Euskararen kale erabilera Sakanan

Guaixe 2007ko maiatzaren 17a

Neurketak. Zergatik eta zertarako?Hizkuntza baten egoera ezagutzeko oinarrizko hiru faktore dago: herritarren jarrerak, ezagutza eta erabilera. Hiru datu hauen azterketa zehatzak beharrezkoak dira hizkuntz politika oso bat eratzeko; are gehiago euskararena bezalako egoera minorizatua gainditu eta normalizazio planteamendu eraginkorrak bideratzeko.Euskal Herrian hainbat lan egin dira jarreren, ezagutzaren eta erabileraren gainean. Dena den, inkesta eta neurketa baten arteko aldea nabarmendu beharra dago. Izan ere, inkestan pertsonei galdetzen zaie hizkuntzaren erabileraz eta iritzi subjektiboa jasotzen da, hiztun bakoitzak uste edota adierazi nahi duena. Neurketa batean, berriz, ez zaio hiztunari galdetzen, objektiboki behatutako emaitza da ikerketan jasotzen dena. Hau da, neurtzaileak, kalean dabilela, entzun eta apuntatu egiten du. Eta hori da kale neurketak egiten duen ekarpen azpimarragarriena.Euskal Herrian 5 kale neurketa egin dira. Aurrena 1989an egin zuen EKBk. Orduko emaitzek Euskal Herriko euskararen batezbesteko erabilera %7,6koa zela adierazi zuten. Bigarren neurketa 1993an egin zen eta aurrekoaren ondorioen balioa berresteaz gain, euskararen erabilpenaren bilakaera ezagutzea ahalbideratu zuen, erabilpena %11ren inguruan zegoela adieraziz. 1997an egin zen 3. kale neurketa eta ordura arte neurtutako taldearen tamainaz gain, sexua eta taldearen barruan haurrak  egotearen eragina neurtu ziren lehen aldiz.Neurketaren metodologiaren fidagarritasuna ziurtatu eta oinarriak finkatuta, 2001eko neurketan aztertutako aldagaiei dagokienez, haurrak egotearen garrantziaz gain, haiek mintzakide diren edo ez aztertu zen. Azken neurketa iazko lastailean egin zen. Soziolinguistika Klusterrak zuzendu zuen eta euskalgintzako hainbat kide izan ziren karriketan neurketak egin zituztenak. Hamabi urteko esperientziak neurketari sendotasun teoriko eta metodologikoa eman dio.SakanaEuskal Herri mailako neurketa probestuz, Sakanako Mankomunitateak ibarreko neurketa berezitua eskatu zion Soziolinguistika Klusterrari. Horrela, zenbait boluntarioren laguntzarekin, Sakanako 9 herritan egin dira neurketak: Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olaztin. Datu horietan oinarrituta egin du Soziolinguistika Klusterrak azterketa. asteazkenean eman zituen emaitza nagusiak Klusterreko Olatz Altunak.Sakanan aurreneko neurketa 1993an egin zen, herri bakarrean. 4 urte geroago lau herrietako erabilera neurtu zen. 2001. urtean kale neurketa 9 herrietan egin zen. Iaz ere 9 herrietan egin ziren neurketak. Beraz, orain arte egin ez zitezkeen konparazioak egin daitezke orain.Ondorio nagusiak1. Erabilera indizeaSakana osotasunean hartuta euskararen kale erabileraren indizea % 26koa da. 2001eko kale neurketarekin alderatuz gero, Sakanan euskararen erabilerak 6 puntu egin ditu gora. Neurtutako herrietan euskararen erabilera indize altuena, alde handiz, Arbizuk du, % 74. Ondoren Etxarri Aranatz, % 51, eta Urdiain, %47, daude. Erabileran indizerik baxuenak Altsasun eta Olaztin ematen dira, % 9. Neurketak agerian utzi du 2001ekoarekin alderatuta erabilerak gora egin duela ia herri denetan: Iturmendin, Olaztin, Uharte Arakilen, Irurtzunen, Lakuntzan eta Altsasun. Gainontzekoetan behera egin du.2. Adin taldekaIazko lastailean egindako neurketek agerian utzi du haurrek erabiltzen dutela euskara gehien, % 30. Gutxien, berriz, batez bestekoaren azpitik, helduek, % 23. Gazteen erabilera % 26 izan da, eta adinekoena puntu bat gorago ageri da, % 27. Aurreko neurketarekin alderatuta Sakanan, adin talde guztietan, gora egin du erabilerak, 4 eta 7 puntu artean. Neurketak nabarmen utzi du herri gehienetan haurren erabilera altuenetakoa dela. Herri gehienetan gazteek pertsona helduek baino euskara gehiago erabiltzen dutela ere nabarmentzekoa da. Salbuespena Arbizu eta Etxarri dira. Aipatzekoa ere neurketaren beste emaitza bat: adinekoen artean ez da euskararik entzun neurketa egin den ibarreko 9 herrietatik 4tan. Adinekoen taldean salbuespena Arbizu eta Urdiain dira. Bi herrietan erabilera altuena duen adin taldea da.3. SexuaNeurketak agerian utzi du emakumeek eta gizonek euskara maila bertsuan erabiltzen dutela. Herri gehienetan emakumeetan euskaraz aritzeko joera handixeagoa nabari bada ere, aldea ez da adierazgarria.4. Haurren presentziaHaurrak presente baldin badaude euskararen erabilerak gora egiten du nabarmen, 9 puntu. Euskara gehiago erabiltzen da haurrak presente badaude, batez ere, Uharte Arakilen eta Olaztin. Hori ez da hainbeste nabari Arbizun, Lakuntzan, Urdiainen eta Etxarri Aranatzen. Haurraren presentzia soilak baino, haurrak beste adin taldetakoekin mintzakide izateak du eraginik nagusien erabileran.5. Erabilera erreala eta espero zitekeena Euskararen ezagutza mailaren arabera, espero daitekeen erabilera  kalkulatzen da. Hau da, euskaldunen dentsitatea hainbestekoa izanik, euskaldunak euskaldunekin elkartzeko ze aukera dagoen aztertzen da (bikotekako, hirukotekako, eta laukotekako elkarrizketetan); alegia, euskaraz hitz egitea estatistikoki zenbatean den posible.  Horretarako, Soziolinguistika Klusterrak Txillardegiren eredu matematikoa jarraiki, hipotesi hau erabiltzen du: euskaldunak euskaldunekin elkartzen direnean BETI euskaraz mintzatuko direla; egoera baikorrena, beraz. Hipotesi horri jarraituta, ezagutzaren eta erabileraren arteko erlazioa aztertu dute. Eta emaitzek diote Sakanako herri gehienetan erabilera erreala espero zitekeenaren gainetik dagoela. Puntu eskas bateko aldeagatik, azpitik daude Lakuntzan eta Urdiainen. Izaskun RazkinSakanako Mankomunitateko euskara teknikaria Neurketaren emaitzen zein balorazio egin duzue? Zein datu nabarmenduko zenukete?Euskararen erabilerak gora egin duen aldetik, balorapena positiboa da. Sakanan kalean entzuten den elkarrizketetan bostetik bat euskaraz izatetik, lautik bat euskaraz izatera pasatu gara lau urtetan. Igoera gainera ia herri denetan eta adin talde guztietan sumatzen da. Dena den, zenbait datuk euskararen normalizazioan lanean jarraitzeko beharra argi uzten du: esate baterako, haur eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina ezagutzan adin taldeen artean dagoen aldea erabileran baino handiagoa da. Bestalde, kezkagarria da herri euskaldunenetan erabilerak behera egin izana.  Datuok eskuetan zein pauso emanen dituzue?Azken urtetan bezala, Euskara Zerbitzuaren lehentasunen artean dago euskararen transmisioa. Izan ere, erabilera igoko bada, ezinbestekoa da euskaldunen dentsitatea handitzea. Beraz, transmisio kanpaina eta D ereduaren aldeko kanpainekin jarraituko dugu, baita helduen euskalduntzea sustatzen ere. Bestalde, erabilera indartzeko jarduerak egiten eta motibazioa lantzen jarraituko dugu (aisialdiko eskaintza, Mintzakide...). Eta azkenik, euskararen ezagutza eta erabilera igotzeko, beharrezkoa da euskararen egoera gizarteko esparru ezberdinetan normalizatzea: merkataritzan, administrazioan, lan-munduan... Horretan ere jarriko dugu gure indarra.