Antxon Gonzalez Terron

Guaixe 2007ko urriaren 26a

Urritzolakoa kontzeju irekia da, ezta?Hala da, bai. Kontzeju irekiko batzarretan parte hartzen duten guztiak kontzejanteak dira. Hau da, batzarretan hitz egin eta botoa emateko eskubidea dute. Kontzeju irekiarena 50 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan erabiltzen den formula da. Beraz, hautatuko bazintuzte , herria ordezkatuko zenuke?Bai, niri tokatuko litzaidake udalarekin, gobernuarekin edo dena delakoarekin hitz egitea. Baina batzarrak beste pertsona bat izendatu dezake. Kontzejuko batzarra da halakoetan subiranoa dena. Zergatik zara hautagaia?Tokatzen zaidalako. Etxez etxe goaz ardura txandakatzen. Legegintzaldi bakoitzean etxe bat arduratzen da pertsona bat kargurako izendatzeaz. Hala txandakatzen goaz. Ez dago boluntariorik. Gainera, inork ez du izan nahi. Hala ere, norbaitek egin behar du eta, beharko eta, egin behar. Gutxi garenez, hobe lana banatzea. Zenbatetan biltzen da kontzejua batzarrean?Ez uste asko direnik. Batez ere auzolanen gaietarako. Urritzolan, bestela, kontu gutxi daude eta behar gutxi ditugu. Nafarroako Gobernuko azpiegituren lau urteko planerako zerbait aurkeztu behar denean salbu, gainontzeko guztia auzolanei buruzko kontuak dira. Eta zer egiten duzue auzolanean?Bideak konpondu, garbiketa lanak, baso itxiturak... Garai batean, garia eta agotza banatzeko trilladora zegoen Urritzolan. Makina hura gordetzeko estalpe bat bazegoen. Hura gordetzen zen tokia kontzeju gela hartzen duen eraikinean bihurtu zen, auzolanean. Urritzolako Kontzejuak zein eskumen ditu?Bideak, komunala eta argiteria publikoa. Horien gainean kontzejuak erabakitzen du. Zein diru sarrera ditu kontzejuak?Diru sarrera bakarrak Nafarroako Gobernuak biztanle bakoitzeko ematen duena, eta gutxi gehiago. Udalak ematen duen diru laguntzaren bat. Komunalean azienda badago, abeltzainak buruko x ordaintzen du eta kitto. Horiek dira kontzejuaren diru sarrerak. Basotik ez baitugu ezer ateratzen. Kontzejuak diru sarrera horiekin nahikoa du gastuei aurre egiteko?Argiteria publikoko faktura ordaintzeko, justu. Ez da askoz ere gehiago ordaindu behar. Ez da ezer sobratzen. Kontzejuaren eskumenak kenduta, gainontzeko arloetan udalaren eta gobernuaren menpe zaudete. Bai, hala da. Zer moduzko erlazioa duzue Arakilgo Udalarekin?Normala. Zurea den zerbait tokatzen zaizunean, orduan kontuak! Baina udalaren kontua da 12 kontzeju dituela. Pentsa! 12 mundu. Jakina, zenbat eta txikiago izan orduan eta behar gutxiago dituzu. Udalarekin dugun harremana normala da. Gai jakinengatik biltzen gara udalarekin. Azkena? Ez dut gogoan. Orain hirigintza arau berriak prestatzen hasi da udala eta pentsatzen dut bilerak izanen ditugula. Horren inguruan aritu zarete Urritzolan?Bai. Herria zabaltzeko ingurune bat aukeratu dugu, elizarako bidean ezkerretara. Ez dago beste tokirik. Baina oraindik ere zehaztu beharra dago. Zirriborroa da, ez dago onartuta. Udalak hirigintza araudia prestatuko du eta gero haren gainean eztabaidatuko dugu. Hurrengo legegintzaldirako zein egitasmo dituzue? Zer gustatuko litzaizueke egitea?Ibilian-ibilian etorriko dira. Buruan gauza asko ditugu (zubiak berritzea...) baina tramite eta kontu asko eskatzen ditu. Ez dugu dirurik. Dena eman behar digute. Dena gobernuak eskua sartu eta laguntzearen menpe egoten da. Gainontzean, gure ekimenez, dirurik gabe nora goaz?Aurreikusitako azpiegituraren batek Urritzola ikutzen du?Abiadura Handiko Trenak, teorian, ez liguke ukituko. Izurdiaga eta Irurtzungo saihesbidea egiteko aukera batzuek ukitzen gaituzte. Proposamen bat herritik pasako litzateke eta, bestea, nolabait esateagatik, atzeko aldetik. Baina ez dakigu, oraindik gaia ilun dago. Urritzolan festak ospatzen dituzue?Bai. Baina denondako egokia den egun batean ospatzen ditugu festak. Agorrilean ospatzen saiatzen gara. Hain gutxi garenez, denak presente egoten saiatzen gara. Norbaitendako aukeratutakoa data egokia ez bada, jende guztia egoteko adostasuna lortzen saiatzen gara. Urritzolako festak egun bakarrekoak dira. Larunbat bat. Topera. Egun bat baino, erdia. Eguerdian hasten baikara. Batzuk lan egiten dute eta.