Paco Osteriz Lizarraga

Guaixe 2007ko irailaren 7a

"Ekuador ez da herrialde txiroa, pobretutakoa baizik"Haurtzaroko zein oroitzapen gordetzen dituzu?Gure familia baliabide gutxiko nekazari familia bat izan da, baina haurtzaro guztian 7 anai-arrebok gure gurasoen laguntza izan dugu. Nik esango nuke gure etxean ez dugula inoiz goserik pasatu, gure gurasoek, amak bereziki, lan handia egin duelako gerra ondoko urte gaizto haietan guri jana eman ahal izateko. Gure etxean ez zen inoiz janaria faltatu, noski, ez genuen nahi genuen guztia, baina ez ginen inoiz gosez oheratu; inoiz. Gogoratzen dut gure etxean gosaria, hamaiketakoa, bazkaria eta afaria egiten genituela; beti. Oroitzapen hori ongi gordetu dut; izan ere, esan bezala, gure etxean ez genuen soro handiegirik, gainera lan egiteko oso lur gogorra zen gurea, lan asko egin behar zen eta ateratzen zena ez zen asko izaten.Barruan gordetzen dudan beste oroitzapen bat zera da: 6 urterekin Ospitalera eraman nindutenekoa, ebakuntza egin behar zidaten eta. Adin horrekin Altsasuko seminarioko sarrera gogoratzen dut. Niretako oso gogorra izan zen hura. Gu sartu ginenean ehun eta hogeita hamar haur egongo ginen. Gehienek, guztiek ez esateagatik, gaztelaniaz hitz egiten zuten gutariko gutxi batzuek izan ezik. Gu ginen belarrimotz. Niretako hura oso gogorra izan zen. Gaztelaniaz ez jakiteagatik erasotuak izan ginela esango nuke. Zentzugabekeria bat izan zen. Aita Kaputxinoek zer lan betetzen duzue Guayaquilen?Gure parrokiari Sagrada Familia dazkio. 7.000 biztanle inguru izanen ditu. Meza, bataio, ezteia eta jaunartzeez gain besteko lanak ere bideratzen ditugu: parrokiari itsatsirik hezkuntza eta osasun azpiegiturak ditugu eta. Bigarren Heziketako ikastetxe bat daukagu, Gillermo Rohde dazkiona, 500 ikasletik gora dauzka eta ospe handikoa da. Horrekin batera osasun etxe bat daukagu, horren izena Sagrada Familia da. Bertan, behar gehien duen jende txiroari laguntzen diogu. Egunero-egunero 350 kontsulta inguru pasatzen dira. Erlijioso bezala, gure helburua ez da hezkuntza ez osasungintza, baina dagoen beharra horren handia denez eta Estatuak dagoen hutsunea betetzen ez duenez aspaldi zabaldu genuen ikastetxea, orain dela 40 urte, baita osasun etxea ere, orain 35 urte. Zer da Ekuadorren gertatzen dena horrenbeste herritarrek alde egiteko?Ekuador ez da herrialde txiroa, baina bertan bizi den jendea pobrea da. Ekuadorrek baliabide natural handiak ditu eta bertan bizi diren hamahiru milioi pertsonari jaten emateko gai izanen litzateke, baita osasuna eta ikasketak emateko gai ere. Arazoa bestelakoa da: herrialdeko baliabide guztiak gutxi batzuen esku daudela, 100 familiaren esku, hain zuzen ere. Politika ezin okerragoa da. 15-17 alderdi politiko egonen dira, baina hauek, orokorrean ez dute herrialdearen onura bilatzen, haiena eta haien alderdiarena baizik. Azken 6-8 urteetan demokratikoki hautatutako hiru lehendakari bota dituzte.Ustelkeria instituzionalizaturik dago; erakunde guztietan dago goitik hasita beheraino. Langabezi tasa %20koa da, eta %50ekoa da ezkutuko lana edo lan murgilduaren tasa. Hortaz, esan dezakegu %70ek ez duela lanik egiten. Gainera, ez dago lan publikoko eskaintzarik, eta ez dago enpresak sortzen inbertitu nahi duenik...Ekuadorrek, bestalde, petrolioa dauka, baita kafea eta kakaoa ere bai. Banana esportatzaile handiena da. Nahi den guztia dauka nekazal ekoizpenean, fruta tropikaletan... e.a. Baina hori guztia esku gutxiren menpe dago; botere politikoa eta ekonomikoa dutenena baino ez da. Botere ekonomikoak botere politikoan sartzeko aukera eskaintzen du eta botere politikoak euren aldeko legeak egiten ditu. Etenik ez duen kate bat da.Nazio Batuen Erakundearendako (ONUrendako) Ekuador ez da herrialde pobrea; eta, Ekuadorren duen zorra handia da, 15.000 milioi dolarreko kanpoko zorra dauka. Nola nahi ere, ez diote barkatzen ezta txanpon bat ere, herrialdeak baliabide asko dituelako.