Jose Luis Erdozia Mauleon.

Guaixe 2007ko irailaren 27a

1. Egiguzu Sakanako hizkeren araberako idazkera batua lanaren aurkezpen labur bat...Liburuaren sarreran argitzen da liburuaren mamia. Idazkera ofíziala erabili behar denean euskara batua erabili behar da, baina euskara batua erabiltzeak ez du esan nahi bertako, Sakanako, hizkera baztertu behar dugunik. Horregatik, Sakanako hizkeren hainbat ezaugarri kontuan hartu beharko genituzkeela uste dut eta hain zuzen ere, liburuan horiek proposatzen ditut. Liburua proposamen horien bilduma bat dela esan daiteke eta proposamenik zabalena lexikoarena litzateke.2. Zorionez zure lanak, batzuk bederen, ematen dira argitara, beste jende askorenak ordea ilunpetan geratzen dira. Sakanan orokorren jakintza edo kultura behar beste baloratzen dela uste al duzu?Nik uste dut, zorionez, Sakanan nahiko lan egiten dela eta argia ere ikusten dutela lan horiek. Esaterako, Rafa Karasatorreren lanak duela urte dezente jada argitara eraman ziren. Eta nik behintzat ez dut inoiz arazorik izan, bai Nafarroako Gobernuaren aldetik (hango Euskara Zerbitzuan dauden teknikariei esker ziur asko), baita Bierrik Elkartearekin ere, Euskaltzaindiak berak ere behin gutxienez argitara eraman zuen nik egindako lan bat, Mankomunitateari dagokionean... etab.3. Zu Euskaltzaindiako urgazlea izanik, ez duzu uste askotan kaleko euskaratik nahiko urrun ibiltzen dela Euskaltzaindia?Susmo hori betidanik izan dugu. Hala ere, nik 2 urte pasa daramatzat Euskaltzaindiako lan talde batean, hiztegi batuenarenean, hain zuzen. Hurrengo hiztegiak jaso beharko lituzkeen burutzapenak ari gara proposatzen eta une honetan nik neuk proposatutako Sakanako 400 edo 500 hitz ari gara aztertzen. Euskaltzaindiako Osoko Bilkuraran izan behar dira onartuak horiek, beraz ziurrenik hiztegi batuan Sakanako hitz pila ikusi ahal izango dugu. Kalerako hurbilpen hori dagoeneko ari da gertatzen.4. Nork ez du Euskaltzaindia gorrotatu EGA titulua, edo antzekoak, ateratzeko saiakeran...Bai, ia denok. Baina nik hori akademia guztiek daukatela uste dut. Gogoratzen dut txikitan gazteleraz ere h-a zein hitzek eraman behar zuten ikasteko izugarrizko buruhausteak izaten genituela eta azentuarekin ere antzera ibiltzen ginela. Euskararekin gertatzen dena da, oso berandu hasi zirela arautzen, XX. mendean. Euskara batua ere duela gutxikoa daukagu, oraindik ibilbidea behar du eta horrek zailtzen ditu gauzak. Horregatik ematen du korapilatsuagoa denak. Hala ere, nik uste dut ibilbide hori toki onetik doala eta, lehen esan bezala, ari dela hurbiltzen euskalkietara eta aldi berean euskalkiekin janzten ari dela euskara batua bera. 5. Sakanako Hiztegi Dialektologikoa liburuan irakurri daitekeenez, Sakanan tximeleta esateko matxite, atxiya-matxiya, matxuitxui, atximitxi, atxitamutxita edo pitxita hitzak omen daude, edo zeuden. Non gelditu dira haiek denak?Tximeleta terminoa Sakanan nagusitu egin da eta batuari esker, eskola eta ikastolei esker, gertatu da hori. Baina tximeleta edo pinpilinpauxa burutzapenak ez dira Sakanakoa eta horiek erabili beharrean, Euskal Herri gehienean erabiltzen diren moduan, gure eskualdeko beste burutzapen horiek erabili beharko genituzkeela deritzot. Eta ez hitz horrekin bakarrik, burura datorkit mustu hitza. Batuaz estreinatu erabiltzen da, gaztelerako mailegu bat dena. Sakanan baina mustu hitza daukagu eta horrelakoak erabiliko bagenituzke Euskaltzaindiak berak ere horrelako formak onartu eta euskara batura pasako lituzke. Eta horrela hitz asko dago... liburuxkan nik 500 inguru proposatzen ditut eta horietako gehienak erabili beharko genituzkeela uste dut. 6. Gure bailaratik atera eta euskaldunak, euskaldun zaharrak batik bat, haien euskalkietan mintzatu ohi dira. Sakandarrak berriz, batuaz aritzen gara edota, deskuidatuz gero, denborarekin besteen euskalkietan trebatzera iritsi gaitezke. Akaso, sakandarrek ez dugu gure euskalkia baloratzen? Gure hizkerak lotsatu egiten al gaitu?Nik uste dut kontuan hartu behar dela norekin ari garen hizketan. Euskaldun berriari batueraz egin behar zaiola uste dut. Edo bestela, baten hizkera bestearenetik hurbil egon badaiteke bakoitzak berea erabili beharko luke, batez ere ahozkoa erabiltzen dugunean. Nik uste dut baietz, konplexu batzuk baditugula eta horiek txikitatik sortzen dira. Etxean modu batean ikasten dute haurrek eta gero ikastola doaz eta, esaterako norentzat kasua Etxarrin eta beste toki denetan norentzat bezala ikasten dute, Euskaltzaindiak norendako forma onartua eduki arren. Eta amandako edo amarendako hain batua da zein amarentzat. Eta hemen haur guztiak ikusiko ditugu amarentzat idazten. Euskara batuak beste status altuago bat duela ulertzen dute haurrek, hortik konplexuak.7. Sakanan ere herri batetik bestera mugitzen garenean batuerara jotzeko ohitura dugu...Bai, hala da. Eta pertsona helduekin gauza nahiko bitxia gertatzen da. Bakaikuar adineko pertsona batek jakinda etxarriar batekin ari dela seguraski berak etxarrierra erabiliko du. Adineko jendeak kontaktu gehiago izan du herritako hizkerekin eta gai dira horretarako, gazteenak ordea, ez. Herrian barruan haien euskalkia erabiltzen dute, baina uste dut herritik atera bezain laster batueraz egiten dutela. 8. Euskalkiek irakaskuntzako curriculum ofizialean ez dute apenas tokirik, zer proposatuko zenuke hezkuntzan haien presentzia izan dezaten? Euskalkien presentzia hori dagoeneko onartuak ditugun formak erabiliz ziurtatu beharko litzateke. Euskaltzaindiak onartzen dituen hainbat forma, esaterako deklinabidean destinatibo kasukoak, erlatibokoak edo instrumentalekoak, baita norengan, norengandik eta horrelakoak oso hedatuak dauzkagu, baina hemen inoiz adineko jendeak ez ditu erabili. Kontua da horren ordeko eta Euskaltzaindiak onartzen dituen formak baditugula Sakanan noren baitan eta horrelakoak hain zuzen, eta horiek ere erabili beharko genituzke. Bereziki eskola eta ikastolatik hasita, umeak ere konturatu daitezen haien aiton-amonek erabiltzen duten euskarak ere baduela bere prestigioa. Askotan jotzen dugu batuara nolabait erakusteko gu ere jantziak gaudela, eta oso ongi deritzot hori egiteari, baina nire ustez errazago egingo genuke bertako formak erabilita. 8. Zu irakasle izanik, zein da zuen jarduna euskalkiak ikasgelara eramateko orduan?Hori tokiaren arabera. Badaramatzat jada ia 20 urte Arabako lautadan eta han beste arazo bat dago. Euskara beraientzat eskola hizkuntza da eta eskolatik atera bezain laster, bai etxean, bai kalean, gaztelania erabiltzen dute. Han erronka izaten da gutxienez ikasleak ohartzea saiatu behar dutela euskara gero eta gehiago erabiltzen eta esparru guztietan gainera. Eta han, jakina, batua bera erabili beharko dute ez dute eta bestelako euskalkirik. Hemen zorte handia daukagu eta ikasten dugun hori gero egunero-egunero erabili egin beharko genukeela uste dut. Eta horretarako bertako formetaz baliatu beharko ginateke. 9. "Falta zena,batuarekin gutxi ez eta orain euskalkiak ikasi beharra!" dion euskaldun berri bati, zer esango zenioke?Euskaldun berriak guztia ikasi behar du. Hutsetik abiatzen da eta adibidez deklinabide osoa ikasi behar du, baina era berean ikasi beharko du forma bat baino gehiago dagoela. Bizkaian adibidez asoziatibo kasuan ez dute norekin esaten noregaz baizik. Hemen dagoenak ere jakin beharko du norendako eta antzekoak erabili beharko dituela. Aditzarekin ez dago inongo arazorik toki guztietan erakusten dena aditz batua delako. Hemengoek ez dugu arazo handirik izan alfabetatu behar izan dugunean hori ikasteko. Nik bereziki lexikoari ematen diot garrantzia, gaur egun txutxeak esateko, batuak gozokiak erabiltzen ditu eta potokeriak esaten da Sakanan. Edo antojo esateko txirrinta hitza daukagu, baina baita onguramina ere Burundan bertan. Nik uste dut hauek erabiltzea askoz ere egokiago dela eta haurrek aiton-amonekin harrema badute, askoz hobe ulertuko dute elkarrekin. Liburuxkan era honetako proposamen asko egiten ditut esaterako lentejei batueraren eraginez dilista esaten diegu, baina Sakanan txindilak esaten zaie edo kuxkurtuta dagoenari ttuttupiko esan dakioke. Gazteleraz "que venadas tiene" esateko tarantak hitza daukagu Sakanan edo pertsona bat gaiztoa dela esateko onbeko edo ongabeko erabiltzen da. Nahas masa dagoela esateko kuntza hitza dugu. Haur txikiko hizkuntzan ere papa, mama, txitxi edo koko erakoak jada ez ditut entzuten. Horrelakoak asko eta asko dira... gazteenek ez dituzte ezagutzen horrelako burutzapenak eta 500 inguru dira liburuan proposatzen ditudanak.