Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zein izan da Erkudengo Ama abesbatzaren ibilbidea?Orain dela 25 urte sortu zen abesbatza eta pentsa zenbat denbora pasa den geroztik!! Ni koralaren hastapenetan ez nintzen egon beranduago sartu bainintzen. Egia esan, modu oso berezi batean hasi nintzen ni abesbatzan parte hartzen. 1983. urteko Santa Zezilia egunean abesbatzaren kontzertua ikustera joan nintzen. Momentu horretan konturatu nintzen nik ere bertan parte hartu nahi nuela eta halaxe izan zen.Abesbatzaren lehenengo urteetan 60 lagun biltzen ziren baina gero kopuru hau pixkanaka jaitsi egin da. Abesbatzaren lehen zuzendaria Gabi Alegria izan zen. Orain dela gutxi hil egin zen eta 25. urtemuga honetan gogoan izango dugu. Gabik utzi zuenean Sara Salazarrek hartu zuen eta nire aurretik ere tarteka beste zuzendari batzuk izan ditugu: Fermin Larrea, Anabel Valencia, Lourdes Macho, Carlos Gorritxo,..Abesbatzaren zuzendari zarenetik zer azpimarratuko zenuke?Orain dela 10 urte taldean krisi txiki bat bizi izan genuen. Abeslari gutxi ginen eta desanimatu xamar ibili ginen. Nik orain dela 5 urte hartu nuen zuzendaritza eta taldea berpizteko ahaleginak egin genituen. Egunkarian iragarki bat jarri genuen azken ahalegin gisa ea jendea animatzen zen. Egun hartan jaso nuen dei bat nire ustez berpiztearen gakoa izan zen. Iruñetik argentinar batek deitu zidan. Argentinan koralean abesten zuela eta hemen ere egin nahi zuela. Gure entsegutara etortzeko esan eta berehala animatu zen. Beranduago haren emaztea ere etortzen hasi zen abesbatzara.Entsegu egun batean txantxetan hurrengo elkar trukea Argentinara egingo genuela esan genuen. Bikote honek hau entzun eta hurrengo entsegurako dagoeneko bidaia osoa prestatuta zeukaten. Nik hasieran ezetz esan nien, erokeri bat zela baina pixkanaka animatu egin ginen eta uda hartan Argentinara egin genuen bidaia. Nire ustez bidaia hau gure etorkizunaren giltza izan zen. Ez dakit zergatik baina momentu horretatik aurrera jendea pixkanaka animatu egin da.Orain dela 3 urte berriz ere Argentinan izan gara eta esperientzia ahaztezina bizi izan genuen. Kontzertu asko eskaini genituen eta lan handia izan genuen baina guretzat guztiz aberasgarria.Zein da gaur egungo abesbatzaren osasuna?Egun 30 lagun biltzen gara. Altsasuarrak ez ezik, Sakanako hainbat lekutatik ere etortzen dira. Adinari dagokionez ere aniztasun handia daukagu gurean, 20 urtetatik 80 urte bitartekoak gara. Oso ondo moldatzen gara guztiok eta batzen gaituen zaletasun honekin oso ongi pasatzen dugu. Abesbatzaren ateak zabalik dauzkagu gerturatu nahi duen guztiarendako, beraz larunbatetik aurrera jende gehiago etortzea espero dugu.Zaila da abesbatzan kantatzea? Nola antolatzen dituzue entseguak?Astean bitan entseatzen dugu eta guk ez dugu inongo berezitasunik eskatzen.Ongi abestea eta musikaz disfrutatzea, besterik ez!Nola ospatuko dituzue 25 urte hauek?Urte osoan zehar ospatuko dugu urtemuga baina ospakizun hunkigarriena larunbatekoa izanen da. Lehenik abesbatzako hildakoen omenezko meza izanen dugu eta jarraian kontzertua eskainiko dugu. Kontzertu hau hiru zatitan banatuko dugu. Lehenengo zatian abesbatzak izan dituen zuzendari bakoitzak abesti bateko zuzendaritza hartuko du. Gero gaur egungo abesbatzak abesti berriak abestuko ditu nire gidaritzapean eta azkenik, koral erraldoi bat irudikatuko dugu. Erkudengo Ama abesbatzan izan diren kide guztiek abestuko dute azken zati honetan. Gure kalkuluen arabera 90 lagun bilduko gara azken abestiak kantatzeko.Saiorako kolaboratzaileak ere izango ditugu, Enrike Zelaia esaterako. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara, baina hala ez bada ere gure ustez garrantzitsuena dena, momentu hunkigarriak biziko ditugu ziur.Herrian oso errotuta dagoen taldea da zuena ez? Bai, nik ere hori uste dut eta horrek asko pozten gaitu. Oso talde herrikoia izan gara eta herrian izaten diren ospakizun gehienetan parte hartzen dugu. Esan beharra dago jendeak sekulako harrera egiten digula beti. Pozgarria da baina bestalde abestera jende gehiago animatuko balitz pozarren egongo ginateke.Txoritxo batek esan digu alfonbra gorritik ere pasa behar duzuela ez?Kar, kar, kar..... Bai oraintxe hitz egin dut Versacherekin eta dagoeneko hasi da nire soinekoa diseinatzen!! Bai, Helena Tabernaren filmean parte hartuko dugu. Altsasun gertatutako istorioa da eta hemengo jendea nahi zuela esan zigun. Ezkio Itsasoko elizan grabatu behar da gure zatia eta bi abesti kantatu behar ditugu, horretarako ere pintxo pintxo jantziko gaituzte. Esperientzia polita eta berria da guretzat eta taldekide guztiak ilusio handiarekin gaude. Ea Helenak zorte ona daukan!Eta etorkizunerako ze asmo?Aurtengoan urteurrenarekin murgilduta egon gara eta ez dugu beste gauzetarako astirik izan. Aurtengo udan ez gara kanpora joango eta Getxoko eta Faltzeseko koralekin topaketak egiteko asmoa daukagu. Azaroan aldiz, Rotara (Cadiz) joango gara. Orain dela 20 urte inguru bertan izan ginen eta haiek ere aurten 25 urte betetzen dituzte. Elkar truke polita izango dela uste dugu eta ea haiek ere etortzeko aukera daukaten.Bestalde urtean zehar betiko kontzertuak ere eskainiko ditugu: Santa Zezilia, Gabonak... Eta urte hau pasa eta gero, ikusiko da. Irlandara joateko ideia darabilkigu buruan baina auskalo!