Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zer moduzko uzta izan da aurtengoa?Urte ona izan dela uste dut, udan euria egin duelako, guztia ez delako lehortuta gelditu. Udan ere, zaila bada ere, loreak egon dira. Urte ona izan da. Baina nire erruz, nire uzta ez da hain ona izan. Ez naiz gainean egon. Aurreko urteetan bezainbat beta ez diet eskaini. Beste egiteko batzuk izan ditut. Aitatasuna eta beste. Pixka batez, alde batera utzi dut. 70-80 kilo artean bildu ditugu. Beste urteetan bikoitza edo izaten da. Halakoetan zati bat saldu egiten dut, gastuak estaltzeko. Zein ezti mota egiten duzu?Mila loreetako eztia. Erlauntzak udaberritik udazkenera nonbaiten kokatuta badituzu, erleek lore guztietatik hartzen dute. Lore bakarreko eztia ateratzeko toki jakin batean eta denbora muga jakin batean izan behar du. Esaterako, erromero-eztia. Erlezainak erlauntzak otsailean jarri ditu, erromeroa orduan loratzen delako, eta eztia apirilean hartu du. Urte guztian utziko balu lore guztiena jasoko lukete erleek. Hemengoa mila loreetako eztia da. Elkarteak behin mota horretako Nafarroako ezti guztien analisia egin zuen. Nirea ia osotasunean larraren loreez egindako eztia zela erakutsi zuen azterketa hark. Noiz hasi zinen erleekin? Nolaz?1999an. Baserrian nengoen eta ITGren eskuorri bat ikusi nuen. Erreferente moduan osaba nuen. Amurgingo baserrian betidanik izan zituen osabak erleak. 80 hamarkadan barroa gaitzak erleak jo zituenean osabari erle guztiak hil zitzaizkion eta utzi egin zuen. Ni orduan txikia nintzen. Baina beti jakin-mina izan nuen. Amaginarrebak animatu ninduen. ITGn ikastaroa egin nuen. Erlauntza parea erosi nuen. 16 izatera iritsi naiz. Hori lana da. Orain beta gutxi dudanez, etxerako eztia sortzeko 8 bat erlauntza ditut. Nongo erleak dituzu?Bertako erle-beltza. Hibridazioren bat izan dezake, baina betiko hemengo erlea da. Elkartea tokiko erlauntzak berreskuratzeko ikerketa egiten ari da. Puruenak Goizueta aldean opatu dituzte. Agian, etorkizunean, erlauntza horiek sartzeko kanpaina egon liteke. Basa-erlauntzak biltzen dituzue?Ez. Gainera, desagertzen ari dira. Basa-erlauntzak erlezainei ihes egiten digutenak dira. Bi urtetan tratatzen ez badituzu hil egiten dira. Hori da egungo gaia: basa-erleak desagertzen ari dira, polinizazioa ere. Gai larria da. Azken aldian prentsan agertu izan da gaia. Ez dakigu zer den. Hainbat gauza dira eta guztia okertu egin da. Hemen 20 urte daramatzan barroa gaitzaz gain, nosema gaitza, pestizidak, erlauntzak despopulatzeko sindrome ezezaguna eta abar... Faktore asko dira eta denek batera erle asko hiltzea ekarri du. Nire moduko zaletu bati % 20a hiltzen bazaio eta ez da ezer pasatzen. Baina eztigintzaz bizi denari erleen %20-30 hiltzea asko da. Erlauntzek zein lan eskatzen dute?Otsaila edo martxoan, negu akaberan, erlauntza zabaldu eta jakirik baduten begiratu behar da. Ez badute neronek ematen diet (iazko ezti koadroak edo ura eta azukrearekin egindako almibarra). Ondoren koadro zaharrak kendu eta argizari estanpatua duten koadro berriak sartzen dira. Erleek luzatu egiten dute eta han hazten hasten dira. Apirila-maiatza aldera erlekumea egiteko garaia da. Orduan zaindu egin behar da. Erlauntza handitu ahala tokia egin behar da eta erlauntza ataskatzea eragotzi. Neguan pisu batean egoten dira eta udaberrian bitan. Kumez betetzen dute. Erlauntza hazi ahala gero eta ezti gehiago biltzen dute, eztia egoteko erle asko egon behar baitu. Erle gutxi duen erlauntzak jan besterik ez du egiten, ez du ezer fabrikatzen. Erlauntzak beti orden bat du: kumea, polena eta eztia. Erlauntzek, edozein motatakoak izanda ere, eztia goiko aldean izanen dute. Gero, polena eta azkenik, kumea. Hura hazi denean, zulotxo beretan eztia sartzen doaz. Eztia bildu ahala, laminan behera egiten du eztiak eta berarekin kumea. Koadroak eztiz betez doaz eta beteak, eta kumerik gabe, daudenean egiten da uzta. Eztia beti goiko pisutik hartzen da, ez behekotik, han kumea baitago. Uzta egiteko koadroetan dagoen eztia operkulatuta egon behar du. Hau da, egindako eztia erle-argizariz estalia egon behar du. % 70 operkulo duten koadroetatik bakarrik jasotzen da ezti-uzta. Operkulatuta badago eztia eginda dagoela esan nahi du. Operkulatuta ez badago, gerta daiteke eztia beharrean nektarra izatea, behar baino ur gehiago izatea. Eztia hartu beharrean nektarra hartzen baduzu, ontzitan sartu eta gero fermentatu daiteke. Egin gabeko eztia da.Eztia atera eta gero erlauntza guztiak pisu bakarrean kokatzen saiatu behar da, negua pasatzeko. Bi pisutan badaude espazio gehiago berotu behar dute eta erleendako okerrago da. Garai honetan barroa gaitzaren kontrako medikazioa ematen zaie. 45 egunez erlauntzean egoten diren tira batzuk dira. Azaro erdi aldera atera eta horrela hartzen dute botika. Gainera, eztia ekoizteko garaia pasa da eta horrela botika hondarrak eztian egotea eragozten da. Nola biltzen da uzta?Trajea jantzi eta ke-auspoa aldean dugula joaten gara. Kutxa hutsa eraman behar da. Koadro osoak atera ahala kutxa horretan sartzen dituzu. Behin beteta dagoenean bi tapekin tapatzen da. Ondoren, gela batean, koadroak kokatu, operkuloa kendu eta zentrifugadoran jartzen da. Zentrifugatu eta gero, filtro baten laguntzaz altzairu herdoilgaitzeko ontzi batera dekantatu eta 10 egunez han uzten da. 10 egunak pasa ondoren: txorrotatik ontzira. Eztia ez da ezertarako manipulatzen, ez du inolako tratamendurik.Baimenik behar da?Erlauntzak jartzeko udalari baimena eskatu behar diozu. Non dauden azaltzen duen krokisa egin behar duzu. Hori abeltzaintza Departamentuan aurkeztu behar duzu. Ustiapen zenbakia ematen dizute. Ez duzu diru sarrerarik deklaratu beharrik, ez ezer. Dauden erlauntzen kontrola izateko besterik ez da. Utzitako erlauntza bat norena den jakiteko. Gaitzengatik eta kontrola egon dadin. Zein aholku emanen zenioke hasi nahi duenari?Ikastaro bat egiteko. Beharrezkoa dela uste dut, familiako tradizioa edo erakusteko inor ez badago behintzat. Gainera, denok, barroa tratamenduak aldi berean egiten baditugu eta erlezain guztien artean komunikazioa badago, askoz ere hobeto. Ez dadila utzitako erlauntzik izan. Hori guztien kalterako da, gaitzaren sorburuak direlako. Nik guztiei elkartetik pasatzeko aholkatuko nieke, bazkide egin edo ez. Apidenako-Nafarroako Erlezainak elkarteko kide egiteak merezi du (Mutiloa beitiko poligonoan dago). Materiala merkeagoa da. Botikak eta argizaria diruz lagunduta dago. Gainera, erakusteko eta aholkuak emateko prest dagoen jendea duzu. Ongi dago.