Hartu euskararen autobia!

Guaixe 2007ko irailaren 13a

Aurpegia eman duten 35 pertsona horiek, 35 sakandar horiek, bakoitzak bere herrian eta bere garaian autobia hartu zuten, euskararen autobia. Guztiek jakin baitakite Aizkorbetik Ziordiara doan errepideak baino gehiago batzen gaituela hizkuntzak. Hala, euskara ibilgailu gisa hartuta Sakanako euskal komunitatearen kide bihurtu dira eta zuri eta zure ingurukoei bide bera hartzeko gonbitea egiten ari zaizkizu, aurpegia emanez. Elena euskararen autobianAurpegia eman duten 35 pertsona horien modura, halaxe egin zuen aurreko ikasturtean Elena Fernandez Perezek. Madrildarra sortzez, Ziordian bizi da. Burunda aldera bizitzera etorri zenean, non bizi zen hobe jakiteko bertako komunitateko kide bihurtzea eta ondorioz bertako hizkuntza ikastea bezalakorik ez zegoela pentsatu zuen. Esan eta egin. AEKn eman zuen izena. Elenak esan digunez esperientziarekin pozez zoratzen dago: "Asko gustatzen zait. Ez da hizkuntza zaila, ezberdina da. Eskemak hausten dituen hizkuntza da. Orden aldaketa dago eta ondorioz horrek jendea entzutera behartzen nau. Gainera, oso esanahi poetikoa dute hitzek. Otsaila, esaterako". Elenak aurretik ere beste hizkuntza batzuk ikasiak zituen, baina aitortu digunez sekula ez AEKko metodologiarekin bezala (metodologia komunikatiboa): "klasea fantastikoa izan da. Lagun arteko kontu bat bezala eta giro aparta izan genuen. Espero dut jende berdinak segitzea". Azaldu digunez, "sistema horrekin ez zara konturatzen ikasten ari zarela eta, bat-batean ohartzen zara uste baino gehiago dakizula. Nik beste hizkuntza batzuk ikasi nituen eta beti galderak egiten ibiltzen nintzen, baina hori gainditu eta gero sistema honekin asko ikasten dela ohartu naiz". Berak hizkuntza komunikatzeko behar du, ogibidez aktorea baita. Horregatik irakaslearekin azentua ere landu omen du. Azaldu zuenez irakasleak ikasle bakoitzaren beharrak kontuan izaten ditu eta asko lagundu diela aitortu du. "Guztia oso dinamikoa izan da. Ez da bakarrik euskara ikastea. Mundurako ate bat da. Nik ikasten jarraituko dut eta hori minus 15etik abiatzen nintzela". Aurtengo eskaintza1. Gurasoendako ikastaroakIkastaro horiek gurasoei daude zuzenduta, seme-alabekin euskaraz jolastu ahal izateko, eta etxeko lanekin hobeki lagundu ahal izateko. 2. Merkatariendako ikastaroakOso garrantzitsua da bezeroari ematen zaion arreta, bezeroa eroso sentitzea erosterako orduan, eta norberaren hizkuntzan egin diezaioten. Horrexegatik, eskaintza berezitua eskainiko da merkatariendako. 3. Harrera ikastaroakHarrera ikastaroak etorkinendako dira. Ikastaro horiek oso baliagarriak dira etorkinak gusturago sentitzeko Sakanan. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera ematen die ikasleei. 4. Enpresendako ikastaroakAukera dago enpresendako euskara ikastaroak antolatzeko, enpresa berarekin lankidetzan, edo langileen ordezkarien laguntzaz; enpresan bertan edo euskaltegian.5. Gutxi edo ezer ere ez dakitenendako ikastaroakBada jende asko euskara ikastea izaten duena burutan, baina ez dena ausartzen euskaltegian izena emateko urratsa egitera. Denbora pixka bat nahikoa da euskara ikasteko, eta iritsi da euskarari denbora hori eskaintzeko unea.6. Euskara hobetzeko ikastaroakEuskaraz ulertzeko gai bai, baina oraindik hitz egiteko zailtasunak dituztenendako ikastaroak dira. Zer hobetua badutela sentitzen dutenendako. Denbora pixka bat dedikatzea. Horixe da kontua.7. EGA titulua lortzeko ikastaroaEuskaraz jakin bai, baina lanerako titulua behar dutenendako berariazko ikastaroak. Aurten ez dago aitzakiarik: euskaltegietan matrikulatu eta azterketa prestatzen hasi.Constantino Salinas euskaltegiaUGTk 15 bat urte daramatza euskara ikastaroen eskaintza egiten. Sindikatuak zuen "espainolista" irudiarekin hautsi eta aldi berean bertako hizkuntza ikasteko zegoen eskaerari erantzun nahi izan zion sindikatuak. Urtero eskaintza egin arren badira hiruzpalau urte talderik sortzen ez dela, izena ematen dutenek maila ezberdina dutelako eta horrela taldea sortzea zaila delako. Hala ere, urte hauetan eman izan dituzte etorkinendako harrera ikastaroak. Sindikatuko kide Bienvenido Gallegok aitortu digunez zaila da euskara enpresetan lan hizkuntza bihurtzea. Esan zuenez, "gero eta gehiago entzuten da lantegietan. Horrek ikasten ari denari hitz egitera askatzeko aukera gehiago ematen dizkio. Idatzi elebidunak ere agertzen ari dira. Lan hitzarmenetan hizkuntza aipatua izaten hasia da". Harremanetarako: Altsasuko Erkuden kalea, 6. Telefonoa: 948 467 120. E-posta: ucalsasua@navarra.ugt.org Itsasi euskaltegia Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak aurten ere ibar guztirako ikastaro eskaintza zabala egin du. Pertsona, egoera eta sektore guztiengana iritsi nahi dute. Iaz 100 ikasle inguru izan zituzten. Altsasun gehienak, baina taldeak Irurtzun eta Olaztin ere sortu ziren. Behar den herrian sortzeko prest azaldu da AEK. Harremanetarako: Altsasuko Garcia Ximenez karrika, 44. Telefonoa: 948 468 258. E-posta: sakana@aeknet.net Matrikulatzeko epea irailaren 20ra arte dago zabalik. Euskara ikastea edo hobetzea zure eta zure ingurukoen eskubidea da. Erabili! Inbertitu euskaran eta hartu zure herritik pasatzen euskararen autobiarako sarrera.