Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nola doa aurtengo onddo eta zizen aldia?Erdi utzia dut, azken boladan oso gutxi joaten bainaiz zizak hartzera. Orain, errepidetik joaten naiz ibiltzera. Zure ustez, basora joaten den jendearen kopurua handitzen ari da?Bai. Jubilatu asko dago, eta beste zereginik ezean denbora pasan ibiltzen dira asko basoan. Beste batzuk negozioa egitera joaten dira, jatetxetan eta leku guztietan erosteko prest egoten baitira.Zaletasuna, beraz, handitzen ari dela dirudi?Beno, zaletasuna ez dakit, baina zizak biltzera geroz eta jende gehiago joaten da. Niretako zaletasuna izatea beste gauza bat da; ez pozoitzeko behintzat bizpahiru ziza ikasteaz arduratzea! Behinik behin ohikoenak ezagutzea! Jendea, ordea, tontamentian ibiltzen da. Saskia goraino betetzen du, ekartzen dizkizu eta txarrak direnez, zaborrera bota behar dira. Hori, niretako ez da zaletasuna izatea. Aurten Ultzaman indarrean jarri den araudiaz zer deritzozu: onerako ala txarrerako?Niretako ona da. Bilketa pixka bat arautzea ona da. Zeintzuk dira ba alde onak?Gutxienez, basoaren etekinak herrian gelditzen dira. Eta, bide batez, bilketa arautzen bada, basoa zainduagoa egonen da, eta ondorioz, ez dira horrenbeste txikizio egingo eta ez dituzte zizak eta onddoak apurtuko. Jende asko leku beretik pasatzen denean guztia zanpatuta gelditzen da eta hori ez da ona, ez basorako ezta zizetarako ere. Ultzama aldeko araudia martxan jarri denez geroztik perretxiko zale gehiago sumatzen da Sakanan?Bai, zalantzarik gabe. Auto kopurua handitu da eta ia ez da onddorik egon. Urdiaingo Urriztizelaian dauden kotxeak ikusi baino ez da egin behar. Onddoren bat atera dela esaten den bakoitzean, basoa jendez betetzen da. Nolanahi ere, kritika asko izan ditu Ultzama aldeko araudi berri horrek. Ultzamakoak ez direnek 10 euro ordaindu behar dute eguneko, eta gehienez 10 kilo har ditzakete. Batzuen arabera ez da zuzena onddo eta zizen tamainari buruz ezer ez esatea. Zuk zer iritzi duzu, tamaina minimo bat arautu beharko litzateke?Sen onaren arabera garatuta dagoen ziza baino ez da hartu behar. Ziza nanoa denean ez da hartu behar: batzuek pospolo buru baten tamainako udaberriko zizak hartzen dituzte. Jokaera hori ez da edozein burutan sartzen. Zizari garatzen utzi behar diogu; punttuan hartu behar dugu, ez dugu 20 cm hazten utzi behar, usteltzen direlako, baina nanoak direnean bere horretan utzi. Izan ere, zizek ez badute beren zikloa betetzen ez dituzte esporak (haziak) botatzen eta ugalketa prozesua eten egiten da. Ziza guztiak ugaltzen dira esporen bitartez? Onddoak ere bai?Bai, izan ere, guk hemen egiten dugun zizen eta onddoen arteko desberdintasuna ez da zuzena. Hemen, boletus familiako batzuei onddoak dazkie, baina, benetan onddoa dena, lur azpian dago, mizelioa da, ile zuri eta lizun horiek dira. Ziza, berriz, fruitua da. Beraz, hemen onddo deitzen dugun hori ez da onddoa, fruitua, baizik. Fungi erreinuko ezaugarrietako bat, horixe da hain zuzen ere, esporen bitartez ugaltzen direla. Lur azpiko onddoa ugaltzeko, fruitua ateratzen du, hau da, ziza. Nola nahi ere, zizen munduan morfologia eta itxura ezberdineko ziza asko dago. Onddo beltz batek, esaterako, non izaten ditu esporak?Txapelaren azpian, himenioa deritzon lekuan hortxe egoten dira esporak; horixe da zizen ugalketa atala. Boletus-ek laminak izan beharrean esponja modukoa dute, eta zulotxo horietan sortzen dira esporak. Horrela, esponja berde dagoenean, ondua dago eta esporak lurrera erori eta barreiatzen dira. Esporek ematen diote kolore berdea onddoen himenioari, horregatik berdeegi dagoenean ez da jatea gomendatzen. Ziza batzuk, sortzean itxita egoten dira, hazten direnean, berriz, eraztun bat dute. Eraztun hori himenioa babestuta egon den seinalea da. Esporak ikusteko mikroskopioa behar da. Kolore ezberdinekoak izaten dira eta zizak bereizteko orduan informazio baliagarria eskaintzen digute. Ferietarako zer asmo duzue?Ferien aurretik aste mikologikoa egingo dugu, baina aurten pixka bat atzeratu garenez bi hizlari baino ez ditugu ekarriko. Hori dela eta Jose Ramon Beloki (Altsasuko mikologia elkarteko lehendakaria) eta biok mikologiari buruzko hitzaldi bat emango dugu urriaren 16an. Power pointarekin hainbat azalpen emango ditugu arratsaldeko 7:30ean Iortia kultur gunean. Roberto Fernandez Sasia, Abanto-Zierbenako mikologia elkartekoak, haritzaren inguruko zizei buruz arituko da urriaren 17an. Eta, 18an urtero etortzen den Cristobal Burgos, natura-argazkilaria, etorriko da, ikus-entzunezko ikusgarriak egiten ditu. Aurten amanitei buruz arituko da.Aurten erakusketa jarriko duzue? Zizak hartzeko laguntza behar duzue?Noski, urriaren 21ean, Feria egunean erakusketa ikusgai egongo da Gure Etxean. Ostiral eta larunbatean sailkatzen egongo gara, beraz, inor animatzen bada zizak ekartzera ez dezala mota bakoitzetik pare bat baino ekarri. Nahiko da birekin, maiz, errepikatuak izaten ditugu eta.