Historia pixka bat.....1936 urtean Gabriel eta Jose Jauregi Ondarra anaiek San Miguel irin errota eraiki zuten Etxarri Aranatzen. Familia Arbizun bizi zen garai hartan eta ideia honekin Katalunia aldera jo zuten. Honela, Bartzelonako Morros S.A enpresarekin harremanetan jarri eta errota jartzeko argibide guztiak eman zizkieten. Enpresa hau izan zen tresneria eta errotaren ingeniari guztia jartzearen arduraduna eta mantenua Jauregi Ondarra anaiek eta Etxarriko gremioetako langileen artean egiten zuten. Kokapenari dagokionean Iruñea aldean eraikitzeko gomendatu zieten baina azkenean Arbizutik Etxarrira salto egin eta Andra Mari inguruan kokatu zuten irin errota.
Errotaren hasierako helburua garia irin bihurtu ondoren okindegietara saltzea zen. Garia Errioxa eta Lizarraldeko herrietatik ekartzeaz gain, Sakanako nekazari gehienei ere erosten zitzaien. Sakanako nekazari gehienen topaleku zen Etxarriko San Miguel errota, batzuk garia saltzera joaten zirenak eta besteak garia eho eta bueltan irina eramatera. Bezero kopuru altuena Goierri aldekoa zen. Sakanako okindegiak ere Jauregitarrek hornitzen zituzten, Altsasuko Villarreal, Arbizuko Mendinueta eta Etxarriko Nagore okindegiak. Etxarriko "Harinera" Sakanako nekazarien erreferente bat izan zen. Uharten eta Irurtzunen baziren beste errota batzuk baina hauek txikiagoak ziren.
70 hamarkadan Gobernutik ekoizpen txikia zuten irin errotak ixteko agindua iritsi zen. Irin gehiegi ekoizten omen zen eta neurri hau hartzea erabaki zuten. Errota txikiak itxi eta horren truke indemnizazio bat ematen zuten. Momentu horretan Gabriel eta Jose erretiroaren atarian zeuden eta familian inork ez zion lan honi heldu nahi izan. Hori dela eta, ixtea erabaki zuten. Errota sekula martxan jarri ez zedin, ministeriotik etorri eta errotako makinariaren zatirik garrantzitsuenak hautsi egin zituzten. Momentu hori oso gogorra izan zen bi anaientzat, urteetan jaten eman zien horri agur esan behar izan zioten. Jauregitarrek hautsi ordez beste neurri batzuk hartzea eskatu zieten, baina dirudienez ez ziren fidatu eta tresneria garrantzitsua hondatu zuten.
Errota
Errotaren funtzionamendua eta ekoizpen prozesua sekula pentsatu baino konplexuagoa da. Errota honek 6.000 kilo gari 24 ordutan ehotzeko gaitasuna zeukan eta puntako lantegia zen. Argi indarrarekin eta zilindroen bidez funtzionatzen zuen errota honek eta egitura konplexua zeukan. Sotoan zegoen motor nagusi batek eragiten zituen 3 solairuetan eraikita zeuden 16- 17 makinak. Era berean, guzti hauek sare moduan lotuta zeuden egurrezko hodien eta poleen bidez.
3 fasetan banatzen da ekoizpen prozesua
Txikitzea edo xehatzea
Lehertzea
Banatzea
Tresneria berezia
Konta ezinak dira irin errotan egon daitezkeen tresnak. Zein baino zein landuagoa eta zein baino zein sendoagoa. Burdina eta egurraren konbinaketak bereziak egiten ditu tresna hauek eta askotan eskulturen antza hartzen dute.
Bereizgailua: Helburua: gariaren garbiketa. Haizearen bidez gariari hautsa kentzen dio tresna honek.
Zikloia: Kono izugarri handiak dira eta haize korronte bidez, partikula txikiak goitik atera eta garia beherantz joaten zen. Destxinadorea. Garbiketa lanak egiten ditu era horizontalean eta haizerik gabe.
Ihinztagailua. Urarekin funtzionatzen zuen. Errioxatik edo mesetatik ekartzen zen garia oso lehorra zenez, honek hezetasuna ematen zion kalitate hobea izateko.
Satinatzailea: Gariari germena kentzeko erabiltzen zen tresna.
Hauts-biltzailea:partikula arin guztiak kentzen zizkon. Zetazko hodiak ziren eta garbiketa konplexuagoa egiteko erabiltzen zen.
3 errota nagusi zeuden. Lehenengo zilindroan mugimendu ezberdinen bidez garia leherrarazi egiten zen. Bigarren errotan berriz garia eho egiten zen eta azkenak berriz pilatuta geratzen zen irina hauts bihurtzen zuen. 3 errotetatik pasa ondoren Galbahe izeneko makina batetara pasatzen zen. Estetikoki izugarri polita da makina hau mugimendu oso bereziak egiten zituelako Ikusteko ere oso berezia da 3 solairuetan gora eta behera zebilelako.
JAuregi Ondarra familia 1930eko hamarkadan.
Nire aitaren etxea defendatuko dut
San Miguel errotak, Euskal Herriko errota guztiak bezala familia baten historia ere badu atzean. Jauregitarren errotaren inguruko zehaztasun guztiak Jauna Mari Jauregiri esker jaso ditugu eta familiaren oroitzapena gordetzeko ezezik, kultur ondare bat gordetzeko ahaleginetan ibili da azken urte honetan. Etxea kontratista bati saldu behar izan zioten eta familiako batzuk beldurtu egin ziren. "Ez bakarrik etxe horrenganako geneuzkan sentimenduengatik, Sakanarako ondare garrantzitsu bat zela bagenekien eta Sakanako kulturan zer esan handia izan duena da gure errota". Honela Etxarriko Udalarekin harremanetan jarri ziren. Hauek interes handia jarri zuten eta etxea mantentzearen alde egon arren, denbora zela eta bertan behera gelditu zen egitasmoa."Nik ez nuen etsi, ezin nuen sinetsi guzti hura garabi batek botako zuela. eta Arbizuko Udalean laguntza eskatu nuen" Juana Marik ez dauka hitzik Arbizuko Udala eskertzeko. "Hasieratik interes handia jarri zuten eta sekulako lana egin dute". Errotan zeuden tresna guztiak atera dituzte, tamaina handiko tresnak, desmuntatu, poleekin... Denbora oso gutxian Errota hustu eta Arbizuko poligonora eraman dute.
Baina zer egin altxor honekin? Arbizuko Udalaren asmoa errota berreraikitzea da. Horretarako diru laguntza handia behar dute eta horretan ahaleginduko dira. 3 solairuak eraiki eta kristalekin ikusgarri jarri nahi dute, hau da museo antzeko bat. Tresneria kanpoan da jada eta eraikina orain dela 15 egun bota zuten. "Nik atseden hartu dut. Etxea bota dute baina zati garrantzitsu bat salbatu eta kanpoan dago"adierazi du Juana Marik. Etxarri eta Arbizuko udalei esker, errotaren oroitzapen historikoa mantendu egingo da. Altxor txiki handi batEtxean dokumentazio asko daukate Jauregitarrek eta egitasmoak aurrera jarraitzen badu guztia uzteko prest daude. "Lan asko dago egiteko eta nik uste dut aditu baten laguntza behar dugula hau guztia kudeatu eta antolatzeko". 1936tik hasita gordeta dauzkate dokumentuak: Nekazariek ekartzen zuten garia, prezioak, Zakuak josteko kaporratzak, gariaren hezetasuna neurtzeko aparailu bereziak,1919an errotari izateko ikasketen azterketak, bibliografia, gari muestra ezberdinak, Sakanako nekazariei egindako erreziboak,.... Altxor txiki handi bat.