Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1-Nondik dator maiatza jasotzearen ohitura?Antzinako kontua da maiatza jasotzearena. Interpretazio ugari daude honen inguruan baina guri kontatu digutenarengatik eta bizi izan dugunarengatik, abeltzaintzari estuki lotuta dagoen ohitura da. Lehen etxe guztietan abereak geneuzkan eta negua bukatzen zenean etxetik mendira igotzen genituen gure aziendak. Maiatza jartzeak, abereak mendira igotzeko sasoia zela adierazi nahi zuen. Horregatik izaten da arbola hain luzea, herritik jendeak negua bukatu zela ikus zezan. Gaur egun berriz, tradizioari eusteagatik egiten dugu. Herrian oso errotuta dagoen ospakizun bat da maiatzaren lehena eta gure nahia eta helburua ohitura hau mantentzea da.2-Betidanik ezagutu duzu ohitura hau Etxarri Aranatzen?Lehen herri gehienetan egiten zen baina denbora pasa ahala galduz joan den ohitura bat da. Iturmendin, Bakaikun eta Ziordian esaterako orain dela urte batzuk berreskuratu zuten herriko ohitura hau eta orain indarra hartzen hasi da.Etxarrin berriz, nik betidanik ezagutu dudan ohitura da. Txikia nintzenean, 12 urterekin eskolako maisu eta ikaskideekin joan ginen maiatza jartzera. Dirudienez, 2 urtetan ez zen maiatzik jarri baina bestela urtero hortxe izan da hutsik egin gabe.Egia esan, herriko jendeak ez zekien nork jartzen zuen baina bertan egoten zen.3-Nola egiten dituzue egun honetarako prestaketak?Orain dela urte batzuk honetan aritzen garenon talde bat antolatu genuen eta nahiko itxuroso aritzen gara. Egia esan, orain teknifikatuago dago dena. Adibidez, antzina guk aukeratzen genuen zein pago bota nahi genuen; beti ere basoari ahalik eta kalte gutxien egiten. Baina orain berriz Urbasako basozainak markatu egiten digu zein zuhaitz bota behar dugun.Gero betiko lanak ere izaten ditugu, zuhaitza garbitu edo azala kendu eta halakoak.4-Zein da maiatza jasotzearen teknika edo sekretua?Ez daukagu ezkutuko sekreturik! Hori bai teknikan ere aurreratu edo aldaketak egin ditugu. Lehen zuhaitza sartzeko zuloa nola nahi egiten zen. Honen arriskuaz jabetu ginean, porlanezko zulo sakon bat prestatu genuen eta orain urtero zulo horretan kokatzen dugu maiatza. Ez-ustekoren bat ere bizi izan dugu eta horregatik segurtasuna bermatu nahi dugu beti ere. Urte batean esaterako haizeak zuhaitza lurrera bota zuen eta horrelakoak gerta ez daitezen segurtasuna beharrezkoa da.Bistakoa da maiatza jasotzeko indar handia behar dela, horregatik zutitzerako orduan burdinezko sardeska handi batzuk erabiltzen ditugu. Altxatzerako orduan pagoaren muturra ongi kokatzea da gakoa. Modu batean edo bestean jarrita komeriak izaten ditugu; gaizki jarriz gero beste muturrak, hau da, zuhaitz puntak pisu handi hartzen du eta buelta eman dezake. 15 metro pago luzea da altxatzen dena eta pisua alde batera badoa pentsa!Urte batean hori gertatu zitzaigun eta nahita bota behar izan genuen. Haiek komeriak!5-Zenbat jende biltzen zarete lan hau egiteko?Jasotzerako orduan jende gehiei ez da komeni. Indarra behar da, baina askoren artean egiten badugu batzuetan kalterako izaten da.Herriko jende asko biltzen da ikuskizunaz gozatzea eta ohitura hau ospatzea; gazte, zahar zein umeak .6-Noiz arte mantentzen da?Hilabete osoa egonen da maiatza Arzabalen eta Sakanako bazter guztietatik ikus daiteke. Maiatzaren 31n beraz botako dute eta horretarako ere arduradun bat daukagu.7-Nolakoa izan zen 2007eko maiatzeko festa? Nahiko tristea! Eguraldi oso txarra izan genuen eta penaz bueltatu ginen etxera.Beste urteetan festa giro oso polita egiten da. Goizetik jende asko biltzen da lagun talde zein familian eta gosaria egiten dugu. 12:30ak aldera ekiten diogu lanari eta jende asko bertaratzen da. Aurten berriz, ni iritsi nintzenean 15 lagun geunden. Egin beharrekoak lehenbailehen egin eta blai eginda etxera bueltatu ginen. Beherantz gindoazenean jendea gorantz zihoan baina dagoeneko berandu! Nik sekula ez dut ezagutu horrelako eguraldi kaxkarra maiatzaren lehenean baina aurten hala suertatu da eta konformatu behar. Ea datorren urtean suerte gehiago daukagun eta urteroko festa berezi hau behar den bezala ospatzen dugun