Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
12 urte hauetan zer eman dio Olaztiko Gaztetxeak herriari?Gure ustez gauza aberasgarri asko. Hasteko, gazte antolakuntzan eta autogestioan oinarritutako proiektu bat da gurea, eta hortik abiatuz gero denetarik esan dezakegu. Antolatzeko aukera bat da eta gure ekintzek eta jarduerek bizia eman diote Olaztiko herriari.Beste kolektiboek egiten ez dituzten ekintzak egiten dira gurean. Mota ezberdinetako ekintzak egiten ditugu: iraupen luzea dutenak (tailerrak, etab) edo puntualak direnak,.. Denetarik egiten saiatzen gara.Eta alderantziz. Zer eman dio herriak Gaztetxeari? Lehenik eta behin eta garrantzitsuena, gure proiektua aurrera eramateko aukera. Orain dela 12 urte eskualdean zegoen Gaztetxe bakarra Altsasukoa zen. Ziordikoa ere okupatu berri zegoen, eta guk Olaztikoa okupatu genuenean jendea beldur zen. Esperientzia gutxi ezagutzen ziren garai hartan eta jendeak zalantzak zeuzkan. Baina denborarekin proiektua garatzeko aukera izan dugu eta herriak gure lanaren txukuntasuna eta balioa ikusi du. Horregatik eskertzekoa da herritarrengandik jaso dugun sostengu soizala.Nola ikusten duzue gaur egun Olaztiko gazte giroa? Gizartearen isla argia gara gazteok. Gu ez gatoz bat gaur egungo gizartearen norabidearekin eta bide alternatibo bat eskaintzen diogu Olaztiko gazteriari. Herriak bizitasuna galdu du, eta hori gertatzen ari zela jabeturik Gaztetxea hemen egon da tinko, egoerari aurre eginez eta alternatiba edo bide ezberdinak eraikiz. Hori da azken finean gure filosofia: Guk eraiki behar dugun zerbait da Gaztetxea. Ideiez eta proiektuz eraiki behar dugun gazte giroa hain zuzen ere.Gure ustez herrian Gaztetxea erreferente bat da, eta aurrerantzean ere hala izatea espero dugu.Zenbat jende biltzen zarete Gazte Asanbaladan? Gaur egun 20-30 lagun biltzen gara. Hori bai ospakizun berezietara jende gehiago etortzen da. Baina egunerokotasunean horiek egoten gara gutxi gorabehera. Talde polita da. Generazio ezberdinak osatzen dugu talde hau eta oso aberasgarria da hori. Gaztetxera berriki sartu den taldetik hasita orain dela 12 urte okupatu zutenak ere badaude. Gazteen ideien freskotasuna eta helduagoen esperientzia uztartzen baditugu... bistakoa da, sekulako Gaztetxea!Zertan aldatu da Gazte Asanblada 12 urte hauetan? Lehen esan bezala, Gaztetxea gizartearen isla da. 12 urte hauetan gure bizitzeko era asko aldatu da eta Gaztetxearen antolaketa ere aldatu egin da. Aipagarriena eta txalotzekoa iruditzen zaigun aldaketa, generoarena da. Orain dela 12 urte Gazte Asanbladako gehienak mutilak ziren. Ez dakigu zergatik, baina halaxe egokitu zen. Gaur egun, berriz, emakumeen parte-hartzea ikaragarri igo da, eta gehiengoa emakumezkoa da gaztetxean. Berri pozgarria da emakume gazte talde oso langilea eta oso konprometitua daukagulako gurean.Eta Maisuenea eraikina zertan aldatu da? Ez dauka lehenengo egunekoarekin antzik!! Gaztetxea okupatu genuenean pisu zahar bat zen hau. Berrikuntza asko egin behar izan genituen hasieran guzti hau egokitzeko, baina pixkanaka- pixkanaka egin genuen. Barra, eskenatokia, komunak, margoketa,... Azken urte hauetan gazteak fin-fin ibili dira eta sekulako astinaldia eman diote lokalari. Gaur egun txukun-txukun daukagu, horma irudi ikusgarriekin, eta aparta dela esatera ausartuko gara.Nola ospatuko duzue XII. urteurrena? Aurreko asteburuan hasi ginen ospakizunekin. Grafitti ikastaro bat izan genuen eta gure irudimena lantzeko paretetan ibili ginen margotzen. Afari-meriendua ere izan genuen atarian egindako parrillada batekin gozatuz, eta gauerako prestaketa egin genuen. Hip-Hop dantzariak izan genituen eta haien ausardiaz eta abileziaz gozatzen aritu ginen gau osoan. Bukaeran Aritz Saund Sistem izan zen, eta honekin olaztiarrok dantzaldi bikaina ikusteko parada ere izan genuen. Kar kar..Eta asteburu honetarako zer prestatu duzue? Ostiralean arratsaldeko 19:00etan txupinazoa botako dugu eta jarraian triki poteoari hasiera emanen diogu. Gauean berriz afari autogestionatua antolatu dugu, eta bertara etortzeko gonbitea luzatu nahi diegu Sakanako gazteei.Larunbatekoa izango da egun nagusia; okupazioaren eguna hain zuzen ere. Hamaiketakoa, kalejira, bazkaria, gazteen arteko jokoak, eta abar izanen ditugu egunean zehar. Asteburua ondo amaitzeko kontzertu bikaina antolatu dugu: Disturbio eta Manolo Kabezabolo.Beraz asteburu honetan giro ona eta festa ziurtatuta dauzkagu Olaztin. Ea jendea animatzen den!Ospakizun guzti hauen ondoren festa-ondoa sekulakoa izanen da, baina zein asmo dauzkazue etorkizunerako? Ekainean Maisuenea rock jaialdi bat antolatu nahi dugu Sakanako talde ezberdinekin, baina oraindik ezin dugu aurreratu. Eta etorkizunerako....Gaztetxeak aurrera egitea da gure nahia. Herrian leku esanguratsu bat izaten jarraitu nahi dugu eta horretarako herriari bizia emanez lanean jarraituko dugu. Urte batzuk barru berriro ere elkarrizketa hau egiten badugu, primeran; hori seinale ona izango baita