Ramón Dorronsoro, Juana Urra eta Santos Iragi

Guaixe 2007ko apirilaren 26a

Zein da Iratxo elkartearen historia?Orain dela 25 urte sortu zen gaur egun Iratxo elkartea deitzen dioguna. Lehen lagun berriak taldea zegoen herrian eta talde hau berritzea eta handitzea erabaki genuen.Elkarte anitza da, arlo asko lantzen ditugu, kirola, euskara, kultura, eta afariak eta egiteko jende asko biltzen da mahaien inguruan. Nola ez!! 90 bazkide izanen gara eta mendi taldean gabiltzanak gaur egun 15en bat.Urte asko pasa dira eta asko ikasi dugu bidean. Gauza batzuk egonkortu egin dira, esaterako Ibilaldi handia, beste batzuk bidean gelditu dira baina balorazio positiboa egiten dugu.Sakanako Ibiladia da oraingoan elkartu gaituena baina urtean zehar beste ekitaldi batzuk ere egiten ditugu. Herriko Kultura kontseiluan parte hartzen dugu esaterako eta jaietan ere gure jarduerak egiten ditugu.Zeintzuk dira Sakanako Ibilaldiaren aurrekariak?1980. urtean hasi zen martxa honekin. Sakanako 15 lagun bildu ginen eta ibilaldi bat egitea bururatu zitzaigun. Ibilbidea oraingoaren antzekoa zen baina S. Donato eta Trinitatera ez zen igotzen. Urte batean Sakanako Ibilaldi Handia eta hurrengoan Sakanako ibilaldi txikia antolatzen genuen. Txikia paseotxo bat zen, Irurtzun ingurutik. 8 edo 10 urtetan horrela ibili ginen.Baina 2000.ean gure ibilaldia jende gehiagori zabaltzea interesgarria zela pentsatu genuen. Horrela eskutitzak eta gonbidapenak bidali genituen mendi elkarte ezberdinetara eta pixkanaka jendea animatzen hasi zen. Urte horretan 100 pertsona etorri ziren eta pentsa! Iaz 600 parte hartzaile izan genituen.Nolakoak izaten dira Ibilaldiaren prestaketa lanak?Lan talde bat daukagu gai guzti hauek jorratzeko. Izen ematea internet bidez, telefonoz edo faxez egin daiteke. Azken egun hauetan Iratxoko telefonoari kea dario, jo eta jo dabil eta. Jendeak azken momenturaino itxaroten du. Zalantzan egoten da jende asko eta azken egun hauetako eguraldiak asko baldintzatzen du. Bestalde, aurten berezitasun bat ere izango dugu. Egun berean goizeko 5etatik 6etara ere izena emateko aukera egonen da elkartean bertan.Txalotzekoa da baita ere egun honetarako elkartekideen artean sortzen den lan giroa. 40 laguntzaile izanen ditugu egunean bertan, batzuk kontroletan, besteak autoekin erretiratzen den jendea herrira ekarriz, etab. Azkenik aste honetan egin dugun lan garrantzitsuenetako bat ibilbidea markatzea izan da. Oso ongi dago, konfetiekin eta plastikozko zintekin markatzen ditugu bi ibilbideak inor galdu ez dadin. Orokorrean prestaketa lana gogorra da baina gogo handiz egiten dugunez, ez digu axola.Nola deskribatuko zenukete ibilaldi hau ezagutzen ez duen batendako?Gure ustez inoiz egin dugun ibilaldirik politena da. Sakanak duen eremu geografikoa sekulakoa da, guk zirko bat dela esaten dugu. Eta ibilaldi honetan hori islatzen da. Goizean bidean zoazela arratsaldeko ibilbidea ikusten da, eta arratsaldean alderantziz. Aldiz San Migel zeharkatzen dugun bitartean goizeko bidea ikusten da. Zoragarria da!!Gure ibiladi hau Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien barnean kokatzen da. Euskal Herrian 22 dira hautatuak, horietatik 2 Nafarroan eta bat gurea da. Horrek ere azaltzen du zer nolako garrantzia duen ibilaldi honek. Jende asko horregatik etortzen da.Bestalde esan beharra dago azken urte hauetan zentzu berezi bat ere eman diogula ibilaldi honi. Felix Isasaren ikerketen arabera Euskal Herriko erdigune geografikoa Andiako Mendilerroan kokatzen da. Bertan monolito bat jarri dute eta honek esanahi berezia dauka guretzat. Pena ematen digu jendeak leku horri halako garrantzi gutxi ematea. Urte batez, bertan dagoen monolitoan sinadura bilketa bat egin genuen Nafarroako eta Euskadiko selekzioak batzearen alde eta urte hartan jende asko bertaratu zen. Beste urteetan berriz batzuk hain azkar doazenez ez dira konturatu ere egiten. Horregatik aurten ibilaldia pixka bat moldatu dugu, 100 metroko bihurgune batekin, eta ibilaldia puntu horretatik pasatzen da.Ibialdiaren ezugarriei dagokionez zer esango zenigukete?Guk bi aukera ematen ditugu, A eta B ibilbideak. Lehenengoa 55 km-koa eta 3.000m-ko desnibela dauka. Hasierako Txurregiko aldapa eta San Donato eta San Migelen artean dagoen V hori dira gure ustez zatirik gogorrenak. 3 baselizetatik pasatzen da ibilbidea. Normalean jendeak 10-12 ordutan egiten du, baina denetarik dago.Bigarrena, berriz, bigunagoa da. 46 km dauzka baina 2.230 metroko desnibela eta honetan ez da tontorretara igotzen, jendeak normalean 5 ordutan egiten du. Paisaia bietan ere oso polita da. Mendizale guztiek esaten digute errepide gutxiko zeharkaldia izatea eskertzekoa dela. Urte haietan, ibilaldi hau antolatzen hasi ginenean jendeak momentu atseginak bizitzea eta ondo pasatzea zen gure helburua. Ez genuen ibilaldi lehiakor bat izatea nahi baina urteekin konturatu gara jendea ahalik eta denbora gutxian egitera etortzen dela. Pena da, ez baitute paisaiaz eta Sakanak duen berezitasunaz gozatzen.Ibilbidean zehar kontrolak egiten dituzue?Bai, zenbait puntutan kontrolak jartzen ditugu. Esan bezala ez da nork irabazi duen jakiteko, jendea iristen dela ikusteko baizik. 5 kontrol jartzen ohi ditugu, bertan haiek daramaten txarteltxoan egin duten denbora apuntatzen diegu. Puntu hauetan ere atseden har dezakete mendizaleek. Beste zenbait lekutan ere hornidura puntuak jarriko ditugu. Bertan parte hartzaileak indar berritzeko ura, fruitu lehorrak eta halakoak banatuko ditugu.Parte hartzaile kopuruak gora egin du azken urte hauetan. Aurten nolako aurreikuspena duzue?Aitortu beharra dago jende gehienak errepikatu egiten duela. Denetarik esaten digute, ibilaldi polita delako, antolakuntza ona delako. Auskalo! Iaz 600 izan baziren aurten eguraldiak laguntzen badu 700 izatera helduko garela uste dugu. Hasieran batez ere gipuzkoarrak etortzen ziren baina orain leku guztietatik etortzen dira. Nafarren kopurua asko igo da eta horien artean sakandarrena. Azken urte hauetako gorakadarik nabarmenena emakumeen parte hartzea da.Adinari dagokionez, batez bestekoa 30-40 urtekoa da eta gazteen parte hartzea nahiko urria da. Beraz, datozen urteetarako gaztetxoak ere animatu nahi ditugu. Txalogarria da urtero etortzen den mendizale baten parte-hartzea. 79 urteko gizon bat urtero etortzen da. Sasoi onean dago eta urtero errepikatzen du. Guk beti esan izan dugu, etorri aurretik prestaketa pixka bat egin behar dela baina ez asko; edozeinek egin dezake. Dena den, bidean baten bat nekatzen bada uzteko aukera ere izanen du.Bukaera nolakoa izaten da?Bukaera polita da. Baina hasiera gure ustez politena da. Hasiera goizeko 6etan ematen dugu eta denok elkarrekin irteten gara. Ikusgarria da Irurtzungo kaleak jendez gainezka ikustea. Momentu hunkigarriena izaten da guretzat. Gure ametsak errealitate izaten hasten den momentu hori. Gero aldapan gora jendea sakabanatzen hasten da.Jendea helmugara iristen den heinean denbora apuntatu eta diploma edo oroigarriren bat banatzen dugu. Bukaeran masajea har daiteke Surya eskolaren eskutikSakanako ibilaldi Handia amaitu ondoren zer?Lehenik eta behin atseden hartu! Hurrengo hilabeteetan botxa txapelketa antolatuko dugu. Uda aldera ere Pirineo aldera joango gara Iratxoko mendi taldea eta beste talde batek Europara eginen du txangoa Urtean zehar ibilaldi dexente antolatzen ditugu, aurten esaterako apustu berri bat egin dugu eta Urte zahar egunean Trinitatera igoko gara txangoan. Bukatzeko jende gaztea animatu nahi dugu. Lehen zaletasun handiagoa zegoela uste dugu. Gu hasi ginenean 2 autobus antolatzen genituen gaztetxoekin baina gaur egun makaltzen hasi da. Egia esan mendian gazteak ikusten ditugunean asko pozten gara. Hauxe da bota nahi dugun azken mezua: gaztetxoak anima daitezela, mendiak eskaintzen diguna sekulakoa baita.