Mikel Dorronsoro

Guaixe 2007ko uztailaren 27a

Zenbat denbora daramazue bidaia prestatzen?Oso gutxi. Bi hilabete justu justu. Normalean udan urtero joaten gara nonbaitera eta aurten Hueskan egiten den jaialdira joatekoak ginen. Azken momentuko arazoak direla eta jaialdi honetarako kontratazioa bertan behera geratu zen eta Bergarako lagun baten bidez beste kontu hau atera zitzaigun.Zergatik Nurenbergera?Esan bezala Bergarako lagun batek eskaini zigun Nurenbergera joateko aukera.Bertan mundu osoko folklore jaialdi bat ospatzen da eta lagun honek bertako udaleko zinegotzi batekin kontaktua zeukan.  Bestalde, Irunen bizi den Alemaniako kazetari bat ere ezagutu genuen eta gure lana ezagutu zuenean elkarrekin joatea bururatu zitzaion. Berak txalaparta talde batean jotzen du eta elkarrekin arituko gara antolatu dugun ikuskizun honetan. Honen parte hartzea oso garrantzitsua da guretzat. Bera bertakoa izanik egun guztietako egitaraua antolatzeaz arduratu da. Nurenbergeko jaialdiaz gain beste tour txiki bat ere eginen dugu.Zer da zehazki Alemaniako hiri horretan  eginen dena?Nazioarteko folklore jaialdi garrantzitsu bat egiten da urtero eta ospe handia dauka gaur egungo dantzari eta musikarien artean. Egia esan, guk ez dugu egitarau ofizialean parte hartuko. Gurea kontu berezi bat izanen da, egitarauz kanpo dagoena baina aldi berean jaialdiarekin lotuta dagoena. Jaialdiak edo ikuskizunak arratsaldeetan izanen dira eta horretarako azpiegiturari dagokionean, 5 eskenatoki jarriko dituzte. 100.000 pertsona inguru joatea aurreikuten dute antolatzaileek eta  mundu osoko parte hartzaileak izanen dira bertan. Hego Amerikakoak, afrikarrak, kubatarrak, Estatu Espainolekoak,... Euskal Herritik gu gara goazen bakarrak. Esan bezala gurea berezia denez, goizetan izanen da eta beste jaialdia ez bezala gurea kalean ikus daiteke eta jende guztiari eskainitakoa izanen da. Orduan zuei dagokizue euskal folklorea aurkeztea.Bai, halaxe da bai. Eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Guk uste dugu ikuskizun polita izanen dela. Oraindik ez daukagu guztiz zehaztuta baina urte asko daramatzagu honetan eta ondo ateratzea espero dugu. Kalejira antzeko bat eginen dugu Nurenbergeko kaleetan zehar eta bertaratuen arreta pizten ahaleginduko gara. Horretarako aurretik Zanpantzarrak joango dira guri sarrera egiten, pertsonaia mitologikoak ere eramanen ditugu eta hauek oso deigarriak direnez kalejira alaia eta ikusgarria izatea aurreikusten dugu. Kalejira plaza batean bukatuko da eta bertan dantza saio bat eginen dugu. Saio honetan Irungo txalapartariek ere parte hartuko dute. Eta nola ez, Irurtzungo musikari eta dantzariek.Irurtzundarren maila ona erakusteko prest?Kar, kar.... Hori beti!! Saiatuko gara. 42 lagun goaz guztira eta horietatik 32 irurtzundarrak gara. Urretxu eta Irundik beste 10 etorriko dira. Beraz, Euskal Herriko ordezkariak izanen gara Alemanian.Dantza bai; baina aisialdirako tartea izanen duzue ez?Uztailaren 26an abiatu eta abuztuaren 4an bueltatuko gara, beraz ibilbidetxo bat ere antolatu dugu.  Bueltan egingo ditugu bisitaldi guztiak eta Alsazian egingo dugu lehen geldialdia. Bertako herri batek, Pfozhinek, Gernikarekin senidetza dauka eta han ere kontaktu batzuk egin ditugu gure dantzaldia eskaintzeko. Strutthof-eko kontzentrazio eremua ere ezagutuko dugu.Bestalde, geldialdi berezi eta ezinbesteko bat egingo dugu Buren. Herri honetan borroka indartsu bat daramate aurrera eta gertutik ezagutzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaigun. Hilerri nuklear bat jarri nahi dute herri txiki honetan eta Frantziako anti nuklearrek etxe bat erosi dute barrabaskeria honi aurre egiteko. Gau eta egun pasatzen dute bertan eta guk ere gure ale txikia utzi nahi genuen. Horregatik etxe honetan egingo dugu lo eta mugimendu honi elkartasuna adieraziko diogu. Bestetik, beraien borroka gurearekin lotu nahi izan dugu. Adibidez Sakanan AHTren kontrako borroka daukagu eta hau ere ezagutzera eman nahi dugu. Bi borroka horiek lotu nahi ditugu.Bukatzeko, leku esanguratsu batean eginen dugu azken geldialdia. Gurseko kontzentrazio eremuan; 1939an, Franco garaian, Euskal errefuxiatuen eremua izandakoa hain zuzen ere. Egun ez dago aztarnarik eta ia ez da ezer somatzen baina guretzat leku horretan egotea berezia izanen da. Alemaniara joetan zareten lehen aldia da? Ez, taldea orain dela 10 urte ere bertan izana zen baina istorioa oso ezberdina zen garai hartakoa.Zer espero duzue bidaia honetaz?Garrantzitsuena, dantzaren bidez ondo pasatzea. Bestetik Euskal Herriko kultura Europan zehar zabaldu eta ahal den neurrian hemengoaren berri eman nahi dugu.  Nola ikusten duzu Orritz dantza taldearen osasuna?Orritz taldea orain dela 19 urte sortu zen. Nik uste dut gaur egun osasun onean dagoela. Bai kopuru aldetik baia kalitate eta aniztasun aldetik. Egun, Zanpantzarrean 16 lagun gabiltza, dantzen beste horrenbeste eta azken urte hautako pertsonaia mitologiko berriekin beste 16 lagun bildu ditugu. Musikariei dagokionez 10 lagun daude gutxi gora behera. Etorkizuna gure ustez ere indartsu dator beraz ez gara kexatzen. Aurten esaterako 14 urteko nesken talde bat daukagu.