Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Osasun ministerioaren menpeko den Instituto de Salud Carlos IIIko Epidemiologia Ambiental y Cancer sailak egin du aipatu ikerlana. Ikerketak agerian utzi du estatuko biztanle guztiek ez dutela minbizia izateko arrisku bera. Genetika eta bizi ohiturez aparte bizitokiak tumoreen sorreran zerikusia baduela ikusi ahal izan da. Hala, atlasak garbi uzten du estatuko toki batzuetan besteetan baino errazagoa dela minbizi mota jakin bat hartzea. Ikertzaileek atlasa osatzeko 1989 eta 1998 urteen artean estatuan minbiziz hildako guztiak izan dituzte kontuan. Aldi horretakoak dira itxitako daturik berrienak. Datu horiekin eta estatuko udalerri bakoitzaren populazioa kontuan hartuz, ikertzaileek herri bakoitzaren arrisku erlatiboa osatu dute. Zer da arrisku erlatiboa? Udalerri horretan pertsona bakoitzak minbizia garatzeko duen probabilitatea. Arrisku erlatiboaz hitz egitean, esan bezala, probabilitatez ari gara. Gerta liteke arrisku erlatibo txikiko gaitz baten kasu bakar batzuk portzentaia handia suposatzea, eta alderantziz. Atlasean 21 tumore aztertu dituzte eta haietako bat bera ere ez da arrisku erlatibo maila gorenera iristen Sakanan. Egileek diotenez, minbiziagatik dagoen hilkortasunaren atlasak "hainbat faktoreren (batzuk ezagunak, besteak ez) ondorio izan daitezken gaitzen patroi geografikoak identifikatzea posible egiten du". Eta ikertzaileek sujeritu dute "ikerketa horiek populazioaren ingurune-arrisku eta esposizio diferentzialak jasotzen duten informazioekin osatzea, lehen mailako prebentziorako beharrezko ezagutzari ekarpena egiteko". Aho barrunbeko eta faringe minbiziakBi sexuak kontuan hartzen dituen mapan gure ibarrean halako minbiziak izateko arrisku erlatiboa estatuko bataz bestekoa baino txikiagoa da. Ikerlanak agerian utzi du emakume sakandarrek gaitz mota horiek izateko gizonek baino askoz ere arrisku erlatibo handiagoa dutela. Ikertzaileen ustez horren arrazoietako bat izan daiteke emakumeek gero eta gehiago erretzen dutela. Gizonen artean, aldiz, kontsumoa bera egiten hasi dela. Hestegorri minbiziaBi sexuak hartzen dituen estatuko mapan 3 gune argitan ageri da gaitz mota hori garatzeko aukera, eta guneetako batek Nafarroa iparraldea hartzen du. Hala ere, ikerketaren arabera, eta estatuko bataz bestekoarekin alderatuta, Sakanako gizonek emakumeek baino arrisku erlatibo altuagoa dute gaitz mota hori garatzeko. Emakumeak estatuko bataz bestekoan dauden bitartean gizonek hura gainditzen dute eta Burundako herri batzuetan altuagoa da. Tabako eta alkohol kontsumoa izan daiteke arrazoietako bat, ikerlarien arabera. Urdaileko minbiziaGaitz hedatuenetako bat da hori eta patroi geografiko markatua du estatuan. Ibarrari dagokionez, ikerketaren arabera, 4 herri besterik ez daude estatuko arrisku erlatiboaren bataz bestekoaren azpitik eta gainontzekoak kopuru hori gainditu egiten dute. Gizon sakandarrendako arriskua handiagoa da, eta bi pixka bat gehiago nabarmentzen badira ere probabilitate kopuru altuenetik urrun daude. Emakumeei dagokienez, berriz, estatuko arrisku erlatiboaren mediaren azpitik daude, batzuetan oso nabarmen gainera. Salbuespen bakarrarekin. Ikertzaileek arrisku altu hori murrizteko faktoreak ikertzen jarraitu behar dela nabarmendu dute. Ondeste minbiziaHerrialde garatuetan ematen den gaitza da. Medikuntzaren aurrerapenei esker bere hilkortasuna txikitu egin da. Gaitz horren sorreran elikatzeko ohiturek zer ikusia izan dezaketela diote ikerlariek, baita genetikak ere. Sakanari dagokionez, bi sexuak kontuan hartuta, gaitz hori garatzeko arrisku probabilitatea oso eskasa da hainbat herritan. Gainontzekoak estatuko bataz bestekoaren azpitik daude. Mapa horietan salbuespena den ibarreko herri bat ere badago, baina probabilitatea ez da oso altua. Antzeko marrazkia lortzen da emakumezkoen maparekin. Gizonei dagokienez, estatuko arrisku erlatiboaren mediaren pixka bat gainetik daude herri batzuk eta pixka bat behetik besteak. Pankrea minbiziaGaitz hori estatuan garatzeko arrisku erlatiboa dagoen eskualdeetako batean dago Sakana. Ikerlanak utzitako mapa orokorrak erakusten du 4 herri estatuko bataz bestekoan daudela. Gainontzeko herriek arrisku erlatibo pixka bat altuagoa dute. Baina arrisku maila hori dago ibarreko gizon guztiendako. Emakumeei dagokienez, ibarreko gehienak estatuko bataz bestekoan daude. Gainontzekoak arrisku maila hori pixka bat gainditzen dute. Gaitzaren jatorriari dagokionez, ikerlariek arrisku faktore identifikatu bakarra tabakoa dela diote. Laringe minbiziaIkerketak dioenez gaitz horrek eragindako heriotza kopurua gero eta txikiagoa da. Anatomikoki gertu dauden beste tumore batzuen hedadura geografikoa duela gehitzen dute. Alkohol eta tabako kontsumoarekin lotzen dute medikuek gaitzaren sorrera. Mapa orokorrari begiratuta 5 herrik estatuko bataz besteko arrisku erlatibo maila bera dute. Gainontzekoetan maila hori zertxobait gainditzen dute. Biriken minbiziaSakanan gaitz hori hartzeko arrisku erlatiboa oso baxua edo baxua da herri gehienetan. Salbuespen bakarra dago eta herri horretan maila zertxobait gainditzen da. Sexuei erreparatuz gero, mapa orokorraren antzekoa da gizonena. Sakanako emakumeen mapan, berriz, gaitza hartzeko arrisku gutxiago dutela ageri da.Pleura minbiziaIkerlanean ageri denez, estatuko arrisku erlatiboko guneetako batek bete-betean hartzen ditu Gipuzkoa eta Nafarroa. Sakanari dagokionez gaitza garatzeko arrisku erlatiboa estatuaren bataz bestekoa baina pixka bat altuagoa da, herri batean pixka bat gora eginez. Estatuko probabilitate mediaren ia parean dagoen herri bat ere bada Sakanan. Ikerlariek, besteak beste, asbesto edo amiantoarekiko esposizioarekin lotu dute gaitz horren garapena. Ehun konjuntibo eta beste ehun bigunen minbiziakEzohiko gaitza da eta Sakanan hura garatzeko arrisku erlatiboa estatuko bataz bestekoaren pare dago, 3 herritan txikiagoa bada ere.Larruazaleko melanoma gaiztoaEzohiko gaitz hori gero eta sarriago agertzen ari da herrialde garatuetan. Gaitza garaiz antzeman ezkero gehienetan sendatu egiten da. Ikerlarien ustez bere garapenean ingurumen faktoreek dute zerikusia, baina familia aurrekariak ere kontuan hartzekoak direla diote. Bi sexuak hartzen dituen Sakanako mapari begiratuz gero argi ikusten da estatuko bataz besteko arrisku erlatiboaren zertxobait gainetik daudela zenbait herri eta gainontzekoak estatuko mediarekin bat egiten dute. Arrisku erlatibo maila hori dute emakume sakandarrek. Gizonen arriskua, berriz, txikiagoa da. Bular minbiziaZenbait tumore mota daude. Gaitza atzemateko programek, diagnosian eta terapian eman diren aurrerapenekin batera, biziraupena igo egin dute. Sakanari dagokionez, bi herrik estatuko arrisku erlatiboko bataz besteko maila bera dute. Gainontzekoetan hortik beherakoa da. Umetoki minbiziaEstatuan Europan baino gutxiagotan ematen den gaitza da eta hura atzeman ondorengo biziraupen maila igo egin da. Sakanan gaitz hori garatzeko arrisku erlatiboa estatuko bataz bestekoaren oso azpitik dago, ikerlanak erakusten duenez. Obulutegi minbiziaEzohiko tumorea da. Sakanari dagokionez, ikerketaren arabera, ibarreko herrietan estatuko bataz bestekoaren pare edo zerbait txikiagoa da arrisku erlatiboa. Prostata minbiziaAdinean gora egin ahala ohikoagoa bihurtzen den gaitza da, eta biziraupen maila handia du. Gaitza sortzen duten faktoreak ez daude zehaztuta. Sakandarren arrisku erlatiboari dagokionez, estatukoaren bataz bestekoaren pare dago. Maskuri minbiziaGaitz horren kasu gehiago ematen dira estatuan Europan baino, hala ere, biziraupen tasak altuak dira. Tabako kontsumoa arrisku faktoreetako bat da. Bi sexuen mapa begiratuz gero, ibarrean, herri bat ez beste, gainontzeko guztiak estatuaren bataz bestekoaren pare daude. Emakume sakandarren artean gaitza garatzeko arriskua baxua da. Gizonen artean, berriz, media baino pixka bat altuagoa. Giltzurrun minbiziaEstatuan gaitz horren kasu gutxi ematen dira, baina gero eta gehiago dira. Gaitza genetikoki garatu daiteke edo kanpo faktoreengatik. Horietako bat tabakoa da. Gaitz hori garatzeko arrisku erlatiboa duten estatuko eskualdeen artean dago Hego Euskal Herria. Bi sexuak hartzen dituen mapan ibarreko arrisku erlatiboa estatuko bataz bestekoa baino altuxeagoa da, herri batean piko bat eginez. Horren pareko arrisku erlatibo bera dute bi herritako gizonek eta ibarreko hainbat herrietako emakumek. Gainontzekoen probabilitatea aurrekoena baina pixka txikixeagoa da.Garun minbiziaIkertutako aldian estatuan gaitz horrek sortutako heriotza gehien Nafarroan izan ziren. Arrisku erlatibo altuko eremuak Gipuzkoa eta Zaragoza ere hartzen ditu. Gaitza sortzeko faktoreetako batzuk ioi erradiazioa, genetika eta bestelakoak dira. Sakanako arrisku erlatiboari dagokionez, bai sexu bakoitzari dagokionean, bai orokorrean estatuko bataz bestekoa baino pixka bat altuago dago. Tiroide minbiziaEzohiko tumorea bada ere, urtetik urtera gero eta gehiago azaldu da. Estatu barruan, tasa handiena Nafarroan ematen dela dio ikerketak. Biziraupen maila altua du. Sakanari dagokionez, estatuko arrisku erlatiboaren bataz bestekoaren pare edo pixka bat beherago gaude, herri gutxi batzuetako emakumeak salbu. Horiek pixka batean gainditzen dute estatuko probabilitate media. Hodkiniarrak ez diren linfomakTumore heterogeneo multzo bat dira, gero eta maizago ematen direnak. Hala ere, haien intzidentzia oso eskasa da. Arrisku faktoreak zein diren ez da ezagutzen. Ikerlanaren emaitzak adierazten du bi sexuen mapan zenbait herri estatuko bataz besteko arrisku erlatiboko mailatik goraxeago daudela. Emakumeen mapan gauza bera gertatzen da, nahiz eta haietako bat kanpo gelditzen den. Gizon sakandarrei dagokienez, 2 herrietakoak ez beste, gainontzekoak estatuko arrisku erlatiboaren mediatik pixka bat gorago daude. Mieloma anitzaHerrialde garatuetan ematen den gaitza da. Ikerketak Sakanaz utzi duen mapan agerian gelditzen da gaitz hori garatzeko arrisku erlatiboa estatuko bataz bestekoa baino pixka bat altuagoa dela. Horrela da bi sexuak kontuan hartzen direnean eta emakumeen kasuan. Gizon sakandarren arrisku erlatibo maila, berriz, estatukoaren pare da. LeuzemiakIzendapen horren barruan hainbat tumore biltzen dira. Arrisku faktoreen artean ioi erradiazioak, bentzenoa eta ezagutzen ez diren beste hainbat daude. Ikerlanak agerian utzi duenez, Sakanan gaitza garatzeko arrisku erlatiboa estatuaren mediaren parekoa da eta herri batzuetan txikiagoa.