latza pasatakoak gara. 1.500 pezeta irabazten nituen orduan. Bazkaltzen banuen ez nuen afaltzen. Logela ere ordaindu behar zen eta ez genuen laukorik. Soldaduskan hilero 1.500 pezeta ematen zizkiguten. Zerbait sobratuz gero kontu batean sartzen ziguten. Lizentziatutakoan eman ziguten, baina lauko batzuk besterik ez ziren.
Zenbat eman zenuen soldadutzan?4 urte, baina kuartela zapaldu gabe. Tren-gidari izateko tramite hutsa zen soldadutza. Militarrez ere ez ginen janzten, horretara behartuta bageunden ere. Beti kalez jantzita genbiltzan. Sevillan lizentziatu nintzen eta lan tokia Miranda de Ebron eman zidaten.
Tren elektrikoak ziren?Ez. Ni diesel-elektrikoekin aritu nintzen. Diesel motorrak argi indar sortzaileak besterik ez ziren, diesel makinen trakzioa elektrikoa baita. Diesel-elektriko konbinazioa dutenak niretzat makina onenak dira. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetan makina guztiak dieselak dira, baina trakzioa elektrikoa dute. Diesel motorrak argi indarra sortzen du eta ardatz bakoitzak motor elektriko bat du.
Mirandan zein lan egin zenuen?Han ohikoak diren zerbitzuak. Medina del Campo, Avila, Vigo, A Coruña eta Irunera. Aldi batez ere Iruñean izan nintzen, SEATetik trenak ateratzen. Hendaiara eta Pasaiko portura eramaten genituen. Altsasun, aurrera eta atzera, maniobratzen ere izan nintzen. Tren guztiak ateratzeko makina jarri ziguten arte.
Mirandan zeundela proposamena.Gordailuko buruak deitu gintuen ni eta laguntzailea. Galdetu zigun: "Soriara joan nahi duzue? Film bat egiten ari dira". Nik gerra guztietarako ematen nuen izena. 24 urterekin! "Bai, gizona. Bagoaz!" Inork joan nahi ez zuen tokira joaten nintzen ni. 1965. urtea zen.
Zinema beti gustatu izan zait. Baina nola egiten zen ez nuen ideiarik ere. Oso errepikakorra da. Eszena bakoitza 20 aldiz egitea agintzen zizuten! Zuzendaria David Lean zen. Bera eta teknikari guztiak ingelesak ziren. Giroari dagokionez, oso ona zen.
Han ezagutu nituen nik walkie-talkieak. Bat eman zigun eta itzultzaile baten bidez aginduak jasotzen genituen: "Benga, aurrera 25 km orduko. Atzera egin eta orain 35era". Abiadura ezberdinetan ibili ginen zuzendariak egokiena zena aukeratu arte.
Halako batean, Lili Murati, haurra besoetan duela, iraultzak txikitutako herri batetik ateratzen da eta aktoreari, Omar Sharifi, ematen dio haurra. Omar oso tipo majoa zen. Eszena hura hainbatetan errepikatu behar izan zen. Lili heldua zen ordurako eta nekatu egin zen. Andeneko elurra guztiz zapatuta zegoen eta halako batean irristatu eta andena eta trenbideko kutxa artean sartu zen. Han hil zela uste genuen. Bizirik ateratzea miraria izan zen. Madrilera, ospitalera, eraman zuten. Igandetan lan egiten ez zenez bisitan joan ginen behin. Sendatuta zegoen, baina gu ikustean poztu egin zen.
Gogoan dut kamera eta guztietan Camelen propaganda zegoela. Tabakoa dohainik ematen ziguten. Estra gehienak zaldizkoak ziren. Hainen buruarekin lagun egin nintzen, borroka-grekoerromatarrean aritzen zen. Estra asko borrokalariak edo zirkoko jendea ziren. Lanean gogor aritutakoak ziren guztiak. Haien buru, Soria zen, El Capitan Maravilla deitzen zioten. Urdiaingo Juan Urtasunekin borrokatu zen inoiz eta harendako gorentziak eman zizkidan. Juanek gogoan zuen eta zertan zebilen azaldu nion. Hark zaldi bakoitzera egindako salto bakoitzari, eroriko bakoitzari prezioa jartzen zion. A ze zaldizkoak zeuden han! Haiek beraiek botatzen dute zaldia lurrera! Zaldi trebatuak dira. Ez dakit nola sartzen dizkieten hankak! Kolpe izugarriak hartzen dituzte. Film guztietan hiltzen zen baten bat.
Gogoan dut hainbeste hotza egiten zuela makina izozteko beldur nintzela. "Arazorik ez. Toldoa behar duzu? Benga, Soriara toldo eske!" Gauez harekin tapatzen genuen, ez izozteko. Izozte izugarria izan ziren.
Zenbat izan zineten han?Hilabete edo hilabete eta erdi. Villar del Campo Soriako herrian filmatu zen. Herria errusiarra bailitzan dekoratu zuten. Kanpoko irudiak Finlandian filmatu ziren. Gainontzeko guztian Madrilen Chamartingo geltokian eta estudioetan.
Hilabete eta erdian trenarekin aurrera eta atzera. Aspertzeko modukoa. Guk han eman genuen denbora guztiarekin, filmean 3 minutu edo besterik ez dira ikusten. Baina ez zen aspergarria. Ezagutzen ez duzun zerbait denez... Ingelesak tipo jatorrak ziren.
Bazenuten traturik?Gehien harritu ninduena hori izan zen. Estrak film eta produktore espainiarrendako lan egiten zuten normalean. Haiek ziotenez kanpo aldean filmatzen zutenetan, artistendako pabilioi bat egiten zuten eta gainontzeko guztiak beste batean biltzen ziren. Klasismoa ongi markatuta. Baina haiekin guztiak pabilioi batean biltzen ginen. Julie Christie, Geraldine Chaplin, Omar Sharif... Gainera, haiek ziren jendearengana hurbiltzen zirenak.
Omar Sharifek utzi zidan niri Karl Marxen Kapitala liburua. Estreinaz orduan irakurri nuen nik liburu hori. Hizkuntza pila dakizkie. Ordurako banandua zegoen eta Tarek izeneko semea zuela esan zigun. Peter O´Toolen eskutik sartu omen zen zineman. Dirukoak ziren eta Ingalaterran unibertsitatean ikasten zegoen Omar. Haren bidez sartu zen zineman. Laurence de Arabia da egin zuen lehen filma. Berak zioen sekula ez zuela aktorea izatea pentsatu. Gaztelaniaz primeran egiten du.
Esperientzia polita, beraz. Bai, jende haren apaltasuna ezagutu nuen. Zenbat eta kategoria gehiago orduan eta apalagoak, kultura eta gizarte kontzientzia dagoenean. Eta bazuten. Esaterako, liburua gaztelaniaz uztearen detaile hutsa. Normalean ingelesez hitz egiten zuen, baina lauzpabost hizkuntza dakizki. Arabiar hauek izugarriak dira, hizkuntza pila dakizkite. Duen kulturarekin eta, gainera, unibertsitatea.
Bera gizatiarrena zen. Geraldine Chaplin ere oso jatorra zen. Julie Christie harroagoa zen. Ederragoa zenez harroputzagoa zen. David Lean primerakoa zen. Whiskia barra-barra edaten zuen. Eta denak ere.
Filma zineman ikusi zenuen?Bai, baina ez dut gogoan non. Telebistan ere ikusi nuen hainbatean.
Kredituetan agertzen zarete?Bai, zera! Guk horretarako ez kategoria ez ezer ez genuen. Gu langile hutsak ginen.
Beste behin lan egin duzu zineman?Ez. Berriro lanera. Jubilatu arte. Gogoan dut Utrerako mutil bat etorri zela Mirandara lanera. Lagun minak ginen. Hari herrien euskal izenak arrotz zitzaizkion. Behin batez Ikaztegietara heldu eta gelditzeko esan zidan: "Hi, geldi! Frantzian gaudela!"