Arga azpi-arroko parte-hartze prozesu publikoa

Guaixe 2007ko ekainaren 14a

Europako Batasunak Uraren Esparru Zuzentaraua 2.000ko urriaren 23an onetsi zuen. Uraren politikaren alorrean ekimen esparru komuna ezartzen duen zuzentaraua da abiapuntua eta erreferente nagusia gai honi dagokionez. Honen bitartez, jasangarritasun irizpideetan oinarriturik ibaien osasuneko kudeaketa iraunkorrari buruzko helburu eta neurrien diagnosi adostua egin nahi da. Nafarroa bere politika egokitzen ari da uraren kudeaketarako eta administraziorako Europako eredu berriaren arabera. Europako eredu berri horri heltzeko, 2005eko otsailaren 4an, Nafarroako Parlamentuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Batzordeak onespena eman zion Arakil ibaia bete betean hartzen duen Uraren Kudeaketaren eta Erabilera Iraunkorraren Nafarroako Estrategiari. Estrategia hori modu egokian ahalbideratzeko Nafarroako bi konfederazioak kontuan hartu dira eta herrialdea bost gunetan banatu da:- Ebroko Ur Konfederazioa: Ega, Arga, Aragoi eta Queiles.- Iparraldeko Ur Konfederazioa: Bidasoa.Argako azpiarroaArga ibaiak garrantzi handia dauka. Urkiagan jaioa, urak Aragoi ibaira ixurtzen ditu, gero Ebrora joateko. Argak 150 km luzera du gutxi gorabehera, eta 2760km2-ko azalerako arroaren urak jasotzen ditu. Azalera honetatik ia dena Nafarroan dago (2550km2). Sakanan, Arakil ibaia, Larraun ibaiarekin batera, Argaren ibaiadar nagusia direnez, Argari dagokion hartu beharreko estrategiaren barruan kokatuko lirateke. Argak zonalde desberdinetako ur emanak jasotzen dituelako, geografikoki hiru zonaldetan banaturik egonen litzateke: - Garaialdea: Arakil eta Larraun.- Erdialdea: Elortz, Ultzama, Salado eta Arga Saladorekin elkartzen den tokirainoko udalak biltzen ditu.- Behealdea: Arga ibaiko udalak Mendigorriatik bere bokaleraino Aragoi ibaian.Nafarroako Gobernuak Uraren Kudeaketaren eta Erabilera Iraunkorraren Nafarroako Estrategian murgilduta eta Uraren Esparru Zuzentarauak ezartzen duen parte-hartze sozialeko printzipioa bideratzeko, agindua eman dio Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroari, Uraren Nafarroako Foroa era eta zabal dezan. Zertan datza proiektua?Estrategia honek Nafarroan uraren kudeaketarako politika berri bat garatu beharra du oinarri; eta helburua berriz, baliabide honen eskuragarritasuna bermatzea du, erabilera iraunkorrago, orekatuago eta bidezkoago bat eginez. Horretarako zenbait printzipio oinarrizkotzat hartzen dira:- Ibaiak eta haien bazterretan historian zehar loratu den ondarea kontserbatzea.- Ura elkartasunaren printzipiotik abiaturik kudeatzea, guztion eta etorriko direnen herentzia komuna baita.- Ura eskuragai izatea eta uraren kalitatea zaintzea.- Ur baliabideak modu iraunkorrean kudeatzea eta xahuketari aurre egitea.- Parte-hartzearen eta irudimenaren kultura ezartzea.- Ura gure errealitatetik bizitzea, hau da, murriztapenak ezartzen dituen errealitate batetik bizitzea.- Lurgaineko nahiz lurrazpiko uren aprobetxamendua egitea baliabide bakartzat harturik biak.- Ura guztion interesaren arabera kudeatzen den baliabide publikoa izatea defendatzea.Apustua2000. urtean abiatu eta 2015. urterako gauzatua egon beharko litzatekeen proiektuak apustua egiten du herritarren parte hartzearen alde urak kalitate handiagoa izateko eta kudeaketa jasangarriagoa izateko erronketan. Uraren inguruan plangintzak egiteko eta kudeatzeko, beharrezko eta nahitaezko baldintza da herritarren aportazioa.Elkarlana da proiektu horren ardatz estrategikoa. Hau dela eta, Argaren kudeaketa hobetuko lukeen dokumentu bat osatu nahi da. Horretan, herritarren eta gizarte sektoreen (nekazariak, abeltzainak, erakunde sozialak eta publikoak ...) parte-hartzea eta iritzia bilduko lirateke. Argaren arroko plan hidrologikorako uraren kudeaketa iraunkorrari buruzko helburu eta neurrien diagnosi adostua egitea beharrezkotzat jotzen baita. Herritarrekin hausnartuko diren puntuak sinpleak bezain garrantzitsuak izanen dira, adibidez, ibaiaren egoerari buruz, herriak ikusten dituzten arazoei buruz, ibaiaren bizitzari buruz, erabili daitekeen ur kopuruari buruz, ibaia guztion onerako kudeatzeari buruz, ibaiak suposatzen duenari buruz...Hau guztia gauzatzeko Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak informazio kontsulta eta sentsibilizazio programa osatu du. Bere helburua, Uraren Esparru Zuzentarauak agintzen dituen informazio eta kontsulta prozesuak, Arroko Plan Hirologikoak egiteko, baita Nafarroan urarekin zerikusia duten beste ekimen sozial eta hezigarri batzuk ere zabaltzea da.Partaidetza aktiboaInteresa duten pertsona guztiek parte hartu ahal izan dezaten, hiru partaidetza maila antolatu dira: informazioa eskuratzea, idatzizko eta ahozko kontsulta eta partehartze aktiboa. Sakanan proiektua bidean da. Dagoeneko informazioa emateko bilera bat egin da eta Hiriberrin jardunaldi bat. Jardunaldi horrek herritar horiek ibaien inguruan sumatzen dituzten arazoak eta etorkizunerako izan beharko liratekeen jokamoldeak ezagutzeko modua izan dute horrela Uraren Foroko kideek. Hiriberriko jarduerakGaragarrilaren 2an, larunbatean, 17:00ak aldera, foroko kideak Hiriberriraino joan ziren hauen iritzia jasotzeko asmoz. Gauza interesgarriak ezagutzeko aukera izan zituzten Forokoek, adibidez, 3 eta 12 urte bitarteko haurren iritzia eta ibaiaren erabilera , eta ikuspuntu horiek marrazkien bidez jaso. Emakumeen iritzia ere kontuan hartu zuten. Horretarako, herriko emakumeekin bildu ziren hauen iritzia jasotzearren. Gizonen iritzia ere aintzat hartu zen Txitera elkartean egindako bileraren bidez. Osotara, 35 hiriberritarrek azaldu zuten beren ustea. Hauen guztien iritzia jaso eta gero bi gauza garbi atera ziren, aisialdirako erabiltzen dutela ibaia eta orain dela 30 urteko ibaia nahi dutela.Bilera IrurtzunenGaragarzaroaren 20an, hurrengo asteazkenean, Irurtzungo Kultur Etxean Arga arroko parte-hartze prozesuko bilera izanen da, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 20ko bilera horretan, parte-hartzaileen laguntzarekin, Sakanan, Larraunen, Basaburuan, Goñin eta Ollon ibaiek dituzten arazo nagusiak zein diren zehaztu eta, aldi berean, ibaien egoeraren diagnosia egin nahi da. Hurrengo asteazkeneko bilera hori apirilaren 25ean egin zenaren jarraipena izanen da.Ibaien osasuna hobetzeko har daitezken neurriakOhitura zaharrak aldatzeak aurre-pausu handiak ekar ditzake uraren kalitatea hobetzen:- Ez isuri olioa edo pintura harraskatik.- Platerak garbitzeko erabiltzen dugun ura landareak ureztatzeko erabili.- Ez bota zaborrik ibaira.- Ur instalazioak errebisatu ur jarioak ekiditeko.- Detergente ez kutsagarriak erabili edota pintura ekologikoak erabili.