Alonso Asensio

Guaixe 2007ko azaroaren 8a

Nor hasi zen komertzioarekin eta zer hasi zen saltzen?Gure aitona, Alonso, Huercal-Overakoa zen (Almeria herri handi batekoa). Hasieran, Andaluzia guztian barrena ibiltzen ziren gurdi batekin oihalak saltzen, aitona eta nire aita eta osaba-izebak. 20. hamarkadan, berriz, Penintsaularen iparraldera etorri ziren. Azkenean, Iruñean finkatu ziren eta denda bat zabaldu zuten. Almeriakoak izan arren dendari ‘El Murciano’ izena jarri zioten. Denda harrek arrakasta handia izan zuen; garai onenean sei langile izan zituen. Altsasun Juan el Telero goitizenaz ezaguna zen zuen aita. Aitaren argazki bat badut, 1923 urtekoa, Irurtzunen saltzen; Altsasura eta Olatzagutiara ere etortzen zen saltzera. Garai hartan Hotel Españan hartzen zuen ostatua. Altsasun zegoela ezagutu zuen gure ama (Angelita Vaquerizo) eta Altsasun finkatzea erabaki zuen. Gure osaba, berriz, Errioxa aldera joan zen eta Logroñon hiru denda zabaldu zituen, ekintzaile handia izan zen: Pañerias Asensio, Espainiako hirugarren jostundegia izatera iritsi zen. 40 langiletik gora ziren eta astean 125 traje egiten zituzten.Gure aita umilagoa zen, hasieran Olatzagutia eta Agurainera ateratzen zen saltzera; ondoren, Gipuzkoako zabalkunde industriala zela eta, trena hartu eta, astelehenero, Zumarraga eta Urretxura joaten zen saltzera, asteartero Besainera, eta ostegunero Legazpira. Herri bakoitzean etxe bat zuen, zeinetan bezeroek arropa erosi, enkarguak hartu eta ordaintzen zituzten. Hamabostean behin, igandetan, Logroñoko jostuna etortzen zen eta Zumarragako etxe batean trajeak probatzen egoten ginen. Dentistan bezala, orduak ematen genituen eta itxaron gela bat zegoen. Horrela, urte askoan egon ginen. Altsasun, non zabaldu zuen lehenengo denda?1927an Lavadero aurrean zabaldu zuen lehenengo denda. Handik urte batzuetara ni hasi nintzen lanean, soldaduska lehenbailehen egin nuen ahal zen azkarren dendan hasteko. Aitak oso bezero onak utzi zizkidan Gipuzkoan. Inoiz ez ninduten atean hartzen, beti sukalderaino sarrarazten ninduten. Kuriosoa da: Legazpin ‘Juan jaunaren semea’ deitzen zidaten eta Zumarragan ‘Juanito’. Zumarragan oso bezero onak ditugu, laugarren belaunaldia da. Garai hartan zure aitak bazekien marketing-ari buruz zerbait, ezta? Gure aitak eskuorri bat argitaratzen zuen, eta, etxez etxe banatu. Eskuorri hartan, saltzen zituen produktuei buruzko informazioa emateaz gain, bere burua aurkezten zuen: bezeroei eskutitz bat idazten zien eta bere argazkia jartzen zuen, horrela, etxez etxe joaten zenean guztiek ezagutzen zuten. Emakumeei zuzentzen zitzaien oso modu elegantean, gainera, jenero mota guztia eskaintzen zuen ‘lortzeko zaila bazen ere’. Oraindik Goierrira joaten jarraitzen duzue?Ohiturak aldatu direnez gerun eta gutxiago, baina oraindik baditugu bezeroak. Bilboko Kale Nagusian dagoen zaharren egoitzan gortinak jarriko ditugu, gure aitaren bezero baten alabak eskatuta. Orain dela lau urte jarri genituen eta orain berriz jarriko dizkiegu. Zein da negozio batek 80 urte irauteko sekretua?Zerbitzua, seriotasuna eta aurpegi ona. Bezeroari harrera ona egin behar zaio, arropa probatzeko eta ordaintzeko erraztasunak emanez. Ordainketa guztia batera egin ezin badu, bizpahiru alditan egitea errazten diogu. Sakanako jendea oso pozik dago gurekin. Gero eta gehiago etortzen dira. Zenbat belaunaldi pasatu zarete dendatik? Laugarrenean gaude: gure aitona, aita, ni eta, orain, gure alabak: Marta etxeko arropa-dendan eta Estibaliz hemen. Gure alaba Kikik ere negozioarekin jarraitzen du; berak beste esparru bat hartu du. 80 urtetan arroparen moda asko aldatu da, nolako bilakaera sumatu duzue?Modak bueltak baino ez ditu ematen, beroki luzeak ezagutu ditut nik, baita mini eta maxiak ere; prakekin ere gauza bera gertatu da azkenaldian: kanpanak eta pitilloak. Orain azkarrago aldatzen da moda. Adi egon beharra dago. Dendako modako arropak bi hilabete baino ez du irauten, izan ere, beherapenak berehala sartzen dira. Hainbeste urtetan garai ekonomiko desberdinak ezagutu duzue. Ekonomiari dagokionez nolako momentuan gaude?Nik gerun eta gutxiago ulertzen dut ekonomiaz. Pezeta debaluatu zenean bajera (moda denda) erosi nuen. Jendeak esaten zidan kontuz ibiltzeko, baina geldi egonez gero ez duzu ezer egiten, beti aurrera egin beharra dago. Batzutan, gerrikoa estutu beharra dago, baina bizitzak aurrera jarraitzen du. Lan egiten duenak aurrera egiten du. Merkataritza gune handiak eta merkataritza txikia, zuk nola ikusten duzu merkatari txikien egoera?Ni oso pozik nago kontuak ateratzen zaizkidalako. Egun batzuk arraroak dira. Egun batzutan ez duzu dirurik ikusten, gaur egun txartelarekin asko ordaintzen delako. Gure dendara Aguraindik Irurtzun bitarteko bezeroak etortzen dira. Oso pozik gaude, baina iruditzen zait Altsasuko herriak erakargarritasun gehiago behar lukeela. Batetik, herriak martxa gehiago behar du. Gu gazte ginenean gramola bat aritzen zen musika jartzen; asteburuetako arratsaldeetan plazan giro ona egoten zen. Bestetik, aparkatzeko leku erosoak egotea ezinbestekoa da.