Zenbat urte daramazu lanbidean?Gure aita hargina zen. Nik hilerrian ikasi nuen oinez, beraz, bizitza guztia daramat. Institutua bukatu eta gero lanean hasi nintzen aitarekin eta soldaduska egin ondoren makina berriak erosi genituen, granitoa moztu eta lantzeko makinak. Izan ere, badira 40 urte granitoa baino ez dela erabiltzen. Gaur egun guztia ordenagailuz egiten da, hau da, diseinua ordenagailuan egiten da eta, ondoren hondarrezko-zurrusta batekin grabatzen da. Eskuz zer edo zer egiten jarraitzen dut, baina oso gutxi. Egungo tailerretan normala izaten da tailatzailerik ez egotea. Nolakoa da zure lan egun bat?Hemen ez dago astebururik. Hileta dagoen bakoitzean lan egiten dugu, berdin dio igandea izan, San Pedro eguna izan edo irailak 14. Zein izaten dira lurperatzeko orduan egin beharreko lanak?Nitxo bat nahi baldin badute, nire etxera etorri behar dira eta eskaera orria bete. Orri horrekin Udalera joan behar dute ordaintzera. Ondoren, hilerrira joaten naiz eta nitxoa prestatzen dut. Nitxoa, laugarren pisuan baldin badago goragailua eramaten dut. Arratsaldean, berriz, hileta eta gero, hilerrira joaten naiz; gorpua sartu, eta gero nitxoa ixten dut. Panteoia bada, harlauzak jaso behar dira, eta, ondoren itxi. 10 urte eta gero berritu egin behar da Nitxoko baimena, ezta?Bai, aurten 24ri tokatzen zaie berritzea. Karta bat bidali diegu, dauzkaten aukerak azalduz. Nitxoarekin beste hamar urte gehiago jarraitu nahi badute, ordaindu beharra daukate (orain dela 10 urte ordaindu zutena gehi %25 gehiago). Bestela ere badute gorpuzkinak kolunbarioan sartzeko aukera. Gaur egun nitxo batek 365,00 euro balio du eta kolunbario batek 70,00 euro. Panteoietan lurperatutakoak ere, 10 urtera jaso egin behar dira, eta, gorpuzkinak panteoietan bertan gordetzen dira. Panteoiekin leku asko aurrezten da hilerrian.Eta panteoien eskaria nola dago?Panteoietan eskari handia dago herrian, jendea irrikan dago: 65 lagunek egin dute panteoia erosteko eskaria. Gure ustez bi neurrikoak egin beharko lirateke. Sendi txikiendako, txiki bat, eta anai-arreba asko diren sendiendako, berriz, handiago bat. Lurperatutako hilobi zaharrak dauden lekuan, hor arazorik gabe egin daitezke panteoi berriak. Hilerrian, aspalditxotik daude kristalak apurtuak, noren lana da horiek konpontzea?Udala berritzen den aldiro, sartzen direnak zerbait egin behar dutela esaten dute, baina urteak pasatzen dira eta hemen ez da konponketarik egiten. Guztiz ahaztuta dago hilerria, utzia dago eta behar handiak ditu: bidea koskaz beterik dago, sarrerako aterpeak itoginak ditu, ataria ere konpondu beharra dago, eta eraikinak zartadura handiak ditu, kristalak apurtuta daude... Guk hiru hilabetean behin memoria bat aurkezten dugu Udalean, eta gogorazten diegu aspalditxotik ari garela gabeziak jasaten eta ez dugula erantzunik jaso. Zein da hildakoekin duzun harremana?Oso ona. Hildakoak ez ditut inoiz ikusten, horrexegatik ez genuen hileta-enpresarik jarri. Hildakoak ikustea ez dut atsegin. Ez baditut ikusten hobeto ibiltzen naiz. Ezagunen bat hiltzen denean, tanatoriora joaten naizenean ez dut inoiz ikusten, nahigo dut bizi zeneko oroitzapena izatea. Heriotza tabu bat da gure gizartean, zuk nola ikusten duzu?Orain asko aldatu dira gauzak. Orain dela 50 urte, hilerri ondoan pisu bat oparituz gero inork ez zukeen hartuko. Orain, berriz, zenbat eta zenbat etxe egiten ari diren inguruan. Asko hobetu dugu. Lehenago oso jende gutxi etortzen zen, orain, aldiz, beti dago norbait. Astelehenetan, jai dugu, baina ez dugu ixten jendeari etortzea gustatzen zaiolako. Lehenagokoa zer zen, beldurra? Orain hobeki onartzen dugu heriotza?Bai, gauza normal bat bezala hartzen da orain. Lehenago, berriz, beldur asko zegoen; gauez inor hilerrian geldituz gero, izara zuriak ikusteraino irits zitekeen!Gaur lorategi bat bezala ikusten da. Aiton-amonak, bilobak, familia osoak etortzen dira. Rosa Coboren alabetako bat Parisera ezkondu zen goi mailako diplomatiko batekin. Badakizu Parisen hilerriak oso lorategi ederrak izaten direla, ba haurdun zegoela, bere aitaginarrebak esan omen zion hilerrira joateko paseatzera. Eta altsasuarrak pentsatu omen zuen: "Baina nora bidaltzen ote nau honek!". Azkenerako, zituen tabuak gainditu zituen eta gaur egun 100 herrialde baino gehiago korritu dituen pertsona izaki kontatu zidan herrialde batera iristen denean hilerrira joateko ohitura duela; hilerria ezagututa jakin dezakeelako herrialde hori nolakoa den. Aktore bezala aritu zarela esan digute. Zer moduz joan zaizu?Bai, Salegik lanbidea ezagutu nahi zuen eta Ziordin, Olatzagutian eta Altsasun grabatu genuen. Uda osoan ez dut ikusi, baina jarraitzekoak gara. Zinerako aritzea polita da, baina oso nekagarria. Santu Guztien egunean hilerria jendez eta lorez betetzen da.Bai, batzuendako diru-xahuketa handia egiten da egun horretan, baina azken finean guztiok gaude kate beraren barruan: lorategiak eta mintegiak zertaz bizi dira ba? Azkenerako jende guzia etortzen da loreekin eta hilerria oso polita egoten da egun horretan. Jendeak ondo garbitzen du guztia, baina hori bai, ondoren lore sorta asko bertan uzten dituzte eta guk jaso behar izaten ditugu. Ekartzeko bai, baina eramateko jende asko ez da etortzen.