Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urbasako Igoera historiarako geratu zen... Urbasako Igoeraren VII. edizioa jokatu zen iaz, hortaz, proba gaztea bera. 2000. urtean Sutegi taldearen zuzendaritza-batzordean zeudenek San Migel jaietako egitarauaren barruan antolatu zuten lehen igoera. Ekintza herritarrei eta inguruko jendeari zuzendua egin zen. Orduan, bi ibilbide proposatu ziren, helduentzat boketeraino eta txikientzat ur-jauziraino. Hurrengo urteetan antolatu ziren sei edizioak ere Olatzagutiako Sutegi Taldeak antolatu zituen. Ibilbide handiak 6 kilometro inguruko luzera zeukan eta Olaztiko plazatik abiatuta, Urbasako mendi gaineraino igo eta atzera ere herrira jaistea zen egin beharreko bidea. Iazko edizioan 17 korrikalarik hartu zuen parte, eta aurreko urtetan ere, izenematea buelta horretan ibiltzen zen. Olazti eta Urbasa gaina arteko joan etorriko errekorra Ander Unzurrunzagak utzi zuen 2005 urtean. Etxarriarrak proba 26 minutu eta 51 segundotan egin zuen. Aurten, Urbasako Igoeraren lekua Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketak hartuko duenez, historiako liburu eta iraganeko egunkaritako kroniketan geratuko da igoera. ... Olatzagutia-Urbasa I. mendi lasterketa historia egiteko jaio daEz da saiakera antzurik, ez da iragan zentzu gaberik. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa Urbasako Igoerari testigantza hartu eta mendi proba garrantzitsuenen artean kokatzeko asmoarekin sortu da. Orain arte egiten zen lasterketari ibilbide eta ezaugarri berriak gehitu dizkio antolatzailea den Sutegi Taldeak eta mendi lasterketa bilakatu du proba. Domekan, hain zuzen, goizeko 10:00etan abiatuko da lasterketa Olatzagutiako enparantzatik. Egitasmoaren bultzatzaileek aditzera eman dutenez, bi asmo nagusirekin egin da eraldaketa: alde batetik, mendizaletasuna sustatu eta hedatzeko eta bestetik, Olatzagutiako herria eta bere inguruak ezagutzera eman daitezen. Mendizaletasunean eragiteko helburuari dagokionean, horrek badu bere isla ibilbidean bertan. Itzuli berriak 22,93 kilometro hartzen ditu. Horietatik 2,4 soilik dira asfaltatutakoak, gainontzekoak, Urbasako paraje ederretan barrena xenda eta mendiko bideak baitira. Era berean, Olatzagutia eta bere bazterrak ezagutarazteko xedea aurrera eramateko tresna garrantzitsu eta lagungarria da Sutegik abian jarri duen www.olatzagutia-urbasa.com web gunea. Sarean bederen, lasterketak bere txokoa egina dauka. Sutegi Taldeak egitasmo hau antolatzen esfortzu handia egin du eta hurrengo egunetan oraindik ere egin beharko du. Hasierak inoiz ez dira errazak eta aldaketak arriskua dakar. Hala ere, eraberritze eta garapenaren aldeko ilusioz beteriko apustua baino ez da mendi lasterketaren I. edizio hau. IbilbideaLasterketak, Olatzagutiako enparantza nagusitik abiatu eta lehenik, Urbasako ipar gailurretako punturik altuena joko du (Tontorraundi-1156 m). Hortik, Altsasuko portu-gainetik (1150 m), Morterutxo izeneko saroiraino jaitsiko da (890 m) eta Sakanako ikuspegi zoragarria duen Zelai handi izeneko parajeraino igoko da berriz (1113 m). Jarraian, Bargagaineko gurutzeraino iritsi eta Altsasuko portu-gainetik berriz ere Morterutxora (890 m) egingo du bideak. Ordekan zehar Urbasako mendate muturreraino (885 m) jarraituko du eta hortik Entzia aldera. Gainsoilera (1068 m) igo eta Ziordiko portu-gainetik pasatuz Ordotzeko putzuraino jaitsiko dira korrikalariak. Hortik aurrerakoa beherantz Jakusoro jo arte eta hortik berriz Urbasako portu-gaineraino. Amaitzeko aldapa behera zorrotzeko bide xidorra izanen dute Olatzagutiaraino.Ibilbidearen datuakDistantzia 22.930 metro (2400 metro asfaltoan)Metatutako desnibela 2.144 metroGutxieneko altuera 550 metro (Olatzagutia)Gehieneko altuera 1.156 metro (Tontorraundi)Zailtasuna ErtainaDenbora muga 4 orduDenbora kontrolak 4Edari guneak 5Janari guneak 3Osasun laguntza 3Baina, zer dira mendi lasterketak?Mendi lasterketa goi, erdi nahiz behe mendian burutu daitekeen kirol modalitatea da. Urteko edozein urtarotan praktikatu daiteke eta ibilbidea oinez egiten da, beti ere, ahalik eta denbora gutxienean. Kirol honek bi helburu nagusi ditu:1. Lehiaketetan mendi korrikalari hoberenak nahiz mendiko elkarte edo klubak batzea. 2. Mendian lasterka aritzen direnen kirol maila hobetu eta kirol modalitate honen garapenean laguntzea.Korrikalariek ez dute soilik azkarrak izan behar, baita ere, erresistentzia gaitasun handia erakutsi beharko dute. Izan ere, lasterketa batek ofiziala kontsideratu ahal izateko gutxienez 21 kilometro izan behar ditu eta gorazko desnibel metatua minimo 1.000 metrokoa izango da. Horretaz gain, lehia pista eta asfaltatu gabeko bideetan barna izan behar da, basabide, amildegi eta antzekotatik. Era berean, gehienez ere ibilbidearen %50a izanen da ibilgailuek zirkulatzeko modukoak diren joan etorritatik. Mendi lasterketak indartzen ari dira. Mendi lasterketen modalitatea, ikuspegi denetatik, azken urteetan gorakada garrantzitsua izaten ari da. Egiten diren lasterketak gero eta gehiago dira, baita horietako parte hartzea ere. Sortu ziren lehen talde antolatuak eta poliki-poliki gehituz doaz. Era berean, proba horiek bideragarri egiteko babesle eta laguntzaileak iritsi dira. Sakana bertan, Lakuntza-Aralar proba ezaguna antolatzen da, Euskadiko mendi lasterketen koparako puntuagarria dena. Aurreko asteburuan ere Zegama-Aizkorri maratoi garrantzitsua jokatu zen edo hor dira ere Berako-Mendi maratoia erako beste lasterketa batzuk. Euskal Herriak betidanik izan du mendiarekiko atxikimendu berezia, maitasun eta erakarpen sentimendua. Euskal Herriaren historia liburu orotan daude jasota euskaldunek mendian eta mendiei egindako argazkiak. Antzinako zaletasun horrek bilakaera bat izan du baina, mendian ibili ez ezik, gaur egun, kirola ere egiten baita horren aitzakian. Horrela, mendi inguruetan antolatzen diren beste jarduera batzuen artean, mendi lasterketak gero eta indar gehiago ari dira hartzen eta Olatzagugia-Urbasa erako proben sorrerarekin etorkizuna ziurtatua dute. Elkarrizketa: Mikel Agirre, Sutegi Taldeko antolatzailea1. Mendi lasterketak modan omen daude, horregatik bihurtu al da Urbasako VII. igoera Olatzagutia-Urbasa I. mendi lasterketan?Gauza guztiak bezala Urbasako igoerak ere garai berrietara egokitu beharra dauka eta horregatik zazpi urteko ibilbidearen ondoren bihurtu da aurten Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketan2. Mendi lasterketaren helburuetako bat mendizaletasuna sustatzea omen da, baina era honetako esfortzua egin behar duen batek, ba al du benetan mendiaz disfrutatzeko aukera?Mendiaz, oinez, korrika, txirrindulan, eski gainean, onddo bila, pago baten itzalpean etzanda... goza daiteke. Hori norberaren aukera da, beti ere ahaztu gabe garrantzitsuena tentuz eta errespetuz jokatzea dela. Eta zalantzarik gabe, korrikalariek ere mendiaz disfrutatzen dute.3. Mendi lasterketetan parte hartzen duen pertsonaren profila zure ustez nolakoa da, mendizale bihurtu den korrikalariarena edo mendizalea zen eta korrika egiten hasi denarena? Denetarik dagoela uste dut, ezinbestekoa da eta bi gauzak gustatzea. Dena dela proba hauek mendi kirol barruan sartzen dira.4. Iazko proban 17 korrikalarik parte hartu zuten, zein da zuen aurreikuspena aurtengo probarako?117, gutxienez!!5. Olatzagutian badago korrikalari harrobirik?Harrobiz ez gabiltza makal eta honetan ere bada eta zabala gainera. Proban bertan hamar herritarrek parte hartuko dute eta horietatik gehienak Euskal Herriko beste hainbat lasterketatan ere aritzen dira.6. Ibilbidea 6 kilometrotatik 22,93 kilometro izatera pasa da, sariak ere horregatik bikoiztu al dira?Beste maila bateko lasterketa izanik, sariak ere handitu egin dira. Irabazten dituenak ondo merezita eramanen ditu.7. Mendi lasterketa ikusteko modurik hoberena?Irteera herrian bertan ikusi eta gero Urbasara igo. Boketetik Bargagaingo Gurutzerako bidean daude maldarik gogorrenak eta ikusgarrienak eta hori toki aproposa izan daiteke. Gainera lasterketa hortik igaro ondoren Harrera etxeraino jaitsi eta bertatik berriz Gainsoil aldera nola pasatzen diren ikus daiteke. Hamaiketakoa egiteko tokia norberak aukera dezala.8. Jada ez da ezer antolatzen web-orririk ez duenik, www.olatzagutia-urbasa.net web gunean zer aurkitu dezakegu?Ibilbidearen ezaugarriak, planoa, profila eta argazkiak, lasterketaren arautegia, beste urte batzuetako argazkiak, dirua jartzen duten enpresen publizitatea... eta izena emateko atala. Halako lasterketa bat aurrera ateratzeak ahalegin handia eskatzen du, bai antolaketa eta bai diru aldetik. Orain arte Sutegik erantzun ezin hobea jaso du udal, enpresa eta herritarrengandik. 9. Sutegi Taldearentzat erronka zailagoa, handiagoa da mendi lasterketa antolatzea. Sutegi Taldea inoiz baino indartsuago dagoela esan nahi al du horrek?Indarra eta lan egiteko gogoa baino, beste gauza batzuk falta izan zaizkigu aurreko urteetan baina hala ere aurrera egin dugu. Hori konpondu eta beste baldintza batzuetan elkarlanean aritzea da gure nahia. Mendi lasterketa adibide.10. Zeintzuk dira Sutegi Taldearen helburuak aurrera begira?Gure helburu nagusia orain arte bezala herriko haur eta gazteei urte osoan kirola egiteko aukera eskaintzea da. Irristaketa, futbito eta pilota eskoletan 120 haur eta gazte inguru ditugu eta horiek dute lehentasuna. Bestalde orain arteko kirol ekintzekin aurrera jarraitu eta mendi lasterketa ere sendotu eta finkatu nahi genuke.