Jose Luis Sanz

Guaixe 2007ko irailaren 14a

Ideiak argi eta garbi dituen pertsona da Jose Luis Sanz. Iaz Altsasuko Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker, bidaia merkeagoak eskaini zituzten festetan, eta aurten ere 1,50 eurotan ibili ahal izango dira haur txikienak. Aurten, haurren eguna astelehenean izanen da. Zenbat urte daramazu Altsasuko festetara etortzen? Gure aita hasi zen Altsasura etortzen 1946-47 urtean. Familia guztia etortzen zen, ni jaio baino lehen. Churrería Baracaldesa ekartzen zuten, baita txalupatxo batzuk ere. Oraingo tokian jartzen ziren, baina, orduan, ukuilu asko zegoen inguru guztian —etxeetan komunik ez zegoen garaian—. Altsasuz gain, Arrasate, Bergara, Oñati, Zumarraga, Azpeitia... inguruko herri handi horietara ere joaten ziren. Orduan, lanbidea, familiatik heldu zaizu?Bai, haiena jarraitzea izan da nire lana. Hasiera hartan gurasoek txurro-denda, txalupatxoak, kate parkea eta tiro egiteko barraka zuten. Urtetako harreman dugu Altsasurekin, betidaniko harremana. Gainera, orain dela 12-15 urte Altsasun erroldatuak gaude; ez gara hemen bizi, baina Ibarrea industrialdean pabiloi bat erosi dugu jolas-parkeak konpondu eta gordetzeko. Azaroan, gelditzen garenean, konponketak egiten egoten gara, eta Zelai kalean etxebizitza bat dugu. Zuen bizimodua handik hona ibiltzea da, ezta?Feria atrakzioekin dirua egiteko, mugitu egin behar dira. Plaza batzuk besteak baino hobeak dira: badira zenbait herri feria zaleak direnak, beste batzuk, berriz, ez. Guk udako hilabete eta erdi Zarautzen eman dugu, lanean. Orain Altsasura etorriko gara, eta, ondoren, Oñatira abiatuko gara San Migueletara. Ondoren, Zumalakarregi plazan jarriko gara urriko ferietan. Azaroan geldituko gara konponketak egitera. Arrasaten hiruzpalau hilabete egonen gara, abenduaz geroztik martxora arte. Scalextri eta Baby-a eramanen ditut. Han egunero zabaltzen dugu, arratsaldeko 4:30etik 9:30era. Arrasate ez da edozein herri; gainera, aspalditik gaude han, eta jendea ohitu da. Hemen, berriz, kontrakoa gertatzen da: Zumalakarregi plazan muntatzen badugu, haur guztiak Foruen plazara ekartzen dituzte. Foruen plaza inguruan muntatzen badugu, ordea, Zumalakarregi lepo egoten da. Hori egungo egoeraren adierazgarri da. Jendea larri dabil, diruz juxtu-juxtu. Iruditzen zait zuen lanbidean erraz igartzen duzuela gizartearen ekonomia. Nolako egoera da gaur egungoa, zaldiko-maldikotan jendeak gehiago ala gutxiago gastatzen du?Aurtengo udan, esaterako, beherakada nabaritu dugu Zarautzen. Oso eguraldi kaxkarra egin du, baina, horretaz gain, orokorrean jendea lasaiago ikusi dugu. Bikoteek ezin dute arinki gastatu, 30 urtetan irabaziko dutena gastatu dutelako hipotekarekin; gainera, etxe askotan bi auto behar dira, bizpahiru telefono... Ezin da denera iritsi.  Eta prezioak, zer? Aurten zenbat kostatuko da bidaia bakoitza?Zorua okupatzeagatik Udalari ordaindu behar zaionaz aparte, gastu asko ditugu, hala nola, garraioa, muntatzea, desmuntatzea, mantenua, elektrizitatea, aseguruak, gizarte segurantza, baimenak... eta soldatak. Hala ere, Udalarekin hitzartutako akordioari esker, prezioak merkatzea lortu dugu. Iaz merkatu genituen lehen aldiz, eta aurten ere merke egonen dira. Arrasateko Udalarekin orain 20 urte hasi ginen sistema horrekin, alegia zorua dohain ematearen truke bidaiak merkatzen. Orduz geroztik Gipuzkoako hainbat herritan egiten dugu hori. Iruñean, aldiz, zenbat balio izan du bidaia bakoitzak, 3,00 euro? 2,50 euro gutxienik? Altsasun, euroa sartu zen urtean, 2,00 euro balio zuen bidaia bakoitzak, eta orain 2,50 eurotan egonen litzateke. Iaz, ordea, Altsasuko Udalari proposatu nion atrakzio mekanikoei doan ematea zorua, eta, hitzarmenari esker, 1,50 euro kostatzen zen bidaia bakoitza. Aurten prezio hori mantenduko dugu. Etxolak ezin dira hitzarmen mota honetan sartu, horiek generoarekin lan egiten dutelako eta, ondorioz, prezioak ezin dituzte jaitsi. Prezioak jaistearekin zeharka ordaintzen dugu lur-zoruaren erabilera, baina onuraduna ez da udala, erabiltzailea baizik, herritarra. Merkeagoa izanik, gehiago ibiltzen da jendea?Ez. Guk konprobatuta daukagu. Seme-alaba txikiari bidaia bat erosi behar dionak bidaia bat erosiko du; 1,50, 2,50 edo 3,00 euro kostata ere, fitxa bat erosiko du. Eta sei fitxa erosi behar badizkio, berdin da 10,00 euro edo 15,00 izatea. Tabernako poteak merkeagoak izateagatik ez dituzte gehiago hartuko... Atrakzioekin berdin gertatzen da. Aurten, nobedaderen bat ekarri duzue?Jumping edo goming bat. Saloun eta merkeen dagoen tokietan ibiltzeagatik 4,00 eta 5,00 euro ordaintzen dira; Altsasun, berriz, 2,50 kostatuko da. Noski, honetan ibiltzea besteetan ibiltzea baino garestiagoa da, lau leku baino ez dituelako.