...Arbizu-Marda...Palestinara joatearen zergatia Marda herrira bisitaldi ofiziala egitea zen Jonentzat. Orain dela urte batzuk Arbizuko herriak Palestinako Marda herriarekin anaikidetza sinatu zuen eta geroztik harreman zuzena dute bi herri hauek. Arbizuko udalaren izenen egindako bidaia honetan Mardako alkatearekin izateko aukera izan dute eta esker oneko hitzak besterik ez dituzte Arbizurentzat. Lizarragaren aurkezpen ofizial guztietan "Arbizu´s representative concil" entzutean izena handiegi geratzen zitzaiola aipatu digu berak.Euskal Herritik Palestinara. Arbizu eta Marda. Biak dira herri txikiak, lasaiak eta nekazariak. Bertako jendea ere, jende xumea da, langilea eta borrokalaria. Marda olibondoz inguratuta dago eta Palestinarrek olibondoei dieten estimua berezia dela baiezta daiteke herriko etxeetan. Olibondoak gauza onak ematen ditu. Eskatutakoa ekarri egiten du eta Mardarrek egunero eskaera berezi bat egin ohi diote.Euskal Herritarrak Mardan izan zireneko lekukotza utzi nahi izan zuten eta horretarako herriko hormak koloreztatu zituzten. Herritarrek begi onez ikusi zuten proposamena eta ordutik Palestinako hormek euskaraz ere hitz egiten dute. Horma irudi hauen bidez, Euskal Herria eta Palestinaren arteko lotura gehiago indartuko da. Arbizun eta Mardan, Euskal Herrian eta Palestinan, norberaren herriaren historia jakitea etorkizuna eraikitzeko eta askatasuna lortzeko ezinbestekoa dela nabarmendu nahi izan genuen egin genuen muralarekin. Horretarako, Arbizuko dorretxearen irudia, herriko armarriaren ondoan margotu zuten. Azpian, euskaraz, "Soilik bere historia ezagutzen duten herriek lor ditzakete askatasuna" dago idatzia. Margo honen alboan, Mardako XIV. mendeko eraikin baten atea dago. Leloa bera arabieraz dago. Horren gainean, ikurrina eta Palestinako bandera.PAHF Palestinaren askatasuna bilatzen duen alderdi marxista eta laikoa da. Bere jardueretako bat Palestinako ohiturak berreskuratzea da. "Beharbada kontraesankorra dirudi, baina PAHFek, gizarte berria eraiki nahi duen alderdiak herriaren ondarea berreskuratu nahi du. Hamaseko islamistek, antzinako gizartera itzuli nahi dutenek berriz, ezin dituzte haien ohitura zaharrak ikusi ere egin nahi.Herriaren ondarea berreskuratze lan horren lehen adibidea gertutik bizi zuten 3 brigadistek. Harrera ezin hobea egin zieten eta herriko antzinako dantzak eskaini zizkieten. Neska eta mutikoak aritu ziren dantzan eta berriz ere bi herriek bat eginda mutikoek Arbizuko Gazte Asanbladako kamisetekin dantzatu zuten. "Haiendako dantza egitea eta kultur arloko lana garatzea herriaren askatasunaren aldeko borrokan aritzea dira ere" argudiatu du Jonek. Horregatik Arbizutik laguntza berezia eskaini nahi diete lan hau jorratzeko. Haien kulturaren berreskuratze lanean jarraitzeko, dantzarako jantziak erosiz eta halakoekin lagunduz.Mardako alkatearekin izandako hizketalditan behin eta berriro errepikatu zuen "Berreskuratze lan horretan beti aurrera begira egiten dutela lan. Sekula nortzuk diren ahaztu gabe" eta bide horretan bere alderdia, hau da PAHF, aurrera pausu txikiak egiten ari dela nabarmendu zuen.Mardako haurrek ongi aski ikasi dute non dagoen Arbizu, bertako jendea oso jatorra dela, kamisetak oparitzen dizkietela, jende atsegina dela, herrian mural politak egin dizkietela, elkartasun handiko jendea dela, haiekin jolasean aritu zirela: herrien askatasunaren alde lan egiten duen jendea dela....Bi´lin...-eko martxa jendetsuakBi´lin aipatu eta asteko egun bat datorkio Jon Lizarragari burura: Ostiralak. "Ostiralak bereziak dira Palestinan. Islamdarren egun sakratua da. Jaieguna. Denda gehienak itxita daude eta meskitatara joaten da jendea. Hau da ohikoena edozein herri musulmanean, baina Bi''lin-en ostiralak bereziak dira. Meskitatara joaten dira fededunak, toki askotan bezala, baina errezoak amaitu eta berehala, mobilizazioa hasten da"Hemen ere, beste leku askotan bezala, harresiz inguratuta bizi dira. Internazionalki indar handia hartu duen martxa egiten da ostiralero hemen baina bidean alanbrezko hesi batekin egiten dute topo manifestariek. Soldaduak aurrez aurre izaten dira eta tentsio uneak bizi izaten dira. Palestinarrak ere gogor erantzuten diote honi lur hori beraiena dela ozenki aldarrikatzeko. "Nik bizi izan nuena pelikula baten antzekoa izan zen. Egia ote hemen ikusten eta bizitzen ari naizena?"...Nablus... Gaueko iluntasuneko tiro hotsakNablus. Zisjordaniako herririk gatazkatsuena da. Egunez lasaia dirudien arren gauak beldurgarriak dira bertan. Israelgo Armada gauero sartzen da Nabluseko kaleetan eta herritarrak hauei aurre egiten diete. Gaueko 20:00ak aldera Nabluseko kaleak hustu egiten dira, hasiera batean isiltasuna da nagusi baina soldaduak sartzen direnean tiro eta petardo hotsen gehiegikeriak hotzikarak sorrarazten ditu. Oraindik Jonek sinestu ere ez du egiten, baina tiro hotsak eta petardo hotsak bereizten ikasi zuten hiru euskaldunek. "Tiro haietako batek Nasim Ali Mbrouk hil zuen"Hori gertatu eta hurrengo eguna berezia izan zen, momentu gogorrak bizi behar izan zituzten. Palestinar honen hiletan izan ziren eta bidaia luzeko unerik hunkigarriena izan zela baieztatu du Jonek. Egun horretan 5 milizietako burkideek bat egin zuten. Ikurrinen kolore aniztasunak eta jende aniztasunak bat egin zuten lagun horri azken agurra emateko....Qalqilia... harresiz itotako hiria48 lurraldeetatik gertuen dagoen hiria da Qalquilia eta 40.000 biztanle inguru dauzka. 6-8 metrotako harresi amaigabeak hiria inguratzen dute eta borobil horretatik irteteko pasabide edo check-pint bakarra dago. Harresia altxatu baino lehen, Qalqilia merkatal gune garrantzitsua zen eta egungo harresiak ekonomikoki ere hiria ito egin du. Inguruko herrietatik bertara sartzeko jasan behar dituzten kontrolak eta ilara luzeek hiriaren eguneroko bizitza oztopatu egiten dute. Harresiz inguratutako hiria den heinean, haizeak ez du lekurik hiri honetan eta 45 gradutik gorako labe beroa bihurtzen da Qalqilia."Azken muturreko kontrola eta errepresioa bizi dute hiri bero honetan" azaldu du arbizuarrak...Arabah...omenaldirik onena garaipena!Palestina askatzeko Herri Frontearen habia da Arabah eta bertako seme zen Abu Ali Mustafaren heriotzaren urteurrena zela eta PAHFk ekitaldi politikoa antolatu zuen 3 euskaldunak bertan izan ziren egunean. 18.000 biztanleko herri honek borrokarako duen grina azpimarratu dute bertaratuek eta ekitaldi guztiz hunkigarria ikusi ahal izan zuten. PAHFeko kide batek egungo irakurketa politikoa egin zuen. "Al-Fatah eta Hamasen jarrera gogor kritikatu zuen, Palestinaren askapenerako borrokan batasuna lortzearen garrantzia nabarmendu. Beti ere, alderdien interesen gainetik herriari lehentasuna eman behar zaiola gaineratu zuen."Dantza, emozio eta edukiz jositako ekitaldia izan zen. Palestinan hezkuntzak eta herri askapenerako borrokak duten lotura argia izan zen. Ekitaldiaren ondoren urteko graduatuei ere diplomatxo bana eman zieten. Jonen ustez euskaldunok hortik asko daukagu ikasteko. Hezkuntzaren bidez askatuko baitugu gure herria....Hebron...en erresistentzia egiten300.000 biztanle inguru dauzka hiri honek eta erdian kolonia garrantzitsua bat dago kokatuta. Oso bitxia da bertako hiriaren zatiketa. Hiriaren erdian kolonia dago eta kolonia honen erdian azken etxe palestinarra dago. Etxe horrek esanahi berezia dauka palestinarrentzat eta internazional mailan ISM taldea lan handia egiten ari da. 24 ordutan erresistentzia baketsua egiten jarraitzen dute....Gaza...nahi eta ezin Check-pointean goiz osoa pasa ondoren ezin izan ziren Gazan sartu. Espainiako kontsulatuan 5 egun lehenago baimena eskatu eta eman arren, Israelgo armadak ez zuen begi onez ikusi 3 euskal herritar hauen sartzea. Eman zitzaien arrazoi bakarra denbora gehiago behar zutela izan zen. Ordurako Euskal Herrirako buelta hartuta izango zutenez, amore emanda Gaza bisitatu gabe geratu ziren.Azken gogoeta....Golanen, Ramallahn, Jeninen, Belenen, Balatako errefuxiatu eremuan eta besoak zabalik hartu dituzten hamaika lekutan izan dira. Beste hainbeste erakunderekin ere bildu dira: Palestina askatzeko erakundearekin, Al-fatah-kekoekin, PAHFkoekin, Presoen komunitatearekin, ikasle mugimenduetako kideekin, Emakume komiteen Batasuneko kideekin,.. Zerrenda amaigabea da.Orduak eta orduak beharko lituzkete gazte hauek ikusi eta ikasitakoa kontatzeko. Agendak lapurtu zizkieten baina memoria handikoak dira. Argi dute Palestinan jasaten duten egoera oso latza dela eta horren lekuko izan ziren. Hala ere, jakin badakite palestinarrek ez dutela amore emango eta tinko eutsiko diotela haien lurra eta askatasuna defendatzeari. Dagoeneko Jon Lizarraga arbizuarra eta beste bi lagunak etxean dira. Etxetik, urruntasunetik eta hotzean pentsatzen hasita, bi ikasgai nagusi ondorioztatu ditu gazteak. Batetik, erlijioak herri horretan min handia egin duela argi eta garbi; Israelgo estatuak bere erlijioan du izateko arrazoia. Kalte horiek egun begi bistakoak dira.Bestetik. Bestetik, Euskal Herria eta Palestinaren arteko antzekotasunak nabarmendu nahi ditu. Bi zapaltzaileren aurrean tinko eusten dioten bi herri, bi borroka eta, etorkizunean, bi garaipen. "Iragana ahazten ez duten herriek soilik lor dezakete askatasuna"