Sahara, Ginea eta Ukrainatik Sakanara.

Guaixe 2007ko uztailaren 13a

SAHARA-ALTSASUMAADLA Maadlaren argazki bilduma esku artean zutela egin genien Eguzki eta Garoari elkarrizketa. Maddla noiz iritsiko zain zeuden  eta dagoeneko Altsasun izanen da 12 urteko neskatila.Hirugarren urtez eginen du Saharatik Altsasurako bidaia eta dagoeneko altsasuarren artean ezaguna da; bertako lagun taldearekin hara eta hona ibiltzen baita udako 2 hilabeteetan.Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduan Maadlak egoera guztiz ezberdina bizi du azken urte hauetan eta miseria gorrian bizi direla argitu du Eguzkik. "Orain arte jaimetan bizi ziren eta orain adobezko etxebizitzak eraikitzen hasi dira. Bestalde ur eskasia ikaragarria da; asko sufritzen dute." Maadlaren familian 8 anai-arreba dira eta miserian bizi arren harreman estua daukate guztiek. "Maadlarentzat bere familia sakratua da."Joan eta etorria beraz, poz pozik egiten ditu sahararrak. Bi hilabete hauetan familiako beste bat da; Garoak zenbat maite duen ikustea besterik ez dago. "Bera oso maitekorra da; oso ongi moldatzen gara guztiok. Zorte handia izan dugula uste dut."Eguzkik Saharatik ume bat ekarri zuten familia bat ezagutzen zuen eta betidanik hori buruan izan zuenez, informazio bila hasi zen. Gasteizko elkarte batekin topo egin zuen eta informazio eske joan zen. "Begira nola diren gauzak: informazio eske joan eta neskatxarekin itzuli." Maadla Gasteizko familia batean zegoen eta arazoak izan zituenez beste familia baten bila zebiltzan. Horrela uda horretan hilabete batez Altsasun izan zen. Aurtengoa berriz azkena izango da. Hango legeen arabera 8-12 urte bitarteko haurrak etor daitezke eta aurten 12 egiten dituenez, azken urtea izango da. Hala ere bi urte barru bisitan joango direla zin egin du Bergara Nazabal familiak.Eguzkik esan bezala Maadlarentzat hemen dena berria da eta hasieran neurria hartzea komeni da. Hau da; eskatzen duen guztia ezin zaio eman eta berarekin denbora asko pasa behar da gauzak azaltzen eta ulertarazten. 2 hilabetetan esperientzia berri asko bizitzen dituzte eta hau oso aberasgarria da beraientzat. Osasunari dagokionez ere, 2 hilabetetan asko hobetzen dute.12 urterekin oso ondo ulertzen du Saharan bizi duten egoera eta oso ondo barneratuta dauka. "Esperientzia gogorra da. Kulturen txoke handia da, bai berarentzat, bai guretzat, baina horrek aberastasuna ematen dio kulturen elkar truke honi. Gure ustez, esperientzia oso polita da."GINEA-IZURDIAGA Ines Euka Ines ekainaren 22an iritsi zen Izurdiagako Mertxe Maquedaren familiaren etxera. Neskatila Gineako La Almudena umezurtz etxean bizi da Etxarrengo Hermosa Collekin batera eta biei Sakanara etortzea egokitu zaie.Pasaportearen arabera 8 urte dauzka Inesek, baina Mertxek dioenez paper ofizial hauek ez dira oso fidagarriak, etxera sartzen direnean iruditzen zaien adina jartzen baitiete. Kaletik hartzen dituzte haurrak eta miseria gorritik egoera nahiko onera pasatzen dira. Bertan lo egiteko tokia, eskola, janaria, lagunak... dauzkate, eta asko eta asko kalean geratzen dira. Etxean oso ondo moldatu da guztiekin eta oso txintxoa dela argitu du Mertxek. "Urtarrilean bere argazkia bidali ziguten eta eguna noiz iritsiko zain egon gara guztiok hilabete hauetan." Berari ere oso gustura ikusten zaio eta oso hiztuna denez bere sentimenduak adierazten ditu momentu oro. "Neska oso maitekorra da" Mertxek Pula lagunaren bidez izan zuen Ama Mayte elkartearen berri eta horrela borondate guztiarekin Ines ekartzera animatu zen. Argi zeukan neska bat ekarri nahi zuela, bere ustez emakumeen egoera beti zailagoa eta latzagoa izaten delako, eta horren aurka bere hazi txikia erein nahi zuelako. 2 hilabete hauetan Inesek Sakanako udaz gozatzeko aukera izanen du, igerilekuetara joan, lagunekin jolastu .... eta garrantzitsuena, han ez duen familiaren maitasuna jasoko du.UKRANIA -LAKUNTZAYEVHEN MARTYNENKO Kieveko umezurtz etxe batean bizi da Yevhen orain dela lau urte eta haurtzaro oso gogorra bizi behar izan du bere lehenengo 8 urte hauetan. Lehen urteak familiarekin bizi bazituen ere, oso txiki zelarik Vitali anaiak eta berak etxetik alde egin zuten eta denbora batez hiriburuko kaleetan bizi izan ziren. Yevhenek berak aitortu du zubi azpian lo egiten zutela eta kalean diru eskean jarduten zutela. Diru horrekin janaria erosi eta kalean bizi ziren guztien artean banatzen zuten dena. Esku zabaltasuna oso nabaria da mutiko honengan. Bizitzak kolpe ederra eman zion, baina mutikoaren alaitasuna ez zuen zapuztu. 4 urterekin umezurtz etxean hartu zituzten anaia eta bera eta geroztik bizitza nahiko aldatu zaie. Egun eskolara joaten dira, jateko gutxiengoa ere izaten dute etab...Yevhenek, umezurtz etxeko beste haur askok bezala, Arco Irish solidarioren bidez oporretan Euskal Herrira etortzeko aukera du. 3. aldia da mutikoa Itziar eta Eugenen etxera datorrena eta esperientzia ahaztezina dela aitortu du bikoteak. "Aspaldi ume bat ekartzertzeko asmoa geneukan eta behin, egunkariko berri bat  irakurri ondoren, Arco Irish solidariokoekin harremanetan jarri eta animatu egin ginen." Dagoeneko hirugarren bidaia da Yevhenena, eta Itziar eta Eugen Kiven ere izan ziren mutikoa bisitatzen. Bistan da harreman oso ona dutela eta umeak ez du integratzeko inolako arazorik izan. Lakuntzan jende gehienak ezagutzen du mutiko alai hau, herriko salsa guztietan egotea gustatzen zaio eta. Goizetan igeriketa ikastarora joaten da, herriko futbol taldean ere aritzen da noizbehinka eta egunero-egunero Itziarrekin etxerako lanak egiteko bere tartetxoa hartzen du. "Eskolan bigarren mailan nago eta txintxo portatzen ez banaiz, zuzendaria haserretu egiten da" aitortu digu Yevhek imintzioka.Ekainaren 15ean iritsi zen Lakuntzara eta festak bitarte egongo da bertan. "Hasieran oso gogorra egiten zitzaigun agurtzea baina orain onartu egin dugu eta halaxe izan beharko da. Guk, behin familia abegitua izanda, ezin dugu ume bera adoptatu. Beste familia batek bai baina guk ez."Udan eta gabonetan etorri ahal izango da ukraniarra Lakuntzara. Euskal ohiturak oso barneratuta dauzka. Olentzero oso ongi portatu izan da berarekin eta horregatik, aurten gabonetan bueltatzea espero du. Uda osoa igaroko du Lakuntzan bere laguntxoekin; Iñaki, Unai, Josu, Asier, Ander, Maialen, Garbiñe (asko dira eta ez ditu gogoratzen...)."Esperientzia ahaztezina da, primerakoa. Mutikoa oso maitekorra da eta dena ematen du. Horregatik bi hilabete hauetan garrantzitsuena elkarrenganako maitasuna da. Berak gure maitasuna sentitzen du eta gureganako duen maitasun hori ere adierazi egiten du."GINEA- ETXARRENHERMOSA COLLPaula Vigorrek egunkari bati esker jaso zuen Ama Mayte Gobernuz Kanpoko erakundearen berri. Egitasmoa interesgarria iruditu zitzaion eta bileretara joaten hasi zen. Denboraldi baterako ume bat ekartzeko gogoa zeukaten eta GKE honen bidez egitea animatu ziren Paula eta Leo.Gineako "La Almudena" umezurtz etxeko ateak udan itxi egiten dituzte eta bertako ume gehienak Nafarroara etortzen dira; Sakanara, zehazki, bi neskatila etorri dira. Etorritako guztien artean txikiena Hermosa Coll da. 3 urte besterik ez dituen arren, osasun arazo oso konplexuak izan ditu umeak eta medikutan ibili dira lehenengo egun hauetan. Hepatitisa pasatu du eta gibelean arazoak dauzka. Orain neumoniarekin dago, beherakoarekin.... Horregatik arreta oso berezia behar du neskatxa honek. Oraindik guztiz osatuta egon ez arren, familian guztiz integratuta dagoela aitortu digu Paulak eta etxeko 4 umeekin oso ongi konpontzen da."Azarotik dakigu etorriko zela eta guztiok irrikan geunden. Etxeko txikiak urduri zeuden Hermosa noiz etorriko zain eta orain primeran moldatu dira. Bere adin berekoa den Dani esaterako bere bikia izango balitz bezala dago, berari itsatsia!!"Malabon bizi duten egoera oso larria da, ume asko kanpoan bizi dira eta ez dute inolako arretarik. Umezurtz etxe honetan haurrak bildu eta zaindu egiten dituzte eta Ama Mayte elkarteak hemendik laguntzak bideratzen ditu. Orain esaterako CANen Zeuk aukeratzen duzu zeuk erabakitzen duzu proiektuari esker, herri hartako arazo bati irtenbidea emango zaio. Familia asko eskolatik oso urrun bizi dira eta umeek eskolara joateko 30 km egin behar dituzte egunero oinez. Hau saihesteko edo konpontzeko eskola eta umezurtz etxe ondoan beste egoitza handi bat eraiki nahi dugu ume hauek astean zehar bertan lo egin dezaten.Gainza-Vigor familian 6 izatetik 7 izatera pasa dira udan eta 7. horrek ematen duen alaitasuna eta elkarrenganako maitasuna nabaria da familian. "2 hilabete hauetan maitatua sentitzea da garrantzitsuena. Hori da nire ustez sendabiderik onena!" Azpimarratu du Paulak neskatxa besotan duela.